NAIZ

Tokiko moneta sortu zenetik 12 urte igaro direnean, 3 milioitik gora eusko zirkulazioan

«Euskotan gastatutako euro bat Euskal Herrian egonen den euro bat da, lurraldeko ekonomia eta tokiko enplegua indartuko dituena», gogorarazi du Euskal Moneta elkarteak. Hamabi urte igaro dira tokiko moneta abian jarri zenetik. Egun hiru milioitik gora eusko dira zirkulazioan hiru lurraldeetan.

4.000 herritarrek baliatzen dute tokiko moneta gehienbat zirkuitu laburrean erosketak egiteko.
4.000 herritarrek baliatzen dute tokiko moneta gehienbat zirkuitu laburrean erosketak egiteko. (Gaizka IROZ)

Euskal Moneta elkarteak bideoa sareratu du azkeneko hamabi urteetan euskok egin duen ibilbidea agerian jartzeko asmoz. Garapen azkarra izan du euskal monetak. Egun hiru milioitik gora Eusko zirbulazioan baitira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin.

Hamabi urte igaro dira euskoa abiatu zenetik. Geroztik aldaketa nabarmenak gertatu dira ordainketak egiteko moldeetan eta Euskal Monetak gizartearekin bat egiteko soilik ez tokiko monetaren baloreak sustatzeko lan eskerga egin du. Emaitza, ordea, hor da. Gaur egun Europa mailako tokiko moneta erabiliena da euskoa.

Zifrak zorabioa sortzeko modukoak dira. Lau mila erabiltzaile partikular, 1.300 profesional, 33 Herriko Etxe eta Euskal Hirigune Elkargoak ere baliatzen dute tokiko moneta.

Eusko sarea abiatu zenean billetea izan zen ordainketa tresna. Izan ere gar egun sistema digitalak ahal dira erabili ordainketak egiteko. Euskokart tarjeta bada eta sakelekoaren bidez ahal dira ordainketak egin Euskopay app erabilita.

Edonolora ere, maiatzaren 25ean sareraturiko bideoak erakusten duenez, iraganera baino etorkizunera begira dago Euskal Moneta elkartea.

Are, ohar baten bidez azaldu duenez, bere helburua da euskoa «esku guzietatik ibiltzea», horrela ahalbideratuko lukeelako «biharko gizartearen eraikuntza» era kolektiboan sustatzea.

Tokiko monetek era anitzetan laguntzen dutela «lurralde dinamiko, solidario eta erresilienteagoak eraikitzen» nabarmendu du elkarteak.

Bertako produktuak erosteko ohitura emandatzen ari den honetan –Ipar Euskal Herrian azkar garatu dira azken urteotan kontsumo kooperatibak eta oro har gertuko mozkinen salerosketa ahalbidetzen dituzten sareak– mozkin horiek tokiko monetan ordaintzeak ere baduela garrantzia azaldu du elkarteak.

«Euskotan gastatutako euro bat Euskal Herrian egonen den euro bat da, lurraldeko ekonomia eta beraz, tokiko enplegua indartuko dituena» gogorarazi du.

Gaineratu duenez, Eusko sareko profesionalen %56k gutienez tokiko hornitzaile berri bat hartu du. Horietatik %84k ez du euskotik eurorako aldaketarik egin gerora.

Ekologia, elkartasuna, euskara

Euskoko kartak jasotzen duen bezala tokiko monetaren helburu nagusia zirkuitu laburren garapenaren eta ingurumenaren errespetuan oinarritzen diren lan sektoreak sustatzea da, «trantsizio ekologikorako mugarria» bilakatuz.

Bestalde, egun zirkulazioan diren 3 milioi goiti eusko horiek «berme funtsetan» daude, banku etiko eta solidarioei emanak.

Halaber, elkartasuna ere funtsezko ezaugarria da, lurraldeko elkarteei laguntzeko sistema bat ezarria baita. Gaur arte, 180.000 eusko baino gehiago banatuak izan dira Ipar Euskal Herriko 70 elkarteren artean.

Azkenik, Euskal Monetak oroitarazi du tokiko monetak euskara sustatzeko funtzioa ere betetzen duela. Hartara, profesionalei proposatutako erronkei esker, 300 saltegiri baino gehiagori lagundu zaie afixatze elebiduna ezartzen.