NAIZ

Gernika Rugbi Taldeak epaitegietan Ohorezko Mailan jarraitzeko pauso handi bat eman du

Kirolaren Administrazio Auzitegiak talde bizkaitarraren helegiteari arrazoi eman dio eta Espainiako Federazioa Alcobendasek legez kanpo jokalari bat zelairatu izanaren inguruan prozesu bat irekitzera derrigortu du.

Gernika Rugbi Taldea, iazko liga txapelketako partida baten.
Gernika Rugbi Taldea, iazko liga txapelketako partida baten. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2021/22 denboraldiaren amaieran Gernika Rugbi Taldeak Ohorezko Maila galdu zuen errugbi zelaian. Alabaina, datorren denboraldian oraindik ere gorengo mailan jokatzeko aukerarik izan lezake, Kirolaren Administrazio Auzitegiak (TAD) arrazoi eman baitio talde bizkaitarrak aurkezturiko helegiteari.

TAD delakoak Espainiako Errugbi Federazioko (FER) Kirol Diziplinako Batzorde Nazionala behartu du prozesu bat irekitzera, Alcobendas taldeak Gavin Gert Van den Berg jokalaria zelairatu izanari buruz Gernikak planteatutako erreklamazioaren funtsaren berri emateko.

Hegoafrikako jokalaria oker zelairatu zuen Alcobendasek iragan denboraldiko zenbait jardunalditan: seigarrenetik hamalaugarrenera, hain zuzen ere. Hori jakinean, Gernikak salaketa jarri zuen, iruzurrezko fitxa horrek kalte egin ziolakoan. Hala ere, nahiz eta World Rugby Nazioarteko Errugbi Federazioak berak aitortu zuen Hegoafrikako jokalariaren pasaportea faltsutu zuela –pasaporte faltsutu horrek Espaniako selekzioan jokatzeko abagunea ematen baitzion–, eta, horren ondorioz, 2023an Frantzian izango den Munduko Txapelketatik Espainia egotzi egin zutela.

Hala ere Kirol Diziplinako Batzordeak –CNDD delakoak– ezetsi egin zuen Gernikak jarritako salaketa, denboraz kanpo egin zuelaoan; hau da, araudiaren arabera arau-haustea gertatu zen partida bakoitzaren ondorengo 48 orduko epetik kanpo jarri zuelako salaketa.

Alabaina, orain Kirolaren Administrazio Auzitegiak berak ezetsi ditu CNDDk emandako ebazpenak, eta fbizkaitarrek salaketak aurrera jarraitu behar duela ezartzen du.

Bada, Iñaki Uribe buru duen klubaren helburua da, Van den Bergen bidegabe zelairatu dela onartu eta frogatu ondoren, Araudiaren 33. artikulua aplikatzea. Hori dela eta, guztira 38 puntu kenduko litzaizkioke Alcobendasi, hainbat partidatan egindako arau-hausteagatik, eta, aldi berean,  lau puntu gehituko litzaizkioke Gernikari, talde madrildarraren aurka jokalari hegoafrikarra zelaian zela jokatzeagatik. Horrela, lortu zituen 18 puntuen ordez 22 izango lituzke Gernikak eta ondorioz, azkenaurreko posturaino igoko lorateke bizkaitarrak.

Hori horrela balitz, Gernika Rugbi Taldeak play-out delakoa jokatu beharko luke eta, beraz, taldeari salbatzeko beste aukera bat izan beharko luke. Aldiz, Alcobendas azken postura jaitsiko litzateke eta zuzenean maila galduko luke, kasu horretan.

«Puntuazioa zorrotz aplikatu»

Gernikarren ustez, Alcobendasi ezarritako 30.000 euroko isuna eta jaitsiera administratibo zuzena ez ei dira nahikoa zigor, joan den denboraldian Ohorezko Mailan egindako iruzurra berrezartzeko. «Argi dago ez isunik ez zigor jaitsierarik ez dela konpontzen Ligan egindako iruzurra». Horren ordez, «sailkapena zehazten duen puntuazioa zorrotz aplikatzeko» eskatzen du klub bizkaitarrak.

Bestalde, TADen ebazpen honek ez ditu Gernikaren nahiak asetzen, Alcobendasi puntuak kentzekorik ez diolako, inoiz ere ez baitzen inputazio formalik izan. Aitzitik, CNDD behartu egiten du espedientea irekitzera. Orain, Espainiako Errugbi Federazioak gertatutakoa argitu eta espedientea ebatzi beharko du. Bada Alcobendasi formalki egozpena egin beharko zaio eta bere burua defendatzeko eta erabaki bat hartzeko aukera emateaere.

Oraingoz, Federazioak asteartean publiko egindako ohar baten bidez jakinarazi du Zuzendaritza Batzordeak CNDDri jakinarazi zion Alcobendas Rugbyren aurkako prozedura berehala hasiko duela.