NAIZ
Donostia

Donostiako Zinemaldi Alternatiboak crowdfunding kanpaina martxan jarri du

Donostiako Zinemaldi Alternatiboak pantaila profesional bat eta proiektore berri bat erosi nahi du aurrerantzean kalean eskaintzen dituen filmak hobeto ikusi ahal izateko. Aurten 14. edizioa dute, Zinemaldi ofizialaren bueltan egingo dutena.

Film baten proeikzioa Zinemaldi Alternatiboaren baitan.
Film baten proeikzioa Zinemaldi Alternatiboaren baitan. (Donostiako Zinemaldi Alternatiboa)

Donostiako Zinemaldi Alternatiboaren 14. edizioa egingo dute irailean. Zinemaldi ofiziala hasi baino egun bat lehenago hasiko da eta egun bat beranduago amaitu, eta gauero dokumental bat proiektatuko dute kalean zein hiriko gaztetxeetan, iaz egin zuten bezala.

Iaz proiekzioak egin zituzten Sagueseko frontoian, Txantxarreka gaztetxean, Trinitate plazan, Letaman gaztetxean, Marruman eta Gladys Enea parkean. Aurtengo asmoa da hauek mantendu eta auzo gehiagotara eramatea ekimena, auzoetako eragileekin elkarlanean arituz.

Zinemaldi alternatiboa herritarrek antolatzen dute ohiko zinema areto eta jaialdietatik kanpo gelditzen diren lanak sustatzeko asmoz. Aurrekontu txikiarekin eta boluntarioen lanari esker lortzen dute aurrera eramatea, eta aurten, pantaila profesional eta proiektore on bat erosteko asmoa dutenez, crowdfunding bat martxan jartzea erabaki dute. 3.000 euro inguru beharko dituzte 2,5m x 3,2m neurtzen dituen pantaila handi eta ilunabarretan ere irudi ona proiektatuko duen gailu bat erosi ahal izateko.

Crowfundingean parte hartzen dutenek poltsak, kamisetak, jertseak edota txanoak eskuratu ahal izango dituzte, diseinu berriarekin. Helburua lortuz gero, datorren urtean kalean herri zinema bat antolatzeko intentzioa iragarri dute.

14 urteko ibilbidea

2006 urtean hasi zuen ibilbidea Zinemaldi alternatiboak, eta bertan parte hartu dute Juanba Berasategik, Klara Badiolak, Martxelo Rubiok, Ramon Agirrek, Fermin Muguruzak eta Anarik, esate baterako. Jende ugari bertaratzen da urtero. Iazko datuei erreparatuz, guztira 300 lagun izan ziren proiekzioetan.