NAIZ

Bayern Munich, Realaren arerioa Txapeldunen Ligako atarikoan: «Ilusioak mugitu behar gaitu»

Bayern Munich izango da Realaren arerioa Txapeldunen Ligako atarikoan. Lehen partida Anoetan jokatuko da irailaren 20-21ean eta itzulerakoa, Munichen, hurrengo astean. Historian lehen aldiz jokatuko dute txuri-urdinek UWCL txapelketa eta multzoen fasera sailkatzea izango dute xede.

Realeko jokalariak zozketa Zubietan jarraitzen.
Realeko jokalariak zozketa Zubietan jarraitzen. (REAL SOCIEDAD)

Realak Bayern Munich taldearen aurka jokatuko du Txapeldunen Ligako atarikoa. Joaneko partida irailaren 20an edo 21ean izango da, Donostian, eta itzulikoa astebete geroago, Bavariako hiriburuan.

Ostegun honetan Nyonen (Suitza) egindako zozketan Arsenal eta Paris Saint-Germain moduko talde indartsuak saihestu dituzten arren, txuri-urdinek Bundesliga boteretsuko Bayern Munich gainditu beharko dute historian lehen aldiz Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatu nahi badute.

Bavariako taldea Alemaniako ligako txapeldunorde izan zen aurreko denboraldian, eta Txapeldunen Ligako final laurdenetara iritsi zen. Duela bi denboraldi finalerdietaraino iritsi zen eta finaletik urrats batera geratu zen. Bartzelonak kanporatu zuen talde alemaniarra finalerdietan.

Maila handiko jokalariak ditu, besteak beste, Alemaniako selekzioarekin jokatzen duten Lina Magull, Lea Schüller, Klara Bühl edo Giulia Gwinn, edota Georgia Stanway ingelesa.

Hain zuzen ere, zozketaren atarikoan, Nerea Eizagirre kapitainak NAIZi onartu zion berarentzat talde indartsuena zela Bayern Munich. Alemaniak Eurokopa ona egin zuela eta, berarentzat areriorik zailena da alemaniarra.

Nolanahi ere, zoria halakotxea da eta txuri-urdinek onenen artean egon nahi baldin badute, onenen aurka neurtu beharko dituzte indarrak atariko kanporakean ere. Modu horretan, Natalia Arroyo entrenatzaileak klubeko kameren aurrean adierazi duen moduan, «partida ondo prestatzea izango da gakoa, konfiantza izan eta sailkatzeko aukerak dauzkagula sinetsi».

«Gogoa dago» Bayern Munichen aurka jokatzeko, «ez baitzegoen arerio errazik zozketan». «Txapeldunen Liga jokatzeko ametsa betetzera eraman gaituen bezala, orain ere eguneroko baloratu behar dugu eta ligako partidei ere balorea eman», gehitu du katalanak.

Atletico Madril eat Vila-realen aurka arituko dira lehen bi jardunaldietan eta ondoren, 20 edo 21ean, Donostian jasoko dute Bayern Munich. «Lehen partida etxean jokatzeak aste horretan bidaia bat aurrezten digu eta gure jendearekin babestuta gure onena eman beharko dugu erronka hau gainditzeko», azaldu du.

Partida hori prestatzeko buru-belarri jartzeko astia aurrerago edukiko duen arren, Arroyok jada gako batzuk eman ditu. Berarentzat garrantzitsua da jakitea «nola izan gaitezkeen indartsuak». Teknikariaren esanetan, alemaniarrek ere baloi jabetza dute gustoko eta beraz, Realak ezin izango du beti orain arte moduan jokatu, eta une horietan «taldearen izpiritua indartu beharko dugu eta ilusio eta nahiak mugitu behar gaitu, baita futbolak ere, futbol maila ona daukagula uste baitut».