Nagore Belastegi

Heriotzari beldurra kentzeko erronka duen saiakera dakar Oskar Gazteluk

Heriotzaren inguruan munduan dauden errituak eta historian atzera begira aurkitu dituenak jasotzen ditu ‘Heriotzari aurrez aurre begira’ lanak. Heriotza gertu izan dutenen testigantzak ere bildu ditu.

Oskar Gaztelu heriotzaren inguruko liburua eskuan duela.
Oskar Gaztelu heriotzaren inguruko liburua eskuan duela. (Jon URBE | FOKU)

Ezezagunari beldurra izan ohi diogu, eta ez da ezer ezagunagorik heriotza baino. Beldurrei aurre egitea da horiek gainditzeko modurik eraginkorrena, eta heriotzaren kasuan, baztertu ezin dugun zerbait denez, horren inguruan gogoeta egitea ezinbestekoa zaigu gure bizitzaren uneren batean.

Gure bizitzan jaiotza bera bezain garrantzitsua den heriotzari tabua kentzeko intentzioarekin idatzi du Oskar Gazteluk bere azken liburua, ‘Heriotzari aurrez aurre begira’ (Erein), «apaltasunez» egindako saiakera. Apal, ez delako aditua, baina oso sakon landu du gaia, mahai gainean jarri eta irakurleek pentsatu eta eztabaidatu dezaten, denok pasatu behar garelako trantze horretatik.

Miguel de Unamuno Sariari esker argitaratu ahal izan du lana. Egileak berak aurkezpenean azaldu duenez, saria jaso ostean lehenengo zoriondu egiten zuen jendeak, eta gero galdetzen zioten ea zergatik idazten zuen heriotzari buruz, hain gai tristea izanik. Erantzuna jada emana dut aurreko lerroetan: bizitzan bi gauza direlako garrantzitsuenak, jaiotza eta heriotza. «Jaiotza poztasun eta zoriontasun une bat da, ziurgabetasun une bat ere. Heriotza, berriz, gure kulturan, baztertua, ahaztua, ezkutatua dago. Tabua da eta beldurra sortzen du. Baina heriotza gure bizitzako une askotan agertzen zaigu», azpimarratu du.

Zentzu horretan, adierazi du hobe dugula «heriotzarekin dantzan egiten ikastea», horrela lasaiago eta modu naturalago batean biziko garelako. Hala, liburuan beste herrialdetan heriotza nola bizi den aztertzen du, ohiturak azaltzen ditu (erlijio handienak ez, horiek aski ezagunak direlako), historian nola landu den jasotzen du eta heriotzari buruz idatzi duten beste egileei erreferrentzia egiten die.  

Heriotza aurreko bost etapak

Atal batean heriotzatik gertu dauden jendearekin lan egiten duten pertsonen testigantzak txertatu ditu. Adibidez, Elisabeth Kübler-Ross agertzen da, erizaina, hilzorian zeuden pertsonei fase hori onartzen laguntzen ziena. Berari esker ezagutzen dira egun heriotza aurreko faseak (edozein motatako doluari aplikatu ahal zaizkonak): ukazioa, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena.

Hil ondorengo zeremoniei dagokionez, Indonesiako zonalde batean egiten den erritua aipatu du aurkezpenean Gazteluk: «Gorpuak momifikatu egiten dituzte eta etxean gordetzen dituzte hilabete edo urteetan, hileta egin arte. Bitartean zaindu eta orraztu egiten dituzte hildakoak. Hileta da prozesuaren amaiera, eta senide guztiak biltzen direnean festa handi bat egiten dute».

Mendebaldeko gizartean egun heriotzarekin dugun harremana oso bestelakoa da, askoz arrotzagoa zaigu, baina beti ez da horrela izan. Izan ere, Euskal Herrian bertan, duela mende batzuk heriotzatz hitz egitea normala zen, «umeak gaubeiletan egoten ziren eta emakumeek bertsoak kantatzen zituzten».

Liburuan heriotza landu duten beste egileak aipatzerakoan, ageri dira Joan Didion, bikotearen dolua adierazi zuena ‘Pentsamendu magikoaren urtea’ lanean (Pulitzer saria irabazi zuen); Isabel Allenderen ‘Paula’, bere alabaren heriotzaren ingurukoa; Miguel de Unamuno bera, 6 urterekin aita galdu zuena eta bere semeak adin bera zuenean hil zena; edota Xabier Lete, bere emaztearen galeraren ostean sortu zituen poemekin.