NAIZ

Arte eszenikoen udazkeneko denboraldian 500 emanaldi inguru eskainiko dira EAEko 69 gunetan

Beste batzuen artean, emanaldiak egingo dituzte Glu Glu Producciones (‘Munduari itzulia 80 egunetan’), Txalo Produkzioak (‘Ixilik hobe’), Artedrama (‘Hondamendia’), Anita Maravillas (‘Andrereinoa’), Vaiven Producciones (‘Familia sarekada’) eta Logela Multimedia konpainiek.

Arte eszenikoen udazkeneko programazioaren aurkezpena, Principal Antzokian.
Arte eszenikoen udazkeneko programazioaren aurkezpena, Principal Antzokian. (IREKIA)

EAEko Sarea taldeak biltzen dituen titulartasun publikoko 69 gune eszenikoek 200 konpainiaren 500 emanaldi inguru eskainiko dituzte urtea bukatu arte. Hala iragarri dute Bingen Zupiria Lakuako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Miriam Romatet Sareako zuzendaritza kontseiluko kideak, Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kiroleko diputatuak eta Txomin Sagarzazu Eudeleko ordezkari.

Gasteizko Principal antzokian egin duten ekitaldian azaldu dutenez, Sarea titulartasun publikoko 69 gune eszeniko biltzen dituen antzokien sarea da, eta biztanleen %82,5 biltzen dituzten EAEko 58 udalerritan finkatuta dago.

Hala, irailean hasi den arte eszenikoen udazkeneko denboraldiak 200 konpainiaren 300 ikuskizun baino gehiago bilduko ditu (antzerkia, dantza eta musika), eta 500 emanaldi inguruk osatuko dute Sareako antzokien programazioa urtea amaitu arte.

Emanaldien erdia baino gehiago antzezlanak izango dira (%57), laurdenak baino gehiago musika emanaldiak (%29), eta gainerakoak (%14) dantzari lotutakoak.

Euskararen presentzia «esanguratsua» izango dela nabarnendu dute arduradunek, antzerki emanaldi guztien laurdenak izango baitira euskaraz, eta %60 haurrei zuzendutako antzezlanen kasuan.

Gainerako lanak gaztelaniazkoak, testurik gabeak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak izango dira.

Eskaintza zabala

Sareak azpimarratu du euskal konpainia nagusiek egitarauan izango duten garrantzia. Beste batzuen artean, emanaldiak egingo dituzte Glu Glu Producciones (‘Munduari itzulia 80 egunetan’), Txalo Produkzioak (‘Ixilik hobe’), Artedrama (‘Hondamendia’), Anita Maravillas (‘Andrereinoa’), Vaiven Producciones (‘Familia sarekada’), Mar Mar Teatro (‘Arrainak bihotzean’) eta Logela Multimedia konpainiek.

Era berean, aurreko denboraldian estreinatutako zenbait ikuskizun eskaintzen jarraituko da: ‘Zuhaitzak landatzen zituen gizona’ (Teatro Gorakada), ‘Lubaki lainotsua’ (Atx Teatroa), ‘Kopaz kopa’ (Ados Teatroa), ‘Ama’ (Marie de Jongh), ‘Hnuy Illa’ (Kukai Dantza) eta ‘Dead’ (Lasala).

EAEtik kanpoko konpainiak ere izango dira: ‘La leona’ (Olga Pericet), ‘La reina del Arga’ (Estefania de Paz Asin), ‘Bailar agora’ (Marta Alonso), ‘Celestina infernal’ (Teatro Corsario) eta ‘N.E.V.E.R.M.O.R.E’ (Chévere).