Urratsez urrats sendotutako proiektu irmo baten arrakasta

Txapeldunen Liga jokatzeko Realak lortutako txartela ibilbide lasai baina geldiezin baten emaitza da. Ezustekoa, seguruenik, baina guztiek beso zabalik hartutakoa. Larraitz Lucas eta Sandra Ramajo kapitain txuri-urdin ohiek iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin dute NAIZekin.

Larraitz Lucasek zuzenean bizi izan zuen igandean Zubietako jaia, Euskal Telebistarako komentatu baitzuen Realaren eta Rayo Vallecanoren arteko norgehiagoka.
Larraitz Lucasek zuzenean bizi izan zuen igandean Zubietako jaia, Euskal Telebistarako komentatu baitzuen Realaren eta Rayo Vallecanoren arteko norgehiagoka. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Ligan eman zituen Realak lehen urratsak. Hamazazpi urte geroago, munduko txapelketarik ospetsuena jokatzeko txartela lortu du, Txapeldunen Liga, alegia. Bidean, lasaitasunez baina urrats sendoz ibilitako bidean, beste bi mugarri gainditu ditu talde txuri-urdinak. Eta mugarriok kapitainaren besokoa jantzita bizi izan zituzten Larraitz Lucasek eta Sandra Ramajok NAIZekin hitz egin dute beren talde ohiaren arrakastaz.

Igoera lortu eta Lehen Mailan debutatu zuen Realaren kapitaina zen Lucas. Aspaldi hartu zuen erretiroa baina gertu-gertutik jarraitzen du taldea, zale amorratua izateaz gain, Euskal Telebistan esatari lanetan ere aritzen baita. Zuzenean bizi izan zuen igandean Zubietako jaia, «ume bat bezala gozatuz» eta oraindik donostiarrek lortutakoa sinistu ezinik. «Inondik inora ez nuen espero. Ez Realak urte txarra egingo zuela uste nuelako, hiruzpalau talde oso on eta boteretsu daudelako baizik. Jokalariak zoragarriak dira eta Nataliak [Arroyo] bere ideiak zelaian jarri ditu, baina gainontzekoek ere jokalari onak, oso onak, eta baliabide handiak dituzte. Gero, hori bai, zelaian erakutsi behar duzu».  Gakoa, bere ustez, argia da: «norberan gainetik denek taldea jarri dute. Eta hori oso zaila da». Horrekin batera, «proiektu on bat saldu eta jokalariek benetan sinistu izana. Egia da gauzak hobera doazela esparru guztietan, baina uste dut jokalariek sinistu dutela benetan beraien maila non dagoen».

«Taldearen batasunean» kokatu du gakoa Sandra Ramajok, hau da, 2019an Kopa irabazi zuen Realeko kapitainak. «Talde ona osatzea, giro ona sortzea jokalarien artean eta talde teknikoarekin... Realetik pasa garen jokalari guztiok sentitu dugu oinarria beti aldagelan egon dela, hori gero zelaian islatzen delako. Eta lana eta kalitatea ere ezinbestekoak dira, noski, baina aldagelaren batasuna da garrantzitsuena». Horren emaitza da, egun Irungo Mariño klubeko behe mailetako hiru talderen entrenatzailea den Ramajoren esanetan, «eskuratutako lorpen historikoa. Ibilbide oso baten barruko urratsa da. Handia baina urratsa, hemen beti egin den bezala: sendo eta lasai. Eta ibilbide horren parte da jende askok, futbolariek, teknikariek, langileek... urtez urte egindako lana ere. Orain heldu da emaitza».

Sandra Ramajok urrutitik ospatu behar izan zuen Txapeldunen Ligarako txartela, Irungo Mariño klubeko hiru talde entrenatzen baititu eta, ondorioz, bete-beteak baitauzka asteburuak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

«Seguruenik pentsatzen genuena baino azkarrago heldu zaigu», onartu du irundarrak. Bereziki aurreko denboraldiaren amaiera artegagarria eta udan taldea dezente eraberritu zela kontuan hartuta. «Aldaketa handia izan zen. Eta mingarria. Erabaki zailak hartu ziren, baina jokalariek beren onerako hartu behar dituzte erabakiak eta ezin dugu ahaztu zein gauza onak eta garrantzitsuak egin dituzten Realean, ikusi besterik ez dago zer-nolako ongietorria egin zaien beste talde batzuekin etorri direnean. Arazoak arazo, klubak proiektu on bat egin zuen, jarraitu zuten jokalari zoragarriei fitxaketa onak gehituz. Gero, denak elkartuta talde on bat osatzea lortu dute Natalia Arroyok eta bere laguntzaileek. Ikustekoa da nola jokatzen duen Realak, une oro daki zer egin behar duen, partidak nola kudeatu behar dituen... Lasaitasuna helarazten dizu taldeak, badakizulako ondo jokatu behar duela eta, batez ere, ondo lehiatu behar dituela partida guztiak. Denboraldi hasieratik ikusi zen eta amaiera arte mantendu ahal izan du». Eta horrek ere «meritu handia dauka, horrelako erregulartasuna lortzeko talde batek oso ona, oso ondo landua eta oso heldua izan behar baitu».

Non daude orain, egotekotan, arriskuak eta mugak? «Batetik aurten lortutakoari baliorik ez ematea, bestetik jarraipena ez ematea, eta, azkenik, lortu duzuna normala dela sinistea –azaldu du Lucasek–. Oinak lurrean mantendu behar dira. Datorren urterako helburua lortutakoa errepikatzen saiatzea izan daiteke, baina Txapeldunen Ligan sartzea ezin da betebeharra izan, horretan aurkariek ere badutelako zer edo zer esateko. Erakutsi duten maila horri eustea, futbola zer den eta talde bat zer den erakustea da erronka». Bidean urratsak egiten jarraitzeko gakoa «egindakoa sendotzea» da. «Jokalariek, klubak, gizarteak... arlo guztietan hobetzen jarraitzea, baina pausuz pausu, Realak orain arte beti egin duen bezala».

Etorkizun hurbilari begira zaleek, bi kapitain ohiak barne, badute egiteko bat buruan: oporretako egutegia antolatzea Txapeldunen Ligako debutarekin disfrutatu ahal izateko. «Bai! Izan ere, gure partidekin aurten ez ditut eduki nahiko nituzkeen aukera guztiak Reala ikusteko, baina izugarri gustatuko litzaidake!», onartu du Ramajok. Edozein kasutan, zuzenean edo urrutitik, argi dauka disfrutatzeaz gain, hunkitu egingo dela. «Realaren izena Europan ikustea ikaragarria izango da. Ederra eta oso garrantzitsua Realarentzat berarentzat eta Gipuzkoako futbol osoarentzat. Klubentzat, gaztetxoentzat... benetan pozgarria izango da denontzat».