Andoni Arabaolaza

Euskal kolorea izan du Katalunian jokatutako Munduko Kopak

Val de Boin jokatutako 42 kilometroko Eipc Trail lasterketan Oihana Azkorbebeitia nagusitu zen. Sandra Sevillano eta Ander Iñarra, berriz, bigarrenak izan ziren. Beste lau euskal lasterkarik top-10ean bukatu zuten.

International Skyrunning Federation erakundeak antolatutako Skyrunner World Series zirkuituak (Munduko Kopa ere deitzen zaio) Kataluniako Val de Boin izan zuen atzo seigarren hitzordua. Eipc Trail lasterketak 500 lehiakide hartu zituen, eta 42 kilometroko ibilbidean euskal lasterkariek goi mailako jardunak egin zituzten.

Beste hitzordu batzuetan ez bezala, zirkuitu horretako azken honetan atzerriko espezialistarik ez zen bertaratu.

Lehenik eta behin, Oihana Azkorbebeitiaren garaipena azpimarratu behar. Abadiñoko lasterkariak ondo baino hobeto ezagutzen du nazioarteko zirkuitu hori. Iaz, adibidez, sailkapen nagusiko hirugarren postua sinatu zuen. Atzo, berriz, podiumaren lehen kutxara igo zen. Maratoi horretan (2.800 metroko desnibel positiboa) 5 ordu eta 20 minutuko denbora egin zuen. Bizkaitarrak goitik behera menderatu zuen lasterketa, eta, hortaz, ez zuen arazorik izan lehia hori irabazteko. Helmugatik gertu, ezustekoa izan zuen; hain zuzen ere, eroriko bat. Baina soilik «istripu» txiki batean geratu zen.

Irabazleak honako hausnarketa egin du lortutako garaipenaren inguruan: «Lasterketa osoan bero egin du, baina indartsu sentitu eta irabaztea nahi nuen. Nahiz eta eroriko hori izan, argi nuen inork ez ninduela geldituko. Pozarren nago zirkuitu horretan gailendu naizelako. Den-denak merezi izan du».

Bi zilar

Bigarren postua, berriz, Euskal Mendizale Federazioaren taldearen izenean lehiatzen den Sandra Sevillanorentzat izan zen. Santurtzin bizi den korrikalaria irabazlearengandik zazpi minutura helmugaratu zen. Top-10ean, beste bi euskal lehiakide sailkatu ziren: Sara Peña bosgarrena izan zen, eta Nerea Amilibia zazpigarrena.

Mutilen kategorian, bestalde, Raul Ortizek irabazi zuen 4:20:19 denborarekin. Andaluziarra lehena jarri zen ibilbideak zuen lehen gailurrean, eta helmugara arte ez zuen postu hori utzi. Ander Iñarra zazpi minutura heldu zen, baina azpimarratu behar da korrikalari gipuzkoarrak egin zuen azken jaitsiera. Zortzigarren postuan zegoen, eta, erritmo oso bizia jarri eta gero, zilarra lortzeko aukera izan zuen.

Azkenik, aipatu behar dugu Ismail Razga bederatzigarren postuan sailkatu zela, eta Asier Larruzea hamargarrenean.