Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Lehen lerroko jokalari Mariane Fernandes eta Malena Cavok Bera Beran jarraituko dute

Taldean jarraituko ez duten jokalari guztiak iragarrita, berrikuntzen tartea ireki da Bera Beran. Mariane Fernandes eta Malena Cavoren txanda izan da lehendabizikoa eta biak «pozik» agertu dira Donostian jarraitzeagatik. Liga irabazten jarraitzeaz gain, beste helburu handiagoak ere badituzte.

Mariane Fernandes Morvedreren aurkako partidan.
Mariane Fernandes Morvedreren aurkako partidan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Bi berrikuntza garrantzitsu dira, jokalari garrantzitsuak dira talde honetan, rol oso garrantzitsua daukate», adierazi du Bera Berako eskubaloi alorreko arduradun Tati Garmendiak. Lehen lerroko jokalari Mariane Fernandes eta Malena Cavok Donostian jokatuko dute datorren denboraldian ere eta Garmendiarentzat «albiste pozgarria» da hemen jarraitzea. «Badakigu urtero arriskua dagoela jokalariak Estatu frantsesera, Hungariara edota beste liga indartsu batzuetara joateko», ohartarazi du.

Zentzu horretan, Mariane Fernandesek onartu du hasiera batean «zalantza» apur bat izan zuela baina «egun, ez dago hau baino talde hoberik». «Etxean bezala» sentitzen dela onartu du brasildarrak, bai pista barnean dagoen giroagatik eta baita pistatik kanpo pasatzen duten denboragatik ere.

«Dena ematen dit», adierazi du. Duela hiru denboraldi iritsi zen Donostiara (2019-2020an) eta ordutik, taldean daukan protagonismoa handitzen joan da. Horren erakusle izan da aurten lehen aldiz Brasileko selekzioarekin jokatzeko deia jaso duela eta selekzioan ere, lekutxoa egin duela.

Malena Cavoren bilakaera Bera Beran eman dituen bi urtean sekulakoa izan da. Maria O'Mullonyren lesio bat tarteko iritsi zen talde donostiarrera, bigarren plano batean, baina pistan erakutsi du jokalari garrantzitsu izan daitekeela. «Oso pozik nago. Niretzat Bera Berak esanahi handia dauka Argentinatik atera eta liga indartsu batean jokatzeko lehen aukera berak eman zidalako», onartu du.

«Hemen bizitzen diren esperientziak bakarrak dira, kirol arloan zein pertsonalean. Ilusio asko egiten dit beste urtebete hemen jarraitzeak», adierazi du. Era berean, balorean jarri du Bera Beran jokatzeak are liga indartsuetara joateko ateak irekitzen dituela, «eta klub guztiek ez dituzte aukera hauek ematen».

Bere hazkuntzari dagokionez, azaldu du «normala» dela hobetu izana, «egunero onenekin entrenatzearen» emaitza baita. «Kluba inguratzen duen guztia oso maila altukoa da eta honek hobetzera eramaten zaitu eta hori oso onuragarria da jokalari batentzat, hazteko aukera ematen dizulako exijentzia osasuntsu batetik abiatuta», nabarmendu du.

Datorren denboraldira begira, biak ala biak prest agertu dira guztiagatik borrokatzeko eta liga irabazten jarraitzeaz gain, «gauza gehiago» irabazteko helburua agertu du. «Bai, mesedez», esan du Fernandesek. «Taldeak lan asko egingo du eta ea hala izaten den, ez soilik guregatik baita klubean lanean dauden pertsona guztiengatik eta baita zaleengatik ere», adierazi du Cavok.

Datozen egunetan berrikuntza gehiago eta fitxaketaren bat ere ofizial egingo du klubak. Baja guztiak iragarrita daude (Eli Cesareo, Ainhoa Etxeberria, Mirene Moreno eta Maria Prieto O'Mullony) eta beste hiru fitxaketa egongo dira. Zenbait hedabidek adierazi zuten Atletico Guardesen dabilen Paula Arcos izango dela fitxaketetako bat eta astelehen honetan Diario Vascok aurreratu du Anne Erauskin ermuarra ere Bera Berak fitxatuko duela. «Badakigu zenbait zurrumurru egon direla baina orain klubak baieztatzea falta da», zehaztu du Tati Garmendiak.