Narratiba freskoarekin, alor guztietako edukiak landuko ditu Ikusgelak

Azalpen-bideoetan espezializatutako proiektua da Ikusgela, eta euskarazko Wikipedia osatzea du xede, eduki libreak landuz gure hizkuntzan sortutako jakintzari hegalak emateko. Filosofiarekin abiatu dira: Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt pentsalarien ideien mamia jaso dute.

Euskal Wikilarien Kultur Elkartea arduratu da Ikusgela koordinatzeaz, eta edukia ikus-entzunezko formatura eramateaz, berriz, Hiru Damatxo. Bi lantaldeek Donostiako Amara auzoan partekatzen dute lanerako espazioa.
Euskal Wikilarien Kultur Elkartea arduratu da Ikusgela koordinatzeaz, eta edukia ikus-entzunezko formatura eramateaz, berriz, Hiru Damatxo. Bi lantaldeek Donostiako Amara auzoan partekatzen dute lanerako espazioa. (Jon URBE | FOKU)

Entretenituz ikasi, edo ikasiz entretenitu. Biak posible egin ditu Ikusgelak, askotariko edukiak modu pedagogikoan eta bizian bideo laburretan jasotzeko jaio den proiektuak. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak koordinatuta, ikus-entzunezko egitasmoa da honakoa, eta sortuko duten guztia euskaraz izango da. Modu librean, gainera, konpartitzeko eta hedatzeko, horrela irabaziko dutelako edukiek eraginkortasuna.

Ikus-entzunezkoaren atalaz Hiru Damatxo kolektiboa arduratu da; berea da teoria, mamia, freskotasunez irudietara eramateko erronka. Eta ez da erraza izan, baina planteatu duten estiloak oreka lortu du datuak emateko seriotasunaren eta jolasaren artean. Horregatik da posible ikasten dugun bitartean gozatzea, edo alderantziz.

Proiektuak 2019. urtean du jatorria, UEU-EWKE humanitate digitalen lehenengo ikerketa beka irabazi zuenean. Ikerketa egin ondoren prototipo bat landu zuten, eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Sailaren dirulaguntza eta babesa jaso zuen Ikusgelak. Orain, argitara eman dituzte landutako lehen bi bideoak. Filosofiarekin eman dituzte aurreneko pausoak, eta emakumeekin gainera, «eskolako edukiak lantzean sumatzen zen gabezia bat arindu» nahian.

Hego Euskal Herrian aurten lehen aldiz sar zitekeen Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt pentsalariak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan, eta hori aprobetxatu dute bi autore horien gainean sortzeko ikus-entzunezkoak.

Helburua sarean euskararen presentzia areagotzea da, eta euskarazko Wikipedia osatzea. Webgune bat ere badu (wikimedia-eus/ikusgela), baina bultzatzaileek diotenez, edukiontzia gutxienekoa da; garrantzi handiagoa dute Wikipediak eta Youtube-ko kanalak. Zubi lana egin nahi du egitasmoak; alegia, euskara eremu formalean soilik erabiltzen dutenak eraman nahi ditu eremu informalean ere euskarazko edukiak ikustera.

«Euskarazko Wikipedia informazio biltegi erraldoi bat da, eta jendeak erreferentziatzat du, baina aldi berean informazioa jendearengana iristeko beste bide batzuk esploratu behar direla uste dugu, eta ikus-entzunezkoak horretan pisu handia du», azaldu du Aiora Mujika Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kideak.

Bultzatzaileen aburuz, gakoetako bat irudietan dago. «Gero eta gehiago gara ikus-entzunezko gizarte bat, bideoetatik jasotzen dugu gauza pila bat, eta egia da idatziz edukiak izatea beharrezkoa dela, irakurri ahal izateko, baino gero eta bisualagoak garenez, formatu hau erabiliz erakargarriagoak gara eta errazagoa da jendearengana ailegatzea».

Ikusgelaren antzeko beste proiektuak badauden arren, hutsune handi bat zegoen gure hizkuntzan, eta horrek, Mujikaren ustez, mailakatu egiten du besteekiko. Euskarak begietara begiratzen die beste hizkuntzei, parez pare. «Ez dago formatu honetan informazioa euskaraz jasotzeko paradarik, eta inportantea da aukera hau existitzea, bestela beste hizkuntzetara jotzen delako eta euskararen presentzia bidean galduko delako».

Edukiak egile-eskubideetatik libre izatea da beste gakoetako bat, eta bertan datza ere zailtasunetako bat. Hala, bideoak hornitzeko baliatutako irudi guztiek dute erabiliak izateko baimena. «Bai Euskal Wikilarien elkartean, bai orbita bereko proiektuen oinarrian hori dago: jakintza modu libre batean sortu eta zabaltzea. Iruditzen zaigu zenbat eta libreago izan, orduan eta aberatsagoa izango dela egingo duen bidea. Ateak jartzen hasten bazara, mugatzen, jakintza ere mugarritzen ari zara».

Kontatu duenez, erabilera libreko irudien bilaketa ariketa zaila izan da. «Wikimedia Commons irudi libreen plataforma erabili dugu iturri bezala eta, ideia bat egiteko, Simone de Beauvoir-en bideoa egiteko 213 irudi erabili dira».

Edukiak, Akademiaren bermez

Mujikak berak baieztatu duenez, irailetik aurrera hasiko da Ikusgela beste materia batzuei lotutako bideoak kaleratzen, eta orduan ailegatuko dira Euskal Literatura, Historia Unibertsala edo egunerokotasunari lotutako Ekonomia, besteak beste.

Jorratuko den gaia edozein dela ere, aldiro adituak diren pertsonek hartuko dute parte, informazioa seriotasunez tratatu eta bermez eskaintzen dela ziurtatzeko. Aurreneko kasu honetarako Agora filosofia elkarteko eta Joxe Azurmendi Katedrako kideek parte hartu dute, adibidez.

Elkarlana funtsa da, «oinarria», esan du Mujikak. Wikipediaren baitan kooperazioa eta auzolana dagoen bezala, hemen ere ezinbestekoa da. «Esparru bakoitzeko akademikoek ematen diote sinesgarritasuna, zilegitasuna eta benetako balioa kontatzen den horri. Beraiek berresten dute edukia zuzena dela, eta balio duela. Kolaborazioak zentzu horretan beharrezkoak dira».

Haritz Azurmendi Filosofian lizentziaduna eta Gizarte Zientzietan doktorea da, eta Joxe Azurmendi Katedrako kidea. Azaldu duenez, Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt aurretik sakonki ikertuak dituzten kideei eskatu zitzaien mamiaren sintesia emateko, nolabait pentsalariek emandakoaren gakoak jasotzeko. «Behin haiek puntu nagusiak zehaztuta, horrek marko bat ematen zigun hemengo ikertzaileen begietatik zein eduki jorratu behar ziren erabakitzeko –kontatu du–. Sakontasunaren mailari dagokionez, ondo neurtu behar izan dugu ez suertatzea oso teknikoa eta espezifikoa, baina aldi berean sendoa izatea». Ikertzaileen lana amaituta, beste lantalde bat arduratu da ondoren pentsalari bakoitzaren bueltan hautatutakoa berrikusteaz.

Azurmendiren aburuz, «oso tresna interesgarria» da Ikusgelak planteatzen duena, Filosofiara hurbiltzeko beste modu bat proposatzen duelako, eta izan daitekeelako atea beste modu batera gerturatuko ez den jendea hurbiltzeko. «Askotan, Youtube-n, horrelako bideo esplikatiboetan, edo kulturari buruzko bideoetan, badago eduki filosofikoa, baina askotan ezkutuan edo ez hain modu agerikoan landua dago. Jendea, kontziente ez dela ere, ari da eztabaida filosofikoak ikusten. Eredu honek eman dezake eztabaida horiek kokatu ahal izatea justu autore edo garai batzuen bueltan ez oso modu pisutsuan».

Azurmendik, azkenik, balioan jartzen du erabili den tonu jostaria, freskoa, erakutsi duelako euskaraz ere posible dela broma, meme edo errekurtso jakinetara egokitzea. Eta kalitatez, gainera. «Izan Filosofia, izan Matematika edo unibertsoaren jatorria, euskaraz landu daiteke beste edozein hizkuntzak eskain ditzakeen formatu berberetan».

Hiru Damatxoren zigilua

Edukia irudietara eramatea izan da azken urratsa. Zailtasun handienaz galdetuta, Lander Arretxeak onartu du «erronka» izan dela, eta «guztiaren konbinazioa izan dela zaila». «Edukia oso konplexua da, eta ñabardura asko ditu. Hori, gainera, zazpi minuturen bueltan jasotzea… Testuen ‘pisua’ irudien nortasunarekin orekatu dugu, erreferentzia garaikideak baliatuz, eta modu jostarian planteatuz». “The school of life” Youtubeko kanala izan da erabili duten erreferentzietako bat, eta proiektuan buru-belarri aritu dira, Arretxearekin batera, Peru Isasi eta Elba Berganza.

Kontzeptu abstraktuak irudietara nola eraman izan da beste auzia. «Hitz batzuk nolabait gure buruak ez ditu iruditan pentsatzen, eta hori ondo osatzeko metaforak, jolasak edo beste helduleku batzuk pentsatu eta bilatu behar izan ditugu. Edukiak, gainera, librea behar zuen izan, eta horrek asko baldintzatu digu. Edozein kasutan, onerako zein txarrerako, aukerak murrizten direnean irudimena loratzen da», adierazi du Arretxeak.

Konposizioa egiteko collagearen efektua bilatu dute; zuri-beltzean dira irudi gehienak, eta gama kromatikoa oso laburra da. Simone de Beaurvoir eta Hannah Arendt-en kasuetan, morea erabili dute hondoa koloreztatzeko. «Ikusgelako sail bakoitza oso identifikagarria egin nahi dugu. Beraz, zentzu horretan, kolore nagusi batek eta estilo zehatz batek ematen ziguten horretarako giltza». Morearen bidez identifikatuko dugu aurrerantzean Filosofiako atala; keinu txiki gisa baliatu dute, bi emakume pentsalarik ireki baitute proiektua.

Ikus-entzunezkoak sortzen trebatuak dira Hiru Damatxon baina, aitortu duenez, ikasketa prozesu bat izan da Ikusgela zerotik sortzea. «Nola harremandu adituak alde batetik, gidoilariak, bideoa egiten dutenak bestetik… iritzi eta alde asko egon gara elkarlan estuan, eta uste dut denentzat izan dela entsegu moduko bat, sortzeko moduaren inguruan. Entretenimenduaren sektorean gabiltzan jendea ez gara hainbeste harremantzen hezkuntzan lanean dabiltzanekin, eta, zentzu horretan –jarraitu du–, oso aberasgarriak eta interesgarria dira sortzen diren aliantzak. Asko ikas dezakegu batak besteaz».

Arretxeak lorpen gisa aipatzen du: «Lortu dugu bi norabideetako ulermena eta errespetua, badugu espazio aitortu bat edukiaren lanketa egiten duten pertsonentzat eta horren ikus-entzunezko garapena egingo dutenentzat. «Ez dugu lotsarik izan elkar eragiteko, eta aldi berean errespetua eta konfiantza sustatu dugu besteak hartzen zituen erabaki horien gainean».

Ibilbideko lehen pausoak emanda, etorkizunera begira tresna bat izatea nahi dute; hori litzateke lorpenik handiena. «Bidean laguntzeko asmoarekin sortu da, eta irakasleen bidez ikasgeletara iristea interesgarria izango da, esan nahi duelako beraientzat ere baliagarria dela eta begi onez ikusten dutela. Baina, bestalde, nahiko genuke bide propioa egin, eta formalean egoteaz gain, informalean egon. Hau da, sarean edonork bila dezakeen edukia izatea erakargarriak direlako», amaitu du Mujikak.

 

Ezinbestekoarekin «txuleta» bat

Aurrenekoz sartu dira Batxilergoko gaitegian bi emakume pentsalari, Simone de Beauvoir eta Hannah Arendt. Abagunea aprobetxatuz, horiekin ekin dio bideari Ikusgelak, irakasleek ikasleekin erabil dezaketen materiala izango den itxaropenez eta gurariz. «Oinarrizko edukia ematen dugu, eta azterketara bideoek landu dituzten gakoak jasota joaten badira, zuzentzaileak irakurtzen duenean ikusiko du idatzi duenak badakiela zertaz ari den. Jakina, gelan landutakoa edo Wikipedian jasotakoa ondo landu beharra dago gero etxean. Bideoak, nolabait esatearren, ‘txuletak’ dira, ezinbestekoarekin eskema bat».

Eskolako edukiak lantzeko garaian «sumatzen zen gabezia» betetzeko asmoz, bideoak sarean daude, pentsalariek Wikipedian dituzten sarreretan, Ikusgelaren sare sozialetan eta www.ikusgela.eus atarian.