Arnaitz Gorriti

Arazoak arazo, aldaketen denboraldi honetan aurpegirik onena emateko prest dago Bilbao Basket

Entrenatzaile berria, jokalari berri asko, lesio larriak eta nahi beste prestatu gabe bada ere, 2022/23 denboraldia gainera datorkie beltzezko gizonei. Zaleak eta zortea lagun, «16 onenen artean mantebtzea» baino zerbait gehiago bilatuko dute bilbotarrek, berdin ACB Ligan nola Txapeldunen Ligan ere.

Bilbao Basket berria 2022/23 denboraldirako prest.
Bilbao Basket berria 2022/23 denboraldirako prest. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ostiral gaueko 21.30etan ekingo dio Surne Bilbao Basketek 2022/23 denboraldiari eta handik aurrera, ez da gupidarik izango. Hasteko eta bat, hiru neurketa astebete baino gutxiagoan: Joventuten aurka Badalonan ostiralean, igandean urriaren 2an 17.00etan Betisen aurka Miribillako aurreneko norgehiagoka eta asteartean, urriaren 4an, Nymburken kantxan FIBAren Txapeldunen Ligako aurreneko jardunaldia. Denboraldiaren aurreneko «sprint» hau urriaren 9an, igandez hau ere, 17.00etan Valentzia Basketen aurka Bilbao Arenan –Xabi Lopez-Arostegi getxoztarra eta Alex Mumbru itzuliko dira Bilbora egun horretan–.

Arnasa batean partida hauek guztiak izendatzeak nekea sortzen du, baina jokalariek ezin diote muzin egin aurretik datorkien partida hauei guztiei. «Entrenatzaileak nahiago luke agian denbora gehixeago izan taldea hobeto egokitzeko, lesioekin eta arazo dezente izan ditugulako, baina jokalarioi jokatzea gustatzen zaigu», dio Alex Reyesek, beltzezko gizonen taldeko jokalari «beteranoenetako» batek, alegia, 2020az geroztik Bilbon baitabil.

«Ez gaude topera, ezta gutxiagorik ere, eta egia da akaso bost entrenamendu egingo genituela gehienez ere talde osoa bertan dela. Baina lehiatzeko prest egongo gara, egon ziur», dio bere aldetik Nikola Radicevic joko antolatzaileak. Serbiarrak Bilbao Basketekin debuta egingo du, aurrez ACB Ligan Betisen, Murtzian eta Kanaria Handian eskarmentua hartu eta gero. «Lesioen erruz, ni neu ere ez nago onenean, baina hori ez da aitzakia. Lehiarako prest egon behar dugu denboraldia hasten denerako eta horrela izango da», dio Balkanetako jokalariak.

Aurpegi berri asko ditu 2022/23 denboraldiari begira Surne Bilbao Basketek. Alex Mumbru Valentziara joan zen eta bere ordez Jaume Ponsarnauk hartu du bere lekukoa beltzezko gizonen aulkian. Tarregako entrenatzaileak badu eskarmentua berdin talde txiki zein handietan –dela Gipuzkoa Basket, dela Manresa, dela Valentzia edo Zaragoza...– eta ohituta dago lehiak ez duela barkatzen behin baloia airera botatzen den momentutik hasita.

«Lesio asko izan ditugu denboraldi-aurrean eta horietako asko antolatzaileek nozitu dituzte. Beraz, taldea behar bezala hazten joan dadin nahi baino arazo gehiago aurkitu ditugu. Baina egoerak egoera, ahalik eta unerik aproposenean gaude denboraldia hastera doan honetan. Beraz, ahalik eta lehiakorren izango garelako ustean, baikorrak gara», laburbildu du entrenatzaile katalanak.

Talde berria eraikitzen

Ez baita berea aurpegi berri bakarra. Nikola Radicevic eta Adam Smithek osatuko dute antolatzaile bikotea, Ludde Hakansonekin batera. Smithen kasuan, lesio larria jasan duelako jokatu ezinik dabilen Andrew Goudelocken ordez etorri da, eta kostata bada ere, badirudi taldera egokitzen ari dela. Francis Alonso eta Xavi Rabaseda –bilbotarren kapitain berria– hegaleko jokoa janztera etorri dira; antolatzaileei lagundu eta bere jaurtiketa finari esker laguntzera Malagako jokalaria; eskarmentuaz gain, defentsan eta gaitasun fisikoan zerbait eman nahian Rabasedaren kasuan. Horrez aparte, Denzel Andersson suediarra, Michale Kyser estatubatuarra eta Ignacio Rosa espainiarrak berrituko dute beltzezko gizonen barruko jokoa, iaztik hona geratzen den Jeff Witheyrekin eta, Tenerifen aritu eta gero, Bilbora itzuli den Emir Sljemanovic bosniarrarekin batera.

«Partida pilaketei eta denboraldi amaierara begirako halburuei ezin diegu begiratu, eraikitzen ari garen taldeari baino», dio bestalde Francis Alonsok.

Iritsi berrien artean dago Xavi Rabaseda kapitaina ere. Maila galdu berri duen Burgos taldetik dator jokalari katalana. «Aurreneko aste hauetan egiten dugunak markatuko du gure lana aurrerantzean, nahiz eta Joventuten aurka oso hasiera zaila tokatzen zaigun, Bartzelona, Real Madril, Baskonia eta Valentziaren parera iristea helburu duen taldea izango baita gure lehenbiziko aurkaria», adierazi du Rabasedak.

«Pasio handiko jokalaria izan naiz beti eta orain kapitain naizela, nire estatistikak ahaztu eta taldea ereduaren bitartez zuzentzen ahalegindu behar dut. Egiten dudan lanari segika taldekideak atzetik badatoz, nornahiren aurka lehiakor izango garela ziur nago», gaineratu du.

ACB Ligaz gain, FIBAren Txapeldunen Liga ere jokatu behar du Bilbao Basketek, eta horrek nahi beste ezin entrenatzea suposatzen du bizkaitarrentzat, bidaia gehiago pilatzeaz gain. Alabaina, horren aurrean ere hazi egin behar du taldeak, entrenatzailearen aburuz.

«Liga hasierako partida pilaketa hau bi astetik behin edo tokatuko zaigu hasiera batean», ohartarazi du Jaume Ponsarnauk. «Horren aurrean ikusi egin beharko da jokalari bakoitza nola den erantzuteko gai, baina batez ere taldea eragozpenei zernola erantzuteko kapaz den erakutsiko digute partida pilaketa hauek, eta honek hazteko balio behar digu», azpimarratzen du Tarregako entrenatzaileak, jakinean «ACB Ligako 16 aurrenekoen artean» leku bat egitea dela denboraldia hastear den honetan bizkaitarren helburu nagusiena.

Francis Alonsoren ustez, aldiz, «talde berria ari gara eraikitzen eta bilakaera egunetik egunerakoa izan behar da. Maila mantentzea dela helburu nagusiena gauza jakina da, baina anbizioa ere erakutsi behar dugu. Taldeak egunero bide horretan egiten du lan eta bere buruari asko eskatzen dio eta taldekideok nik uste badakigula maila mantentze hutsa baino gehiago ere lor dezakegula».

Europari begira, «aurreneko ligaxkan lehenengo postuan amaitzea garrantzitsua da», Xavi Rabasedaren ustez. «Horrek tarteko kanporaketarik jokatu behar ez izatera eraman gaitzake eta bidaia gutxiago egitera. Gauzak ondo egin behar direla bistan da, baina han ere urrutira iritsi gaitezke», gaineratu du.

«Talde on baten bila»

Nolakoa da, ordea, «ondo» jokatzen duen Bilbao Basket bat? «Taldean jokatzen duena, batez ere», azpimarratzen du Nikola Radicevicek. «Berdin erasoan zein defentsan, taldeak elkarrekin jokatu, sufritu eta gozatu behar du. Eta elkarrekin borroka egin, momenturik baxuenetan elkar laguntzea ezinbestekoa baita azken minutuetara irabazteko aukerekin iristeko», dio serbiarrak.

Jaume Ponsarnauren ustetan, berriz, «talde dinamiko bat izan behar du. Korrika egiteko aukera duenean, azkar mugituko dena, baina era berean, lasai ibili behar den momentu horiek zentzuz kudeatzen dakiena. Erasoan abantaila berandu baino lehen bilatzen saiatu behar da taldea, baina horrez gain, defentsan aurkariari eroso jokatzen lagako ez dion taldea izatea erdietsi behar dugu».

Ez da ahaztu behar iaz Bilbao Basket izan zela ACB Ligan aurreneko garaipena lortzen azkena, segidan bost partida galdu ostean, Fuenlabradaren aurka 55-68 atzetik joan eta gero irabazi baitzuen. Zentzu horretan, iaz Bilbao Basketek Bilbao Arenako berotasuna berreskuratu zuen eta 2020/21 denboraldian ez bezala –kantxetan jenderik ezin izan baitzen bildu–, zenbait garaipen jendeari eskerrak atera zituela.

Miribilla ere zain

«Taldea aldatu da baina zaleak iazko berberak dira», azpimarratzen du Alex Reyesek. «Iaz etxean indartsu aritu ginen eta aurten ere hala behar du. Futbolean esan ohi da aurkari guztiak direla zailak eta, era berean, partida guztietan atera behar dela irabaztera, baina etxean bereziki hala izan behar du, Betisen aurka igandean jokatu behar dugun neurketatik hasita. Zorionez, jende askok iaz saskibaloia ikustera etortzeko ohitura berreskuratu zuen eta beren laguntza oso egokia izan zen guretzat. Ea aurten iaz adina edota gehiago ere biltzen diren, saskibaloia goi mailako kirol ikuskizuna delako».

Entrenatzailea ere igandea noiz iritsiko zai dago. «Partidaz partida joan behar dela diogu denok eta hala da, ezin baitugu Joventuten aurkako estreineko dema galdutzat eman jokatu baino lehen, baina egia da, bestalde, igandea iristeko irrikaz nagoela Bilbao Arena jendez beteta eta gure taldea animatzen ikusteko», onartu du.

Zentzu horretan, Alex Reyesen diskurtsoa baikortzen doa aurrera egin ahala. «Egia da arazoak eta lesioak izan ditugula, baina esaterako, Euskal Kopan beste gauza bat ikusi zuten gure zaleek. Taldea korrika egiten ikusi zuten, Baskonia bezalako aurkari handi baten aurrean lehiakor. Bide horretatik jarraitzea da egin behar duguna, erotu gabe baina gure lekua egiteko itxaropenaz», dio Cacereseko hegalekoak.

«Taldeak kimika ona dauka eta hori kantxan eta kanpoan ikusi dadila ahalegindu behar dugu», gaineratu du Nikola Radicevicek. «Nik neuk, gainera, antolatzaile naizen aldetik, taldekideak nirekin eroso egon daitezen saiatu behar dut. Hori gertatzen bada, ikusleek ere igarriko dute taldea bide onean dela, eta lagunduko digute», amaitu du, Bilbao Basket aurrez aurre datorkiona ondo kudeatzen kapaz izango denaren itxaropenaz.