Nerea Goti

«Kantu bat gara» hunkigarri bat, letra horiek bizi dituen NAIZen komunitateari eskainia

«Kantu bat gara» ikuskizunaren emanaldi berezia eskaini du Joan Maiak Bilbon, NAIZen komunitateari eskainita. Hunkitzea espero zen eta horrela izan da, barre, txalo eta emozioz beteriko uneen artean joan da saioa, herri egiten joan diren letra horien eskutik.

Emanaldi bakoitzean sortzen diren une berezi horiei erreparatuta, aipatu izan du Jon Maiak saio bakoitzak kolore desberdina duela. Gaurkoak, hasieratik bukaeraraino, horietako asko izan ditu, kimika berezi bat arnastu da oholtza gainekoen eta kultur sorkuntzari adi begiratzen dion eta gertutik bizi duen NAIZeko komunitatearen artean.

Horren erakusle izan dira behin baino gehiagotan sortu diren txalo zaparradak, barreak edota Maiaren ahotsari gehitutako ehunka ahots horiek letra ezagunen koroak egiten. Une hunkigarriak izan dira plano intimoan, kanta batek gogora ekar ditzakeen uneak berpizturik; eta kolektiboan, kantu horien atzeko istorio eta historiaren zertzeladak, herri baten soinu bandaren zati bat diren heinean.

Gogoratu du bertsolari eta letra egile zumaiarrak hainbat kolaborazio izan dituela GARArekin baita EGINekin ere, eta hura itxi zutenean, bidegabekeriaren aurreko amorruaren erdian idatzi bat egin zuela, haren 200 kopia egin eta aparkatuta zeuden autoetan jarri zituela.

Hitzorduak, gainera, komunitate horrentzat esanahi handia duten ikusle gonbidatu bereziak izan ditu: Manu Cabacas eta Fina Liceranzu, Iñigo Cabacasen gurasoak izan dira Campos Eliseos antzokian. Sorpresen artean, Esteban Urkiaga «Lauaxeta» preso hartu zutenean zeraman gabardina eta abuela eta abueloen omenezko olibondoaren adarra. 

Azken hilabeteotan hainbat herritan eskainitako emanaldietan izan ohi duen moduan, oholtza gainean ere gonbidatu bereziak izan ditu zumaiarrak. Ondoan izan ditu Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Nacho Soto (teklak) eta Nerea Quincocesez (perkusioa eta ahotsak), eta Toti Martinez de Lezea idazlea, Amets haurraren gutun samurra eta Bouba Diouf Bilboko manteroen ordezkaria, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen “Miñan” liburuaren pasarte bat irakurriz

«Euskarari eta herriari eman diona jakinda…»

NAIZen harpidedunei dedikatutako emanaldiak badu gainera bere koska. Maiak berak azaldu zuenez, LABIk ezarritako murrizketen ondorioz Donostian izan behar zuen estreinaldia bertan behera utzi behar izan ondoren, Bilbokoa bihurtu zen lehenengo emanaldia. «NAIZek, laguntzaile bezala, hainbat sarrera zituen hartuak harpidedunentzat. Han ere edukiera murrizketak zeudenez, emergentziazko egoera hartan NAIZ oso ondo portatu zen eta sarrera paketea kenduko zutela esan zidaten. Modu horretan %60ko edukieran sartu ginen». NAIZen keinua eskertzeko, harpidedunei eskainitako saio berezi bat egitea erabaki zuten.

Erantzuna eskertzaren tamainakoa izan da. Gonbidapen eta sarrera guztiak egun bakar batean agortu baitziren. Antzokian sartu aurretik asko izan dira, “Kantu bat gara” galdu ezin den ikuskizun horietako bat dela aipatu dutenak. Saioa hasi aurretik ilaran zain zeuden horietako batzuekin hitz egin du NAIZek, eta saioaren aurreko hausnarketak aurkitu ditugu.

Esti eta Joseba ondarrutarrentzat “Kantu bat gara” batez ere emozioa da, «gure historia hurbilaren zati bat». Ia hitz berdinekin deskribatu dute Irungo bi lagunek espero zutena; eta ondoan, lagun talde handi batek «espiritu eta mezu berezi bat» espero zituztela adierazi dute. «Jon Maiarena ibilbidea ezagututa, eta herriari eta euskarari eman diona jakinda…», erantsi du bukatu gabe taldeko lagun batek.