Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Gladysen borroka eta oroimena «egungo egoeratan bidelagun» izateko liburua aurkeztu dute

Gladys del Estal 1979ko ekainaren 3an hil zuen tiro batez Guardia Zibilak Tuteran energia nuklearraren kontrako ekitaldi batean parte hartzen ari zela. Bere oroimena eta borroka gogoratzeko eta «bidelagun izateko» saiakera antropologikoa aurkeztu dute gaur Donostian.

Gladys del Estalen borroka eta memoria jasotzen duen liburua aurkeztu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera-Ikergunea Antropologia taldeak.
Gladys del Estalen borroka eta memoria jasotzen duen liburua aurkeztu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera-Ikergunea Antropologia taldeak. (Idoia Zabaleta | Foku)

Nor izan zen Gladys del Estal? Nola bizi izan zen atzo eta gaur borroka antimilitarista eta ekologista? Nola jaso zuten garaiko hedabideek bere heriotza eta nola landu dute lau hamarkada hauetan? Nola aldatu da diskurtsoa? Zer nolako erantzuna eman zuen herriak eta zein oihu, lelo erabiltzen ziren orduan eta orain? Galdera horiek eta beste gehiago erantzuten saiatu da Lera-Ikergunea Antropologia Taldea gaur Donostiako Informatika Fakultatean, Del Estalek ikasi zuen leku berean, aurkeztu duen liburuarekin.

«Esku artean duzuen liburu hau ez da nobela bat, ez da amaiera polita duen liburu horietako bat, ezta mesanotxean dugun horietako bat. Indarrarekin hartu behar den zerbait da. Gure ikuspegia da. Ez da egia osoa, gure egia baizik. Gladysen borrokan sakontzen duen liburua da. Gaurkotasuna duen borroka da; ez dadila kaxoi batean gordeta uzteko istorioa. Gaur egunerako zerbait baliagarria izatea nahi dugu», azaldu du Txuri Ollo ikerlariak.

Antimilitarismoa eta antinuklearismoa dira Del Estalen borrokaren ikurrak, «orain Ukrainako gerrak mahai gainean jarri dituenak. Bere memoria gaur egungo errealitatearekin kritiko izateko baliatu behar dugu. Berak borrokatzen zituen gaiak egunero ditugu hedabideetan. Ukrainako gerrak mendebaldeko herri guztiek aurrekontu militarrak indartzea ekarri du; gure edo batzuen kontraesanak agerian gelditu dira; Estatu batek beste bat eraso egin dio eta besteak nola defendatu behar duen eztabaida zabaldu du gerrak. Aspaldiko eztabaida hori gurera ekartzen du. Gerrarengatik eta egoera ekonomiko globalarengatik, aldaketa klimatikoagatik energia nuklearraren aferak gaurkotasuna bereganatu du. Orain ez da eztabaidatzen arriskutsua den ala ez, orain txarra dena karbonoa da», adierazi du Karlos Irujok, ikerkertaren zuzendarikideak.

Memoria desberdinen behaketa

Liburua lau ataletan banatuta dago: ahanztura politikoaren etnografia, oroitzapenak eta ahanztura instituzionalak, memoria periodistikoaren etnografia orokorra eta eranskinak.

«Nafar Gobernuari 2019an aurkeztu genion ikerlana, eta horretan oinarrituz atera dugu liburua. Donostian eta Tuteran elkarrizketa kolektiboak egin genituen, Tuteran egon zirenak, Gladysekin lotura zutenak… Gladysen gurasoak hilda daude eta gelditzen den senide bakarra anaia da, baina ez du hitz egin nahi izan ikerlan honetarako. Gurasoen iritzia, sentimenduak… sozializatu zituzten oroimenak komunikabideei egindako lekukotasunen bitartez jaso eta behatu ditugu. Aldizkariak, dokumentalak, pegatinak, kartelak, banderak, abestiak, idatziak, bertsoak etab behatu ditugu», plazaratu du Ollok.

«Saiakera honek bide eman ditu gu geu nola aldatu garen hausnartzeko, zer nolako irizpideak izan ditugun Gladys gogoratzeko urte hauetan egindako ekitaldietan, zer oihu egiten genituen aspaldi hartan eta zer oihu edo ez oihu egiten ditugun orain elkartzen garenean, zer kanta egiten genituen orduan eta orain.

Gladys del Estal hil zuen guardia zibilari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten eta ondoren bitan domina jarri zioten. «Bi bertsio egon ziren, bata ofiziala eta bestea herrikoia. Ofizialak esaten zuen istilu batzuk egon zirela Guardia Zibilaren eta Gladysen artean eta tiroak ihes egin ziola. Hori mantendu da denboran zehar, nahiz eta beste memoria eta bertsio bat egon. Epaiketa bat egon zen bai, baina ez zen erakundea epaitu, pertsona bat epaitzea ez du ezer aldatzen», nabarmendu du Ollok.