Maddi Txintxurreta

Auzolanak, kulturak eta bertako janak egiten dituzte berezi Trinitate Plazako afariak

Auzolana da Trinitate Plazan gauero ematen diren afarien oinarria. Baina beste hiru hanka ere baditu Donostiako Piratek antolatzen duten ekimen honek: bertako jana prezio herrikoietan, eskaintza kultural anitza eta plaza, plaza bat donostiarrei emana.

Indarrak berritzeko tokia da Trinitate plaza Donostiako Aste Nagusian.
Indarrak berritzeko tokia da Trinitate plaza Donostiako Aste Nagusian. (Jon URBE | FOKU)

Trinitate Plazan ez da existitzen «afaldu denbora galdu» esana. Zeren, Donostia Piratan, afariak ez du ezer eteten, eserialdi behin-behinekoari ez dio beheraldiak segitzen: «Trinin» dago giroa.

Gauero bilakatzen da Trinitate Plaza Flamenkatik Alde Zaharrera goseak mugitzen dituenen elkargune. Tiketak erostera joan eta aukeratu: hasteko, 5-6 euro artean, Lezo eta Altzako tomatea, Aginako Piperrak edo kroketak. Plater nagusi gisa, dena parrilan eginda eta letxuga eta patatekin lagunduta, oilaskoa, txerri sekretua, txuleta hanburgesak eta hanburgesa beganoak; 8-10 euro artean. Eta postrerako, soilik 2,50-3,50 ordainduta, arroz-esnea, gazta irasagarrarekin eta Mahala izozkia.

Plazako frontoia betetzen duten dozenaka mahaietan libre dagoen txokoan eseri eta ezker nahiz eskubi dauden koadrilekin harremandu, hori da Trini. Eta horrela izan da asteartean ere, irekia, herrikoia. Euriak afaria hondatzeko mehatxatu duela? Eta zer, piratek sagailo okerrenari ere irauten baldin badakite?

Auzolana oinarri

Gauero ehunka pertsonari afaltzen emateko esku asko behar dira: altxatzen diren eskuak, boluntarioenak, jaiak herriarenak izaten jarrai dezaten lanean zikintzen diren eskuak.

Afariak prestatzeko auzolana.

Maiatzean hasi zen aurre-lanketarako talde bat Trinitate Plazako afariak antolatzen, nola egin pentsatzen. Orain, Aste Nagusiko egunetan, egunero Donostiako auzo bat arduratzen da afariaz. 23 pertsona aritzen dira boluntario gisa gauero, hiru taldetan banatuta. Sukaldean ibiltzen dira batzuk, letxuga garbitzen, tomateak mozten, piperrak eta kroketak frijitzen edo parrilla martxan jartzen. Beste talde bat barran egoten da, edariaren arduradun. Eta beste taldea afari gunea antolatzeaz arduratzen da, mahaiak jartzeaz edo tiketak saltzeaz, kasurako.

Musika, bertsoak eta beste

Suzko-erroberak bukatu bezain pronto, 23.00ak pasatuta, La Jodedera taldeak kontzertua hasi du, dantzatzeko propio sortutako doinu euskaldun-kubatarrak.

Zeren, izan afaldu aurretik edo afalostean –edo bi kasuetan–, kulturak gozatzen ditu Trinin elkartu diren donostiarrak. La Jodederaren txanda izan da asteartean, Ilargi eta Indabe izango dira asteazkenean, bertso musikatuak (Onintza Enbeita, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Alaia Martin, Ixak Arruti eta Gari Otamendiren eskutik) eta Herenegun taldea ostegunean, artisau azoka eta Alarma Morea-ren kontzertua ostiralean eta bertso-saioa (Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu eta Saioa Alkaiza) eta Rukula taldea larunbatean.

Elkarbizitzaren faltan, ogitartekoak

Trini ez da soilik Piratena. Donostiako Udalak ere antolatzen ditu ekitaldiak bertan, adibidez, pasa diren larunbat eta astelehenean, Urrezko Aizkora eta harri-jasotzaileak izan ziren, hortaz, Piratek ezin izan zituzten afariak beti bezala eman. Kasu horietan, ogitartekoak eskaintzen dituzte. «Onurak baino tentsio gehiago sortzen du. Aurten egin dugu, baina pentsatzen ari gara aurrera begira agian hau aldatu behar dugula. Elkarbizitza behar da eta Udalaren egitaraua eta gurea uztartu beharra dugu», esplikatu dio NAIZi Donostiako Piratak taldeko kide den Haizea Isasak.

Plaza eta elkargune

Afariak, auzolana eta eskaintza kulturala baino gehiago bilakatzen da Trini Aste Nagusian. «Eskaintza hau guztia baino garrantzitsuagoa da donostiarrei elkartzeko plaza bat eskaintzen diegula, elkarrekin afaltzeko, elkarrekin egoteko. Oso jakina da Donostian plazak terrazaz eta turistez beteta egoten direla garai honetan, beraz, Trinitatea bada oasi txiki bat, arnasgune bat… kutsu herrikoia mantentzen jarraitzen duen plaza da eta horri garrantzia berezia ematen diogu», esan du Isasak.

Donostiako Piraten kidearen esanetan, giro herrikoi hori mantentzen delako maite dute donostiarrek Trinitate Plaza. «Adin guztietako jendea elkartzen da, umeak ere egoten dira. Horrek badu bere xarma. Gainera, auzolanean ateratzen da aurrera, garaian garaiko eta bertako produktua prezio herrikoietan ematen da eta eskaintza kulturalarekin batera», gaineratu du.