NAIZ

Donostiako hiri eredua alda dadin eskatzeko manifestazioan parte hartzera deitu du Satorralaiak

Satorralaia bizilagunen mugimenduak datorren larunbatean, hilak 18, ‘Donostia berreskuratu, hiri eredua aldatu’ lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du.

Donostian sustatzen ari diren hiri ereduaren aurkako mobilizazioa, iragan den urrian.
Donostian sustatzen ari diren hiri ereduaren aurkako mobilizazioa, iragan den urrian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak datorren larunbatean, ekainak 18, Donostiako hiri eredua «herritarren eta auzoen beharrei begira aldatze aldera» egingo den manifestaziora atxiki dela iragarri eta bertan parte-hartzeko deia luzatu du: «Satorralaiak bat egiten du Donostiako Udala sustatzen ari den hiri-eredua auzitan jartzen duten ahotsekin». Hori horrela, 40 auzo elkarte eta herri mugimendu inguru batu dira mobilizaziora.

Manifestazioa arratsaldeko 18.00etan abiatuko da Araba Parketik eta Alderdi Ederren amaituko da. Protestan, ‘Donostia berreskuratu, hiri eredua aldatu’ lelopean, «Donostiako udalaren hirigintza-politika kaltegarriak» salatuko dituztela azaldu du Satorralaiak.

«Hirigintza merkatu turistikoen eta inbertsoreen interes espekulatiboen mendean jartzearen ondorioz, kolektibitateari kalte handiak eragiten ari zaizkio: hiri-espazioa espoliatzen duten egitasmo urbanistikoak pilatzen ari dira (Manteoko Culinary Center kasu) eta espekulazio arazo latzak jasaten dituen hiri gero eta esklusiboago bat itxuratzen ari da. Horrekin batera, Donostian nozitzen ari garen hirigintza zoroaren adibide argi bat da gure ustez Metroaren eraikuntza», esplikatu du bizilagunen mugimenduak ohar batean.

Hori horrela, sei puntu nagusitan sailkatuko dira mobilizazioko aldarrikapen nagusiak: etxebizitza larrialdia, hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea, kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa, hiriaren elitizazioa, hirigintza politika erasokorraren azeleratzea, ondare arkitektonikoaren suntsiketa eta herritarren antolaketaren eta mugimenduen jazarpena.

«Zeharo behargabekoa»

Bere atxikimendua adierazi duen oharrean, Satorralaiak azpimarra berezia egin du Donostiako metroaren eta honen ondorioen aferan. Batetik, mugimenduak salatu du Amara-Easoko trenbide orubean eta bere inguruan Udaletxea eta ETS Euskal Trenbide Sarea «pelotazo urbanistiko» bat bultzatzen ari direla.

«Metroaren eraikuntzari loturiko etxegintza-egitasmo handi horrek erakusten duenez, Udal gobernuak Donostian makinaria urbanizatzailea elikatzen segitu nahi du kosta ahala kosta», kritikatu du. Ildo horretatik, eragileak gehitu du garraio azpiegitura-lan handi honek Erdialde-Kontxako zonalde turistiko eta komertzialaren inguruan «trazatu zentralizatzaile bat» ezartzen duela, metroaren proiektuak hitzez-hitz dioen moduan.

Bestetik, Satorralaiak Kontxako tunelaren zulaketa lanei berriro ekin diotela ohartarazi du. Hori horrela, auzokideen mugimenduak obraren «gainkostu itzelak» eta inguruko eraikinetan zein kaleetan honek eragiten dituen «ezbeharrak eragiteko arrisku larriak» gaitzesten dituela azpimarratu du.

Azkenik, Satorralaiak azpimarratu du, bere aburuz, Donostiako metroaren eraikuntza «zeharo behargabekoa», «xahuketa ekonomiko justifikaezina» eta «energia xahuketa jasanezina» dela.