NAIZ
Mexiko Hiria

1964tik desagertutakoen kopuru ofizialak 100.000 pertsonen langa gainditu du Mexikon

100.000 pertsona baino gehiago desagertu dira Mexikon 1964tik, Gobernuak emandako datu ofizialek diotenez. Honen aurrean, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak «tristura handia» agertu du eta «aurrerapausoak» eskatu dizkio herrialdeari.

Desagertutako pertsonen argazkiak biltzen dituen hesia, Mexiko Hirian.
Desagertutako pertsonen argazkiak biltzen dituen hesia, Mexiko Hirian. (Pedro PARDO | AFP)

1964tik Mexikon 100.000 pertsona baino gehiago desagertu direla iragarri du bertako Gobernuak. Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, zigorgabetasunaren aurkako neurrietan «aurrerapausoak» eskatu dizkio Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuari eta desagertutakoen familiekiko «tristura» adierazi du.

Guterresek, gainera, «elkartasun sakona» helarazi die biktimen familiei, «maite dituztenekin bildu nahi dutelako, modu nekaezinean bilatzen dituztelako eta egia, justizia eta horrelakorik berriro gertatuko ez dela bermatzeko borrokan jarraitzen dutelako», bere bozeramailea den Stéphane Dujarricek esan duenez.

Mexikoko agintariek astelehenean jakinarazi zutenez, 1964tik hona 100.012 pertsona desagertu dira eta ez dituzte aurkitu. Datu hauek Gobernazio Idazkaritzaren menpeko Bilaketa Batzorde Nazionalak (Segob) erregistro ofizialaren araberakoak dira.

Zehazki 1964ko martxoaren 15etik aurtengo maiatzaren 16ra arte bildutako datuak dira. Tarte honetan 2006 urtea izan zen pertsona gehien desagertu ziren urtea. Izan ere, urte horretan Felipe Calderon presidente ohiak «antolatutako krimenaren aurkako gerra» deklaratu zuen. ‘El Universal’ egunkariak iragarri duenez, une horretan delinkuentziari aurre egiteko Indar Armatuak zabaldu zituen Calderonek.

Segob-ek egindako balantzea gorabehera, uste da desagertuen benetako kopurua handiagoa dela familia askok ez baitituzte senideen desagerpenak salatzen, Mexikoko agintarien arabera. Horrela, apirilean NBEren Nahitaezko Desagertzeen Aurkako Batzordeak Mexikoko Gobernuari neurriak «berehala» har ditzan eskatu dio, zigorgabetasunarekin amaitzeko.

«Izugarrizko zigorgabetasuna»

Asteartean, Michelle Bachelet NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak agintariei eskatu zien ahaleginak areagotzeko desagertuen kopuruak gora egin ez dezan, eta, besteak beste, horrelako kasuen aurrean oraindik ere dagoen zigorgabetasun «izugarria» deitoratu zuen.

Desagertze-kasu horietatik soilik 35 amaitu dira epai kondenatzaile batekin. Nazio Batuen Erakundeak ikerketa eraginkorrik ez egoteari egotzi dio hau. Bacheleten arabera, zigorgabetasun horrek «familiak bakarrik uzten ditu», eta gertatutakoa argitzen saiatzeko ahaleginak ere egin behar dituzte.

Honen harira, Stéphane Dujarricek honakoa azpimarratu zuen: «Nazio Batuen Erakundeak Mexikori giza eskubideen urraketa larri horiek prebenitzeko eta horiei aurre egiteko ahaleginetan laguntzeko konpromisoa berritu du, biktimei eta haien familiei aparteko sufrimendua eragiten baitiete eta gizarte osoari kalte egiten baitiote».