NAIZ

Bularreko minbiziaren aurkako borrokak Bilboko kaleak hartuko ditu berriro urriaren 9an

Bi urte eta gero, Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketa Solidarioak berriro hartuko ditu Bilboko kaleak urriaren 9an. Dagoeneko, 7.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena eta datozen egunetan 10.000 izatea espero dute.

Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketa Solidarioa 2019an
Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketa Solidarioa 2019an (ACAMBI)

Bizkaiko Bularreko Minbiziaren eta Ginekologiaren Elkarteak (Acambi) antolatzen duten Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketa Solidarioa urriaren 9an izango da. Ostegun honetan aurkeztu dute ‘Marea arrosa’ bezala ezagutzen den lasterketa ACAMBIk, María del Mar Vivanco doktoreak eta ekimenaren erakunde babesle nagusiak diren Gimnasio Urtzi Fitnessek eta Laboral Kutxak.

Covid-aren pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zuten bi urteren ostean itzuli da lasterketa. 11.00etan hasiko da Guggenheim Museoan eta Euskalduna Jauregirantz abiatuko da itsasadarraren ertzetik. Bertara iritsitakoan, Euskalduna zubia zeharkatuko du eta udaletxerantz joango da itsasadarraren beste ertzetik. Behin udaletxera iritsita, berriro itsasadarra zeharkatuko du eta Uribitarte pasealetik igarota Guggenheimean bukatuko da.

Lehiarik gabeko proba da, 5 kilometrokoa, eta edonor parte hartu dezake. Gainera, lasterketan parte hartu gabe bularretako minbiziaren kontrako borrokan kolaboratu nahi duenak 0 dortsala eskuratu dezake Laboral Kutxaren ES51 3035.0083.27.0830034765 kontuan dohaintza bat eginez.

Elkarteak gogorarazi du lasterketak helburu «solidarioa» duela eta bildutako diruak ikerketarako eta María del Mar Vivanco doktoreak Zamudioko BioGune Ikerketa Zentroan hasitako proiektuarekin jarraitzeko balio duela.

Dagoeneko, 7.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena eta datozen egunetan 10.000 izatea espero dute.