Arnaitz Gorriti

Kantxa faktorea kontra izatea, Saski Baskoniarentzat mesedegarri ACB Ligako play-offetan?

«Etxetik kanpo hobeto ari gara etxean baino», adierazi du Vanja Marinkovicek ostiral honetan. «Etxean presio handiagoa nozitzen dugu», bota zuen duela hilabete Spahijak. Egiari zor, gasteiztarrek ez dute etxetik kanpo martxoaren 13tik honantz partidarik galdu eta aurkari indartsuenei irabazi diete.

Baskoniak Gasteizen ezin izan zuen Xabi Lopez-Arostegiren joa berdindu.
Baskoniak Gasteizen ezin izan zuen Xabi Lopez-Arostegiren joa berdindu. (Raul BOGAJO / FOKU)

Datorren astearte gauean hasiko dira ACB Ligako play-offak, Valentzia basketek Bitci Baskoniaren aurkako demarekin hasi ere. Betiko leloa izan ohi da kanporaketak hasi aurretik nolabaiteko gudu psikologikoa martxan jartzen dela. Esaterako, hainbat hedabidetan ziurtzat jotzen dute Joan Peñarroya Valentzia Basketeko entrenatzaileak ez duela kontratua berrituko talde taronjarekin, eta zurrumurru festa horretan badago entrenatzaile katalana Neven Spahijaren ordez Gasteizen ikusten duenik ere.

Baina beste gauza bat da kantxa faktorea kontra izatea mesedeko izango dela irudikatzea. «Valentziari irabazteko prest gaude. Ez dio ardura kantxa faktorea kontra dugula jakitea, azken batean, etxetik kanpora hobeto ari gara etxean baino». Vanja Marinkovicek bota du aipatu esaldia ostiral honetan Saski Baskoniak antolatu duen prentsaurrekoan.

Hegaleko serbiarra bestela ere kanporaketa honi begira protagonista izango da, nahitaez, ez baitzituen alperrik azkeneko bi denboraldiak Valentzia Basketen jokatu. Alabaina, harrigarria da Marinkovicek kantxa faktoreari begira egin duen iruzkina. «Aurreneko partida irabazten badugu, kanporaketa gure alde 0-2 erraz asko erori liteke», gaineratu du.

Askotxo ez ote duen esan pentsa lezake hainbatek, batez ere «kanpoan hobeto» jokatzen duela dioenak «etxean okerrago» ari dela ere esaten duelako, zeharka bada ere.

Kasu honetan, ordea, Marinkovicen berbak ez dira nobedade etxean jokatzeak sortzen omen duen «presio gehigarriari» buruz. Joan den apirilaren 17an, Valentzia Basketek Buesa Arenan 71-78 irabazi zuen eta beste zenbait gauza azpimarratzeaz gain, Neven Spahijak bere taldeak etxean «gehiago sufritzen» zuela bota baitzuen.

«Gure taldeak edozeini irabazi diezaioke bere jokoa egiten baldin badu», adierazi zuen Sibenikeko teknikariak. Kroaziarraren ustez, ordea, «taldeak gorabehera handiegiak ditu partidan zehar. Hala, pausu bat aurrera, beste bat atzera, berriz ere aurrera... eginez gabiltza uneoro, etxean batez ere. Kosta egiten zaigu jokoa behar bezala irakurtzea eta hala, gabezia boladak izaten ditugu. Taldeak borrokan jarraituko du, baina bistakoa da etxean presio handiagoa nabaritzen duela».

Zenbakiek diotena

ACB Ligari bakarrik so eginez, 34 jardunalditik 20 irabazi ditu Bitci Baskoniak 2021/22 denboraldiko Fase Erregularrean. Garaipen horietatik 11 etxean lortu ditu eta 9, etxetik kanpo. Bada, nahiz eta Buesa Arenan zenbaki absolutoak hobeak dituen talde gasteiztarrak, ezin da ukatu etxetik kanpo gauza handiak egiteko gai dela. Are gehiago, etxetik kanpo Bartzelona, Real Madril, Valentzia eta Tenerife –alegia, Fase Erregularra arabarren aurretik amaitu duten bost taldeetatik lau– gainditu dituztela aintzat hartuz gero. Eta gasteiztarrei irabazteko gai izan den bakarra, Joventut, artean Dusko Ivanovicen aginduetara zegoen Baskoniari nagusitu zitzaion denboraldiaren aurreneko jardunaldietan.

Bestalde, Zurbaon aipatu bost taldeek –Bartzelona, Real Madril, Valentzia, Joventut eta Tenerifek– irabazi dute, baita sailkapen nagusian zortzigarren amaitu duen Kanaria Handiak ere. Alegia, Baskonia etxean akaso kanpoan baino makalago aritu da, baina irabazleak ere ez dira nolanahikoak izan, guzti-guztiak play-offetan parte hartzen ari baitira.

Bestalde, harrigarria eta argigarria ere bada Saski Baskoniak martxotik hona ez duela etxetik kanpo partidarik galdu. Obradoiroren etxean martxoaren 13an galdu du azkenekoz talde gasteiztarrak Zurbaotik urrun. Ordutik hona, hiru porrot jana ditu Neven Spahijaren taldeak, eta hirurak etxean izan dira: Kanaria Handia, Valentzia Basket eta Joventut, hurrenez hurren.

Obradoiroren kantxan 81-76 galdu eta gero, lau partida jokatu ditu etxetik kanpo Baskoniak: 62-90 Bilbao Basketen aurkako derbian; 62-78 maila galdu duen Burgosen etxean; 72-73 Ibon Navarroren Unicajaren aurka –Dario Brizuela donostiarrak Malagakoen garaipena eskuan izan zuen, Baskonia aurreneko laurdenean 12-25 aurreratu ostean, Fontecchioren erakustaldiari esker– eta 78-91 Txus Vidorretaren Teneriferen aurka, azken hauek Bilboko FIBA BCLko txapeldun atera eta hiru egunetara.

Egoera xelebreak

Valentzia Basket eta Saski Baskoniaren arteko partidei dagokienez, aurten elkarri kanpoan irabazteko gai izan dira biak ala biak, baina egoera ez da beti parekoa izan. Denboraldiko aurreneko jardunaldian Dusko Ivanovicen Baskoniak 67-72 irabazi zuen Fontetan. Baina Valentzia Basket hura aurreneko urratsak ematen ari zen eta zenbait jokalari garrantzitsu falta zituen: Xabi Lopez-Arostegi, Jasiel Rivero eta Klemen Prepelic –azken hau ez da kanporaketetan ere izango, besoa hautsi baitzuen Murtzian– falta zituen, eta Dimitrijevic zein Claver denboraldiko aurreneko dema jokatzen ari ziren talde berriarekin –Claver Valentziatik at zebilen 2012az geroztik–.

Jakina, Saski Baskonia hura ere aldaketaz josia zegoen: Baldwin, Marinkovic, Granger, Fontecchio, Costello Enoch eta Nnokok denboraldiko aurreneko partida ofiziala zuten elkarrekin. Hargatik, Ivanovicekin nola moldatu ongi ikasita zeukan Giedraitis nabarmendu zen gehien, 23 punturekin, Granger eta Costellok 10na eginda.

Talde biak ala biak oraindik oso berde zeudela erakutsi zuten irailaren 18 hartan, 20 baloitik gora galdu baitzituzten.

Apirilaren 17an odolkiak ordainetan eman zizkion talde valentziarrak: 71-78 Zurbaon, Xabi Lopez-Arostegi getxoztarraren 20 punturekin eta Rivero, Hermansson eta Dubljevic ere 10 puntutik gora saskiratzeko kapaz izanda. Joan Peñarroyarenek lau laurdenetatik hiru irabazi zituzten eta merezita irabazi, baina hirugarren laurdenean 24-11ko partziala lortu zuen Baskoniak eta neurketari –atsedenaldira 34-45 iritsi ostean– buelta eman ahal izan zion, azkenean galdu arren.

Egun hartan Costello falta zuen Baskoniak eta artean Wetzell ere fitxatu gabe zeukan. Hala ere, Baskoniak errebote gehiago eskuratu zituen –39, Valentziak 34 hartu zituen bitartean– eta Baldwin, Fontecchio, Enoch, Peters –aurreneko itzuliko partidan ez zen izan, min hartuta zegoelako– eta Giedraitisek 10 puntutik gora sartu eta aukera garbia izan zuen irabazteko. Aldiz, Baskoniaren ordezkoek orotara 8 puntu baino ez zituzten sartu, eta Valentziak, berriz, 36.

«Dubljevic uztaipean geratzen badugu eta blokeo zuzena ganoraz defendatzeko gai bagara, nik uste 0-2 irabazi dezakegula», adierazi du Vanja Marinkovicek.

Azken honek ez zuen Joventuten aurkako azken partidan parte hartu, Teneriferen aurka Baskonian dagoenetik partidarik onena jokatu ostean. «Korrika egin, baloia elkarbanatu eta jaurtitzeko askatasun gehixeago eman digu», esan du entrenatzaile kroaziarrari buruz. «Gauzak ondo egiteko denbora behar izan dugu, baina erritmo onean iristen gara play-offetara», gaineratu du; kantxa faktorea alde ez daukatelako beldurrik gabe azaldu da bederen.