Julian Iparragirre, pilotarekiko pasioak gidatutako bizitza bat

Hogei urtez Euskadi Irratian pilota aditu lanetan aritu ostean, ibilbide horri amaiera ipini zion Julian Iparragirrek (Arantza, 1949) maiatzaren 29an. Lasok Ezkurdiari Nafarroa Arenan irabazi zion Buruz Buruko finala izan zen bere azken partida irratian, egun berezia nafar batentzat.

Julian Iparragirre, Leitzako plazan.
Julian Iparragirre, Leitzako plazan. (Jon URBE | FOKU)

Pilotari estuki eta etengabe lotutako bizitza izan da Julian Iparragirrerena. Orain dela 72 urte Arantzan sortua, hasieran jolas soila zenak gerora hainbat bide eta funtzio desberdin bete ditu, baina inoiz pilotarekiko maitasuna eta pasioa galdu gabe. Pilotari afizionatua lehenik, Leitzako Pilota Eskolan irakasle ondoren eta Euskadi Irratiko pilota aditu lanetan azken hogei urteotan, Julian Iparragirreren ahotsa Euskal Herriko etxe askotan bidelagun izan dugu asteburua joan eta asteburua etorri.

Maiatzaren 29an, ordea, irratiko ibilbideari amaiera ipintzea erabaki zuen. «Erabakia argi samar iazko urte amaieran hartu nuen. Aurrez, uda garaian badakizue nola ibili ginen pandemiarekin. Gu baino okerrago enpresak eta pilotariak, noski, baina gu ere gaizki: frontoira joan, harmailetan jenderik ez, dena hutsik, tabernak itxita, ni oso kafezalea naiz eta kafe bat ezin hartu… Uda hori oso pisutsua egin zitzaidan, eta pentsatu nuen urte amaieran uztea. Gabonetan uzteko asmoa nuen, halaxe aipatu nion irratiko arduradunari hilabete pare bat lehenago. Ez zidaten oztoporik jarri, baina eskatu zidaten txapelketak amaitu arte jarraitzeko. Orduan Binakako Txapelketa jokatzen ari zen, gero Buruz Burukoa zetorren segidan, eta neguko denboraldia amaitu arte segitzeko eskatu zidaten. Buruz Buruko finala maiatzaren 29an zela eta bitartean saiatuko zirela ordezko bat bilatzen. Ia hogei urte pasatu ondoren ez nuen ezetz esango hilabete batzuengatik», azaldu digu.

Eta azken eguna ere ezin bereziagoa izan nafar batentzat. Nafarroan lehen aldiz jokatu zen Buruz Buruko Txapelketaren finala, bi nafarren artean jokatutakoa. «Nafarrontzat oso berezia izan zen, inoiz ez zelako Buruz Buruko finala jokatu Nafarroan. Final guztiak dira garrantzitsuak baina niretzat beti handiena Buruz Burukoa izan da. Bi nafarrek jokatu zuten, gainera. Eta nire kasuan, irratiko azken eguna. Partida ez zen ona atera. Lasok 22-7 irabazi zuen Ezkurdiaren gainetik pasatuta, Ezkurdiak ez zuen egunik onena izan, eta pena izan zen pilotalekua bete zuten zaleentzat. Baina niretzat berezia izan zen. Gainera, irratiko kideek ezustean harrapatu ninduten. Beti moldatu izan naiz ongi eta erraz frontoiko jendearekin, pilotariekin, intendenteekin… baina ikustea jende asko etorri zela ni agurtzera, eta Txetxu Urbietak audio mordo bat bildu zituela pilotarienak. Herrikoak: Oinatz, Abel, Jaunarena… Edo Altuna, Olaizola, Irujo… Oso eskertuta nago irratiari eta frontoiko jende guztiari».

Irratiko ibilbide horretan kide izan dituen lagun guztiak aipatu ditu oroitzapen onenen artean. «Urte asko izan dira, lana beti asko erraztu didate, pilotako afizio handia izan dut beti baina giro horregatik iraun dut hogei urte, bestela aspaldi utzia izango nuen. Afizioagatik bakarrik ez da posible. Etxean ere laguntza handia izan dut, bai emazteak eta bai seme-alabek asko lagundu didate. Asteburu asko kanpoan ibili behar izan dut eta laguntza hori garrantzitsua izan da», dio hunkituta.

Arantzatik Leitzara lanera

Leitzan bizitzen 50 urtetik gora daramatzan arren, Julianek ez du ahazten bere sorterria Arantza dela, eta goxotasunez oroitzen du bere haurtzaroa, orduan ere pilotari oso lotua. «Arantza herri txikia da baina oso polita, pilotazalea gainera. Gaur egun pilota eskola ere badago, orduan ez, baina garai hartan ni bezala ia haur guztiek zuten pilotarako afizioa. Baserrian bizi nintzen eta baserritik eskolara joaten nintzen batez ere pilotan aritzeagatik, eskolarako gogo gutxi nuen. Eta 18 urterekin Leitzara etorri nintzen papeleran lana egitera. Ordurako bi anai banituen papeleran lanean eta ni ere hor sartu nintzen».

Aldaketa ez zitzaion gogorra egin, eta fabrikako lanak kirola errazago egiteko ateak ireki zizkion. «Garai hartan jende asko heldu zen Leitzara bizitzera. Oso handia ez zen, baina Arantza baino handixeagoa bai. Arantzak 600 biztanle bazituen, Leitzak igual edukiko zituen 2.000 edo. Lanpostu ona neukan fabrikan eta bizitza ere erraza egin zitzaidan, zortzi ordu lan egin eta gero libre. Pilotan ere serioxeago orduan hasi nintzen, afizionatu bezala. Zortzi ordu lan eginda entrenatzeko ere denbora gehiago zegoen. Lekunberrin bazen Federazioko arduradun bat, Guillermo Mazo, asko jarraitzen ninduena eta hark egin zidan fitxa. Ikusten zuen pilotarako gaia banuela apur bat», gogora ekarri du.

«Berandu hasi nintzen eta berandu bukatu, hasi 19 edo 20 urterekin egin nintzen eta ia 40 urtera arte jokatu nuen», oroitzen du afizionatuetan jokatu zuen garaiaz. Eta dioenez, garai hartan afizionatu mailak «beste indar bat zeukan». «Oso zabalduta zegoen, herri askotan jokatzen ziren partidak, batez ere udan, festen aitzakian. Leitzan ere lau egunetan izaten ziren afizionatuen partidak. Nafarroako herri askotan hiru eguneko torneotxoak jokatzen ziren, bi egunetan sailkapen partidak jokatu eta irabazleek hirugarren egunean finala. Gaur egun afizionatuei ez diet mailarik kenduko, orain ere badira afizionatu oso onak, baina orduan gehiago jokatzen zen. Profesionalak agian herri gutxiagotara joaten ziren, telebista ere ez zegoen orain bezala…».

Eta pilotari bizitza pilota eskolako irakasle lanarekin batu zitzaion azken urteetan, hein handi batean guraso ere bazelako. «Oraindik afizionatu bezala jokatzen ari nintzela pilota eskola sortu zen. Beste herri batzuetan ere baziren, baina ez gehiegi. Leitzan ordurako asteburuetan eta gaztetxoekin entrenamenduak egiten ziren. Herriarteko txapelketetarako, adibidez, adin bakoitzeko hiru bat pilotari hautatzen ziren eta entrenamendu batzuk egiten ziren. Baina gure garaian hasi ginen hiru guraso bildu eta haurrekin astean bi aldiz entrenamenduak egiten. Guztira 16 urte pasatu nituen bertan, eta gaur egun pentsatzen dudanean harrituta geratzen naiz horrenbeste denboran iraun izana. Nola aguantatu nuen nik, edo nola aguantatu ninduten beraiek ni. Gaztetxo pila bat pasatu ziren eskolatik eta pentsatu nahi dut zerbait ongi egin genuela».

Urrezko belaunaldia Leitzan

Hain zuzen ere, pilota eskola horretan eman zituzten lehen pausoak urte batzuk geroago Leitzako herria pilotaren historian hizki larriz idatzita utziko zuten bi pilotari famatuenek: Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea. Nahiz eta, Julian Iparragirrek nabarmentzen duenez, herriko beste pilotari batzuek ere osatu zuten belaunaldi bikain hura.

«Nire semea Oinatz baino bost bat urte zaharragoa da eta garai horretan izan zen. Abel Barriola ere nirekin hasi zen. Beste batzuk ere baziren, Oinatzen bi lehengusuak adibidez, Aitor [bi aldiz Buruz Buruko txapeldun izan zen Juan Mari Bengoetxearen semea] eta Ibai [Binakakoa bi aldiz irabazitako Mikel Bengoetxearen semea]. Talde polita bildu zen, pilotan oso ongi jokatzen zuena, generazio ederra. Ez da erraza izaten eskolako lan hori. Lanean goizeko edo gaueko erreleboa nuelarik gero frontoian ordu pila bat pasatzen nituen. Baina oso pozik ibili nintzen, bestela ezinezkoa da 16 urte irautea. Oso esperientzia polita izan zen eta nik ere asko ikasi nuen haurrekin».

Loturak egiten jarraituz, pilota eskolan egindako lan horrek ireki zizkion Juliani Euskadi Irratiko ateak ere, 2002an Oinatz Bengoetxeak profesionaletan debuta egin zuen egunean. «Jende askok uste du ni pilota eskolan nengoela egin zuela debuta Oinatzek, baina ez da hala, ordurako utzia nuen. Ez asko, baina apur bat lehenago utzi nuen beste guraso talde batek hartu zuelako erreleboa. Baina Euskadi Irratitik Iñaki Elortzak deitu zuen Oinatzi erakusten ibilitako norbait behar zuela eskatuz, eta horregatik niri esan zidaten Labritera joateko. Halaxe joan ginen lehen aldiz. ‘Txapas’ ezagutzen nuen baina ez nuen inoiz berarekin hitz egin. Oso ongi tratatu ninduten eta partida amaitutakoan gogoratzen naiz nola esan zidan: ‘Hik nirekin hasi behar dek’. Nik ez neukan oso argi, baina berak baietz. Ordura arte Julian Retegi ibiltzen zen, baina Telecincora joan zen Josetxo Lizartzarekin. Uste dut Ogeta gaixotu egin zela, eta bere ordez. Bi hilabeteko proba bat egingo genuelakoan hasi ginen eta azkenean hogei urte izan dira. Gogoratzen naiz Iñaki Elorzak nola esan zidan: ‘Euskadi Irratia ez badago gustura hi etxera joango haiz eta hi ez bahago gustura Euskadi Irratia uzteko erabakia hik heuk hartuko dek’. Dena ongi joan zen eta hogei urteko ibilbide luze eta polita hasi zen».

Irratiz eman dituen ehunka partida garrantzitsuetatik bat aukeratzeko eskatuz gero, ez da kasualitatea 2008ko leitzarren arteko Buruz Buruko Txapelketaren finala aukeratzea. «Gogoratzen naiz irratian hasi nintzen garai horretan askotan galdetzen zidatela ea zer partida gustatuko litzaidakeen irratiz ematea. Eta nik erantzuten nuen Abelen eta Oinatzen arteko final bat emango nukeela gustura. Orduan ez nuen pentsatzen aukera izango nuenik, baina azkenean gertatu egin zen, 2008an. Herriko bi pilotari, biak mutikotan nirekin ibiliak, niretzat bi seme bezala izan direnak… Noski, horrelako izar handiekin ez dago asko erakutsi beharrik, berezkoa dute gaia ikaragarria. Bada, leitzarren arteko final hori emateko aukera izan nuen».

«Partida bereziak asko izan dira, baina orduan herrian sortu zen giroagatik, bakoitzaren kuadrilletan, senideen artean… bereziena huraxe. Oinatzek irabazi zuen eta, noski, Abelen aldekoek pena ikaragarria hartu zuten. Nik ere bai, baina Oinatzek galdu izan balu ere pena handia hartuko nukeen. Agian horregatik, jendeari entzuten nion esaten ez zela komeni herri bereko bi pilotari finalean elkarren aurka lehiatzea, baina nik aldiz erantzuten nien: ‘Ikus dezagula askotan’. Seinale onena litzateke bientzat, baina geroztik ez da tokatu. Eta zaila izango da berriz tokatzea. Eta ezin da ahaztu kirol bat dela. Egun hartan bientzat garrantzitsuena final hura zen, baina hura pasatuta bizi honetan finala baino gauza garrantzitsuagoak asko dira», aldarrikatzen du.

Final handiak, garai tristeak...

Irratiko hogei urteetan, esaterako, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujoren arteko lehia bizi izan zuen bete-betean, bien arteko final guztiak bertatik bertara jarraituz. «Hori zorte handia da. Azken hogei urteotako final, finalerdi eta partida garrantzitsu guztietan izan naiz. Zortea diot, esan nahi duelako ez dudala eragozpenik izan, ez gaitzik edo ez bizitzan tokatu litezkeen beste hainbat arazo. Garai bikaina izan zen Irujo eta Aimarrena, uste dut pilotarentzat oso ona izan zela bien arteko borroka hori. Biak nafarrak ziren, baina bakoitzak bere jendea zuen, bere publikoa. Frontoiak askotan betetzen zituzten, jendea kanpoan geratutako egunak ere bai, eta hori ez da erraza. Bi fenomeno ziren eta pilotazaleek horregatik ematen zuten horrelako erantzuna», nabarmendu du Aimar/Irujo borroka horretaz.

Une gogoangarrien atalean, Irribarriak 19 urterekin irabazitako Buruz Buruko txapela –«sua bezala etorri zen»–, Jokin Altunak kantxan eta kantxatik kanpo erakutsitako izar sena –«18 urterekin debuta egin eta handik urtebetera estelarrak jokatzen ari zen, pilotari bereziek bakarrik lortzen dute hori»–, edo Unai Lasoren itzulera eta jarrera –«ziur enpresan ere lan egiten zuela, baina nire irudipena da kanpoan egon denean lan askoz gehiago egin duela, eta emaitzak hor daude, uste dut aprezio berezia diogula pilotazaleok–» aipatu ditu.

Garai tristeenak, aldiz, pandemian bizitakoak izan dira, are gehiago pilotarien greba iritsi zenean. «Une oso tristeak izan ziren. Pilotariak greban… badakizue nik zenbat denbora daramadan esku-pilota munduan eta sekula ez nuen ezagutu horrelakorik. Nire iritzia eskatzen didate eta beti berdina esaten dut. Ni ez naiz hasiko esaten nork zuen arrazoi gehiago edo gutxiago, baina mahai batean eseri eta akordio batera ez iristea lotsagarria iruditu zitzaidan», dio oraindik amorru puntu batekin.

Zorionez, liskar hura atzean gelditu da eta esku pilota profesionala berriz ere erabat sartua da bere etenik gabeko gurpilean. Julianek onartzen digunez, irratia utzi ondoren ez da oraindik profesionalen jaialdi batean izan, «baina sanferminetan ez bada, ziur besteren batean joango naizela».