NAIZ

3 Hiriburuak torneoa, emakumeen esku pilotaren garapenean laguntzera datorren beste urrats bat

Lau mailatan, pilota mistoarekin eta goxoarekin, banatutako 60 pilotari arituko dira Gasteizen hasi, Bilbon jarraitu eta Donostian amaituko den txapelketa berri honetan.

Txapelketa Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan aurkeztu dute.
Txapelketa Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan aurkeztu dute. (3 HIRIBURU)

Emakume Master Cup txapelketaren sorrerak inflexio puntu bat suposatu zuen emakumezkoen esku pilotan. Ordura arte desertu bat zen lur ihartuak fruituak ematen hasi zen eta eta azken sei urteetan etengabeak izan dira modalitate honek gurean emandako pausu txiki baina sendoak. Gaur aurkeztu den 3 Hiriburuak txapelketa norabide horretan beste adibide bat izan nahi luke. Emakumeen esku pilota zirkuituan leku bat egitera datorren txapelketa berritzaile bat da Eusko Jaurlaritzaren ekimenez eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalen babesarekin datorrena.

Txapelketa berri honek Emakume Master Cup-aren erroekin bat egiten du, hau da, txapelketa irekia izango da eta bertan edozeinek eman ahal izango du izena, pilotari federatua izan edo ez. Parte hartzea izan da ekimen honen arrakastaren sekreturik nagusienetako bat eta 3 Hiriburuak txapelketa berri honetan ere 60 pilotarik hartu ahal izango dute parte, 4 mailetan banatuta. Pilota goxoarekin gazte eta nagusi mailak banatuko dira eta mistorarekin, aldiz, gazteak eta eliteak.

Azken hauen artean zazpi bikote arituko dira lehian; Arrizabalaga-Capellan, Arraiza-Gaminde, Barrokal-Bergara, Aldai-Mendizabal, Beitia-Zabala eta Etxegarai-Oses.

Egutegia osatua

Txapelketak ere zehaztua du bere egutegia eta urriaren 2an final laurdenetako partidak jokatuko dira, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, ETB-1eko kamerak zuzenean direla. Finalerdiak astebete beranduago jokatuko dira, Bilboko Deportivo pilotalekuan eta finala, aldiz, Donostiako Atano III.a historikoan jokatuko da, urriaren 16an, ETB-k zuzenean emango duen jaialdian.

Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan egindako aurkezpenean, pilotariez gain, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako Sailburua eta bozeramailea, Itxaso Erroteta, Bilboko udaleko Gazteria eta Kirol Zinegotzia, Martin Ibabe, Donostiako udaleko Kirol Zinegotzia eta Miren Fernandez de Landa, Vitoria-Gasteizko berdintasun Zinegotzia izan dira pilotariei babesa eskaintzen eta ordezkari guztiak bat etorri dira halako txapelketek emakumezkoen esku pilotaren garapenean duten garrantzia nabarmentzerakoan. Denek uste dute halako ekimenak norabide egokian emandako urratsak direla, emakumeei erreferentzialtasuna eta ikusgarritasuna eskainiz eta bakoitzari bere maila eta beharren araberako txapelketa egokietako ateak zabalduz. Pilotariak ere oso eskertuak agertu dira erakundeek euren alde egin duten apustuarengatik.