Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Interview
Ane Portillo Blanco
Biokimikaria eta Caf-Elhuyar Sariduna

«Zer zentzu dauka kezka gabeko sexu harremanak izateko pilulek sexu grina ezabatzea?»

«Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa-garaia» dibulgazio artikuluarekin irabazi du Caf-Elhuyar saria. Epaiketara eramaten ditu hormona bidezko antisorgailuak, emakumeen sexu desioa hiltzearen susmagarri gisa.

Ane Portillo Blanco.
Ane Portillo Blanco. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Caf-Elhuyar sarietan, dibulgazio artikulu orokorraren sailean, bere lana goratu dute epaileek, “Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa-garaia” izeneko artikuluagatik. Ikertzaileak normalean itzaletan egoten den gaia jarri du mahai gainean: emakumeen sexu desioa. Eta galdera baten bueltan osatu du artikulua: antisorgailu hormonalek emakumeen libidoa apaldu egiten ote dute? Apenas kezka zientifikorik eta, ondorioz, ikerketarik pizten ez duen galdera izanda, oraindik zaila da erantzun zorrotzak lortzea.

Emakumearen libidoa lehen lerrora ekartzea, tamalez, ez da oso ohikoa. Nolatan aukeratu zenuen gai hori dibulgazio artikulua idazteko?

Lagunarteko elkarrizketa batean sortu zen. Hormona bidezko antisorgailuen inguruan hitz egiten hasi ginen eta libidoaren gaia atera zen. Lehen aldia zen lagunartean libidoaren gaia antisorgailuen ikuspuntutik aipatzen genuena eta bitxia iruditu zitzaidan zenbat esperientzia desberdin zeuden hain lagin txikian. Horrek nire interesa piztu zuen eta informazioa bilatzen hasi nintzen.

Artikuluaren egitura ere berezia da. Epaiketa bat irudikatzen duzu.

Artikuluak bilatzen hasi nintzenean, ni nolabait bukaerako emaitza baten bila nindoan; ea zein lotura dagoen hormona bidezko antisorgailuen eta libidoaren artean, pentsatuz lotura hori dagoeneko frogatua zegoela. Eta guztiz kontrakoa topatu nuen, emaitza kontrajarriak daudenez, ez baitago frogatua. Horregatik bururatu zitzaidan epaiketaren formatu hori erabiltzea, aldeko eta kontrako argudioak ematea ahalbidetzen zidalako. Horrez gain, epaiketaren formatuak hasierako kasuaren irakurketa bat eskatzen du eta nire ustez erosoagoa da irakurlearentzat istorio batekin hastea datu biokimikoekin hastea baino.

Ados. Zein da kasua?

Hormona bidezko antisorgailuak hartzen hasi den neska baten kasua da. Badaki albo efektu asko izan ditzakeela. Hasten da hartzen eta ez ditu asko nabaritzen, baina gertatzen zaiona da ez duela inolako sexu grinarik. Ez du ulertzen eta kezkatzen hasten da. Interneten topatzen du pilulen errua izan daitekeela eta pilulen eskuorrian ere gauza bera topatzen du.

Galdera da ea ez zer zentzu daukan kezka gabeko sexu harremanak izateko hartzen duen horrek sexu grina ezabatzea.

Hormona bidezko pilulen inguruan badago informazio edo uste orokor bat jendartean. Baina libidoari buruzkorik ez da iritsi.

Sexua beti izan da gai ezkutua. Azken urteotan hezkuntzaren mundutik eta gizarte mailan normalizatzeko ahalegin bat egiten ari den arren, sexu grina nahikoa tabua den gaia da, are gehiago arazoak daudenean. Gainera, oso ikerketa gutxi daude horren inguruan, oso zaila da deskribatzen.

Oso gai konplexua da eta horregatik interesgarria iruditzen zitzaidan horri buruz idaztea.

Sexualitatea orokorrean gai tabua da eta zeresanik ez emakumeen plazera, ezta?

Bai, horrela da. Gai hori lantzeak aukera ematen zidan artikuluaren amaieran horren inguruko aldarrikapen bat egiteko; zein garrantzitsua den emakumeen sexu desio edo osasunari buruz hitz egitea, medikuarekin horri buruz lasai hitz egitea eta garrantzia ematea.

Behin kasua agertuta, jarrai dezagun salatuarekin. Zer dira aho bidezko antisorgailuak?

Hormona bidezko antisorgailuek obulutegia lokartu egiten dute. Obulutegiak aktibatzen dituen hormonak blokeatu egiten dituzte eta, ondorioz, ez da obulurik isurtzen. Obulurik ez badago, ernalketa ezin da gertatu. Aldi berean, muki mintza ere loditu egiten da eta espermatozoideak ezin dira heldu. Beraz, ernalketaren bi partaideak blokeatu egiten dira.

Libidoarekin zera gertatzen da: libidoa zeharka testosteronarekin lotuta dago. Ikusi da dopaminaren igoerak eragina duela libidoan eta dopaminaren igoera testosteronarekin lotuta dago. Hormona bidezko antisorgailuek testosterona murrizten dute eta logikoena da pentsatzea testosterona murrizten bada, libidoa murriztuko dela. Eta hor dago artikuluaren koska, ez dela beti hori gertatzen edo, behintzat, ez dela beti hori ikusten.

Erantzun bakarra topatuko zenuelakoan abiatu zinen bidean eta erantzun bat baino gehiago topatu dituzu, ezta?

Bai. Zorionez urtarrilaren amaieran errebisio sakon bat argitaratu zen eta banuen non irakurri ikerketa desberdinen laburpen bat. Baina arraroa iruditu zitzaidan hain emaitza kontrajarriak aurkitzea eta hain ikerketa edo artikulu gutxi izatea gaiaren inguruan.

Ez zaie emakume denei gertatzen, pertsona bakoitza bat eta bakarra garelako. Hori diozu artikuluan.

Finean hormonek gure gorputzean duten eragina desberdina izan daiteke eta aldaketa txiki batek modu desberdinean eragin dezake bakoitzarengan. Hori da artikuluetan ematen duten arrazoi probableena.

Testosterona jaitsiera frogatuta dago, hori gertatu egiten da, baina ikerketek esaten dute emakume bakoitzak muga puntu desberdin batean izan dezakeela. Jaitsiera horrek muga gainditzen duenean, emakume horrek nabaritu dezake libidoaren jaitsiera.

Beste ondorio bat sexu grinaren inguruko ikerketak falta direla da.

Sexu desioa ikertzea oso konplexua da. Artikuluan azaltzen dudan bezala, faktore askoren mende dago, ez bakarrik hormonak: estres maila, antsietatea, nekea... sexu grinaren azterketa faktore bakarrera mugatzea zaila da. Artikuluetan aldarrikatzen da galdetegien garapenean gehiago sakontzeko beharra eta analisi sakonago bat egiteko galdera edo metodo egokienak zein izan daitezkeen ikertzeko premia. Azkenean, oso subjektiboa den sentimendu bat da.

Libidoari buruz modu irekiagoan hitz egitea eta medikuarekin askeago eta sakonago aritzeko aukera ere aldarrikatzen duzu artikuluan.

Sexu ongizateaz edo sexu osasunaz ari gara. Medikuek oso gutxitan esaten dute hormona bidezko antisorgailuekin zer gerta daitekeen. Eskuorria irakur dezakezu, baina askotan ez dakit hori onerako edo txarrerako ote den.

Medikuaren aldetik kontrol bat, horixe behar dugu; pilulak hartzen hasi eta aste batzuetara medikuarenera joan eta galdetegi bat erantzutea, adibidez. Eta galdera horien artean sexu desioaren ingurukoak ere egon behar dira. Askotan emakumeek ez dakite hori gertatu daitekeela eta agian medikuak horri buruz galdetu arte ez dute pentsatu horren inguruan. Medikuaren aldetik ere atentzio hori jaso behar dugu.

1960. urtean hasi zen ahotiko antisorgailuen bidea eta haurdunaldia ekiditeko bigarren metodorik erabiliena da gaur egun Estatu espainolean. Zure artikulua ez da pilula horien kontrakoa.

Ez, ez. Antisorgailuek aukera asko eman dizkiete emakumeei haurdunaldia ekiditeko. Oso interesgarria da sortu zirenetik gaur egunera arte iritzi sozialak nolako garapena izan duen. Hasiera batean emakumeen botere hori izatea izugarrizko aldaketa izan zen gizartean eta gaur egun beste gaitz askoren minak edo kalteak kontrolatzeko erabil daitezke: obario polikistikoak, beste gaixotasun batzuk sendatzeko hartzen diren botiken ondorioak... Oso onuragarriak dira. Aldarrikapena albo efektuetan dago. Zergatik onartu behar ditugun hainbeste albo efektu ezer gertatuko ez balitz bezala.

Pilula antisorgailuen kasuan, emakumeen bizkar daude bai ardura eta bai albo ondorio horiek.

Bai, hori ere badago. Orain badirudi gizonezkoek hartzeko antisorgailuak garatzen ari direla, baina zalantza daukat maila sozialean zer-nolako interesa sortuko duten. Akaso gizartea pozik dago emakumeok gure burua kontrolatuta.

Mahai gainean jarri duzu ertz asko dituen gaia. Balioko ote du emakumeen libidoaz askexeago hitz egiteko?

Bai, beharrezkoa da horri buruz hitz egitea eta Interneten era honetako informazioa eskuratzeko aukera izatea. Agian baten bati kostatu egingo zaio medikuarenera joatea libidoaz hitz egiteko, baina sarean artikulu hau topa dezake, bibliografian eta ikerketa zientifikoetan oinarritutakoa. Askotan, emakumeen libidoaz informazioa bilatzen hasten zarenean emakumeei zuzendutako azaleko blogetan amaitzen duzu. Interesgarria da ikerketa zientifikoetan oinarritutako artikuluak izatea eta, gainera, euskaraz.

Epaiketarekin amaitzeko. Laburbildu ditzakezu ondorio nagusiak?

Datuek esaten dute emakumeen %21ek bakarrik azaltzen dizkiotela medikuari bere sexu arazoak. Era berean, medikuek ez dute alderdi sexualarekin lotutako galderarik egiten, edo ez dute azalpenik ematen aho bidezko antisorgailuen tratamendua agintzen dutenean.

Sexua garrantzitsua da pertsonen ongizaterako, eta libidoa desagertzeak ongizate horri eragin diezaioke. Medikuen zein pazienteen aldetik arazo hori lantzen ez bada, isilpean geratzen da, eta, azkenean, egunerokotasunean agertzen ez den horrek interesa galtzen du, eta ikertzeko aukerak murriztu egiten dira.

Beraz, ikerketa sakonagoak behar dira emakumeekin lotutako ezkutuan dauden gaien inguruan. Onartezina da libidoaren gutxitzea albo efektu jasangarri bezala onartzea, eta medikuntzak hori existituko ez balitz bezala jokatzea. Informazioa boterea da, bai zientziarako, bai emakumeen bizi kalitaterako.

Aho bidezko antisorgailuak eta libidoa berriro epaimahaiaren aurrera eramatekotan geratzen zara.

Bai, eta datu bilketa egiten den bitartean, ez ezkutatu gaiak, galdetu medikuei, sorrarazi interesa, kezkatu zaitez zure sexu ongizateaz.