Manex Altuna

Denboraldi-aurreko bide orria erdi zehazturik dauka Valverderen Athletic berriak

Hurrengo astean itzuliko dira entrenamenduak Lezamara. Uztail erdian Alemanian egingo dute egonaldia eta lagunarteko hainbat partida jokatuko dituzte bertan. Liga hasi aurretik Newcastlen kontra neurtuko dira Ingalaterran eta Realaren aurka Euskal Herria Txapelaren finalean.

Valverde 2016ko aurre denboraldian Lezaman.
Valverde 2016ko aurre denboraldian Lezaman. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Jon Uriarteren Zuzendaritza Batza lanez gainezka dago egun hauetan. Argi utzi dute kirol arloa dela beren lehentasuna aste honetarako eta egitura antolatzen ari direla. Ibaiganera sartzeko ere 7 miloi eurotako abala jarri behar dute.

Ernesto Valverde San Mameseko aulkian eseriko dela jakiteak lasaitasuna ematen du. Entrenatzaile gasteiztarrak ondo ezagutzen du kluba eta esku artean izango dituen jokalariak. Hirugarren aldia izango da, talde zuri-gorriaren partida gehien zuzendu dituen teknikariarentzat.

Aurkezpen ofiziala egitea falta da. Ikusteke dago ere zenbat urtetarako kontratua izango den eta emaitzen araberako baldintzarik ezartzen zaion. Uriartek hauteskunde kanpainan zehar hainbat aldiz aipatu izan du soldatetan helburuak betetzea kontuan hartuko dutela.

Klubarentzat premiazkoa da Europarako sailkatzea. Valverde joan zenetik, azken bost urteetan ezin izan baitu lortu. Diru iturriez gain, ospe kontua ere bada. Oso garrantzitsua da jokalariek proiektuarekiko atxikimendua izateko eta zaleen poztasunerako.

Lanean buru belarri jarri aurretik, denboraldi-aurreko bide orria erdi zehazturik dauka Valverden 3.0 Athletic berriak. Datorren astean egitekoak dira mediku azterketak eta ondoren entrenamenduak hasiko dira Lezaman. Aurreko urteetan egindakoa kontuan harturik bi astez bertan izango dira eta uztail erdian Alemania aldera joango dira. Uztailaren 17an, igandea, Duisburgon jokatuko dute Borussia Monchedgladbach eta bertako taldearen aurka. Hiru taldeak Tradizioaren Kopa irabazteko lehiatuko dira eta 45 minututako partidak jokatuko dituzte.

Uztailaren 21ean, osteguna, Bochum taldearen aurka arituko dira eta uztailaren 23an, larunbata, Mainz taldearen kontra. Azken partida honetan 60 minutuko bi zati jokatuko dituzte.

Liga abuztuko bigarren asteburuan abiatuko da. Horren aurretik beste bi partida garrantzitsu jokatuko dituzte zuri-gorriek. Uztailaren 30ean Newcastle taldea bisitatuko dute eta abuztuaren 5ean Realaren aurka neurtuko dira Euskal Herria Txapela lehiaketaren finalean. Barakaldoko Lasesarre estadioan jokatuko da.

Jokalari gehiegi eta erabakiak hartzeko

Uztail hasieran 30 jokalari baino gehiago elkartuko dira Lezaman. Lehen taldearekin denboraldia amaitu duten 25 jokalariei -Capak kontratua berriztuko duela dirudi- utzita egon direnak gehituko zaizkie. Herbereetan gol andana sartu dituen Cordoba, Valladolidekin Lehen Mailara igotzea lortu duen Morcillo, Mirandesen aritu diren Iñigo Vicente eta Imanol edo Amorebietan jokatu duen Peru Nolaskoain. Talde bizkaitarretik ere Gorka Guruzeta gehitu daiteke. Athleticek ezer ordaindu gabe berreskuratzeko aukera dauka uztailaren 1etik aurrera.

Osasuna taldeko Jon Moncayolaren edo Valentzian ari den Hugo Guillamonen izenak hauteskunde kanpainan zehar entzun dira, baina fitxaketak egin aurretik hainbat jokalari irten beharko dira eta erabakiak hartzen hasi. Bilbao Athleticen maila ona erakutsi duten Luis Bilbao, Malcom Adu Ares edo Gerenabarrena moduko jokalariek aukeraren bat izan dezakete. Baita ere joan den urteko denboraldi-aurrean lehen taldearekin izan ziren Paredes erdiko atzelaria, Beñat Prados erdilaria edo Artola erasoko jokalaria.

Aldi berean, azken denboraldian Rayon jokatu duen Unai Lopez edo Amorebietan aritu den Gaizka Larrazabal berreskuratzeko aukera dauka talde zuri-gorriak. Esan bezala, jokalari gehiegi daude eta denbora gutxi erabakiak hartzen eta asmatzen hasteko.