Jon Ormazabal

Motxilan inolako pisurik gabe, bere ibilbideko jauzirik handiena eman du Aitor Elordik

Ezkurdiak uneren batean partidaren kontrola izan badu ere, 9-6 ere aurreratu da, mallabitarrak sekulako erakustaldia emanda irabazi du lehen puntua (17-22)

Aitor Elordik partida borobila jokatu du lehen puntua eskuratzeko.
Aitor Elordik partida borobila jokatu du lehen puntua eskuratzeko. (Oskar MATXIN EDESA/ FOKU)

Aukerak aprobetxatzeko omen dira eta final zortzirenetan Jakari nagusitasunez irabazita lortutakoari etekin izugarria atera dio Aitor Elordik, Joseba Ezkurdia faboritoari merezimendu osoz irabazita, bere ibilbidean inflexio puntu bat izan daitekeen mugarria ezarriz. Ezagunak ziren mallabitarraren dohain teknikoak, baina Beasaingo Antzizar pilotalekuan orain arte ikusi gabekoak genizkion ahalmen fisiko eta psikologikoak ere erakutsi ditu, defentsa lan handia egin eta partida zaildu zaionean bere buruarengan sekulako konfiantza erakutsiz.

Maila honetako partidak jokatzea ohorea zela esan du bizkaitarrak partida hasi aurretik baina gaur emandako erakustaldiaren ondoren onenen artean jokatzeko gaitasuna baduela sinisteko arrazoiak bildu ditu, udako aurrelaririk onena izan den pilotariari ondo irabazita.

Ausart eta eraginkor

Lehia bizi hasi da Beasainen. Galtzeko ezer gabe, mallabitarrak ausart ekin dio partidari, ahal zuen bakoitzean errematea bilatu eta sakearekin min egiteko intentzioarekin. Ezkurdiari azkar antzeman zaizkio zenbait gabezia, kaiolan sartu ezinda ariko balitz bezala, baina 3-6koaren ostean, Elordik kanpora botatako sake-erremate erraz baten ondoren, partidaren kontrola bere egin du, une batez bederen, kantxaren erdia irabazi eta, pilotari abiadura bizia sartuz, aurkaria bere mende zuela zirudien. Sentsazioak onenak ez baziren ere, kosta egin zaio sakearen ostean gantxoa bilatzen eta ezker paretan topatu du babesa, lehen atsedenaldi luzera aurretik joan da arbizuarra (12-9).

Errestoan eta defentsan gauzak ondo egiten ari bazen ere, Elordik azkar ulertu du piloteoa luzatzeak batere onik egiten ez ziola –isikoki ere oso indartsu ikusi dugu bizkaitarra– eta erasoan arriskuak hartzen hasi da, ezkerrez gantxo bikainak gurutzatuz. Aleren bat galdu badu ere, errematean oso eraginkor aritu da mallabitarra eta Ezkurdia bere onetik atera du. Deseroso aritu da arbizuarra, eskuinez pilota gozatzea kosta egin zaio eta errestoan ere ez da finegi aritu eta partidatik irten egin da, aurkariaren jokoari aurre egin ezinik. 9-0 eko partzial batekin, Elordik partida bere aldera hautsi du eta lehen puntua eskuratu du eta Ezkurdiak ere, bere egunik onena izan gabe, markagailua nolabait txukuntzea lortu du.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia: 17

Elordi: 22

Pilotakadak: 300. Iraupena: 55,19 minutu. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-6, 9-6, 9-9, 12-9, 12-18, 13-18, 13-20, 16-20, 16-21, 17-21, 17-22. Sakeak: 4 Ezkurdiak eta 4 Elordik. Egindakoak: 10 Ezkurdiak eta 14 Elordik. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak eta 3 Elordik. Gorabeherak: Sarrera polita Beasaingo Antzizar kiroldegian, Mattin Ezkurdiak egin ditu anaiaren botilero lanak eta Garikoitz Txapartegi Aitor Elordi ilobarenak.