NAIZ

Hamar euskal film BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 15. edizioan

14 herrialdetako 59 film hautatu dituzte BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 15. edizioan; horietatik hamar Euskal Herrikoak. Abenduaren 9tik 18ra bitartean Bilbo «mendiko, abenturako, muturreko kiroletako eta naturako zinemaren nazioarteko epizentroa izango da aurten ere», antolatzaileen esanetan.

Mendia du ardatz BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak. Hauek edizio honetako datuak: 190 filma aurkeztu dira eta horien artean 59  hautatu dira Sail Ofizialerako, Zabalandi sailerako eta Mendi Film Bizkaia Ternua Bekarako, eta 14 herrialde daude ordezkatuta. Estatu espainiarreko ekoizpenen igoera nabarmena eman da, iazko 10etik aurtengo 20ra pasatu delako, eta horien artean erdia Euskal Herrian ekoitzitako edota zuzendari euskaldunak dituztenak dira.

Hamar film euskaldunen artean, esaterako, Rosa Garcíaren ‘Anwar’ dago, Alex Txikon mendizale bizkaitarren proiektua islatzen duena; edo ‘Iretargi’, Janire Etxabe dantzariaren dantza bertikalari buruzkoa.

Beste herrialdeko filmeei dagokionez, hauek kopuruak: Amerikar Estatu Batuak (12), Estatu francesa (7), Alemania (3), Erresuma Batua (3), Kanada (3), Argentina (2), Australia (2), Polonia (2), Austria (1), Herbehereak (1), Italia (1), Norvegia (1).
 
Sail Ofizialak 25.200 eurotan banatuko ditu dirutan, 14 izendapenekin.

Epaimahaian Iratxe Fresneda zinemagile, gidoilari eta EHUko irakaslea dago, NAIZ eta GARAko ohiko kolaboratzaile dena. Berarekin batera daude Lisa Stolze austriarra, marketin aditua eta Red Bull Media House ekoiztetxeko kide izana; Laura Zumiani italiarra, Trento Film Festival-eko programatzailea eta Italiako zinema jaialdien elkargoko zuzendaritzako kidea; Josué Vergara valentziarra, musikari eta soinu banden konpositorea da, besteak beste Seb Montaz zinemagilearekin jarduten duena; eta Albert Pascual katalana, zinemagilea eta argazki zuzendaria, esaterako ‘La Cima’ filman, eta irakaslea ESCAC Kataluniako zinema eskolan.

Filma hauek guztiak Sala BBK-n, Euskalduna Jauregian eta Azkuna Zentroko Golem zinemetan eskainiko dira. Pandemiak baldintzatutako aurreko bi urteen aldean batere aforo mugarik gabeko jaialdia izango da, zaleak aretoetan biltzeko aukera izango dute. Egitarau xehatua azaro erdialdera publikatuko da.