Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Boterekeria arrazoi bakartzat hartuta, dena ukatu

Norbaitek errango balit futbol partida ardatz hartuko nuela idatzi baten abiapuntuan, ni neuk hipotesia ukatuko nuen. Begi bistan agertzen denak norberaren ikusmoldea ezeztatzen badu, ez kexatu, dena ukatu. Hori bilakatu da, hain zuzen, Emmanuel Macronek bigarren agintaldiaren hasieran besarkatu duen lema. Trakets, dorpe eta nagi puntu batekin. Hala azaldu da gobernua zaharberritzeko orduan agintari liberala. Ukazioaren gorazarrea eginez, noiz eta garrantzi handia duten legegintzako bozen atarian.

Azkeneko bost urteetan sorturiko kalteak mespretxatuz, ur zaharrak ez duela errotarik mugitzen sinetsita, karta berdinekin joko diferentea egiteko hautua egin du Eliseoko muslariak. Elisabeth Borne, langabezia saria eskuratzea zailago bilakatu zuen Lan ministro ohia hautatu du gobernu berriaren lemazain. Aurkezpen gutun horrekin aski ez zuenez, sexu bortizkeriagatik salaketak dituzten ministro bi iltzatu ditu Matignonen. Elkartasunen ministro berri izendatuz Damien Abadek buru gainean dituen hodei beltzak egongo ez balira bezala egin du gizon eta emazteen arteko berdintasuna bere presidentetzaren helburu nagusitzat jo zuen agintariak. Gezurraren eremu labaingarrira bertaratuz ezer ez zekiela irudikatu du. Ukatu, egiak azala erre arte.

Errezeta erregosia. Deskuiduaren itxura ematearena han, non aitzinetik kalkulu okerra dagoen. Barne ministroari, denon segurtasunaren zaindariari, susmo usain bera dario. Gerald Darmanin aulkiari itsastea ez da kasualitatea izan, ukazioaz ukazio autoritarismoaren doktrina liburuan lerro berria idazteko promesa baizik.

Tik-tak, tik-tak. Poliziek, txaleko horidunen mugimenduak egin zituen protestak kontrolpean jartzeko aitzakiaz, begirik edo besorik gabe utzi zituzten hamarnaka zauritu horiek ez dute, maluruski, gehiegi itxaron behar izan konturatzeko finean deus ez dela aldatu, ez onerako behintzat, segurtasun publikoaren ereduari dagokionez. Ukaezina da emazteak kamera aurrean jartzera eraman dituzten salaketa gordinek barrenak astindu dituztela, berdin komunikazio start system-aren zein agintaritza politikoaren esferetan izerdi hotza sorraraziz.

Alta, krisiaren goreneko estaira heltzeko, ezin ukatu, beste partida bat gertatu behar izan da. Parisek antolatuko dituen Olinpiar Jokoetarako bi urte falta direnean, Champions Leagueko finalak entsegu orokorraren izaera hartu zuen. Saint-Denis auzoan eraikitako Stade de Francen gertaturiko porrota neurtzeko goizegi bada ere, lurrikara handia gertatu da. Mobilizazio sozialen aurka azote bilakatu zen Didier Lallement Parisko poliziaren prefetaren aho beretik mintzatuz Darmanin ministroak dena ukatzeko ohiturari heldu zion Liverpool futbol taldeko zaleek pairatu zuten polizia jazarpen zein segurtasun arazoaren jatorria desitxuratuz. Alta, txartel faltsuak omen zituzten 40.000 jarraitzaile gaizkiletzat agerrarazteko baliatu zuen txorimaloa berehala jan zuten pipiek. UEFAk eta Frantziako Futbol Federazioak eginiko behin-behineko ikerketak 2.800 txartel ingurura mugatu duelako iruzurra.

Denon bistan gertatzen diren boterekeriak mozorrotzeko ohitura duen ministroa ez zen gai izan aurreikusteko, besteak beste, ingelesez eginiko kontakizunak fite biluztu zezakeela bai bere agindupean jardun zuten polizia indarrek bai haien gabeziak eta desmasiak estaltzeko xedez berak saldu zuen bertsio ukatzailea. •