Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Multzoen faserako azken urratsa: Besançon aurkari eta itzulerako partida, Donostian

Bera Berak Besançon taldearen aurka jokatuko du European Leagueko hirugarren faseko kanporaketa, multzoen fasera sailkatzeko azkena, alegia. Talde frantziarra iaz final laurdenetaraino iritsi zen. Joaneko partida abenduaren 3-4an jokatuko da; itzulerakoa, 10-11n, Donostian.

Mariane Fernandes, iaz Paris 92 talde frantziarraren aurka jokaturiko kanporaketan.
Mariane Fernandes, iaz Paris 92 talde frantziarraren aurka jokaturiko kanporaketan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bera Berak egutegian ondo seinalatua dauka abenduko lehendabiziko bi asteak. EHF European Leagueko hirugarren faseko kanporaketa jokatuko diren egunak, alegia. Bada, asteazken honetan, Vienan (Austria), egin da norgehiagoka horien zozketa eta Bera Berak Besançon talde frantziarraren aurka lehiatuko da.

Frantziarrak, iaz, multzoen fasera iritsi ez ezik, final-laurdenetara ere sailkatu ziren. SG BBM Bietigheim taldearen aurka jokaturiko kanporaketan, baina, ezin izan zuten ezer egin (23-29 eta 30-20).

Egungo denboraldia kontuan hartuz gero, Estatu frantseseko ligan zortzigarren sailkatua da. Bost partida jokatuta, bi garaipen erdietsi ditu (Merignac eta Toulon); bi porrot (Eli Cesareoren Dijon eta Chambray Touraine) eta berdinketa batekin (Paris 92) osatzen du ibilbidea. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar iazko denboraldian Kopako finalera iritsi zela eta orduan Metzen jokatzen zuen Adriana Cardosoren taldeak garaitu zuela finalean.

Sentsazioa da egokitu zitezkeen zenbait talde indartsu saihestu dituela Bera Berak zozketa honetan. Esaterako, Txapeldunen Ligan ohikoak izan diren Suediako Sävehof, Kroaziako Podravka eta Alemaniako Borussia Dortmund; 2021ean European Leagueko txapeldun izan zen Le Neptunes Nantes edo egungo txapeldunorde Viborg (Dinamarka).

«Zeuden aukeren artean, talde zaila da, bai, baina gu ere talde konplikatua gara irabazteko», adierazi du Alba Menendez kapitainak, zozketa egin berritan. Kapitainak onartu du egun «Frantziako ligako talde askoren pare» dagoela Bera Bera, «iaz Paris 92 taldearen aurka irabazitako kanporaketa horren isla da».

Imanol Alvarezek, bestalde, baloratu du «prestatzeko partida erraza» izango dela, ondo ezagutzen dutelako Besançonen jokatzeko modua, «gero kantxan jokatzea beste kontu bat» izango den arren. Modu horretan, esan du partida konplikatua izango dela baina hirugarren fasean ez dagoela partida errazik.

«Dena emango dugu, urteko helburua edo helburu garrantzitsuenen artean dago multzo-fasera sailkatzea», azpimarratu du zintzoki. Hala, itzulerako partida etxean jokatzeak ere badauka xarma berezi bat, «iaz Parisen bizi izan genuen giro berezi hura aurten etxean, gure jendearekin, bizitzea oso polita litzatekeelako».

Joaneko partida Estatu frantsesean jokatuko da, abenduaren 3 edo 4an eta beraz, Donostian erabakiko da kanporaketa.

2019an, lehen aldiz

Gogoratu behar da historian behin sailkatu dela Bera Bera EHF European Leagueko multzoen fasera eta hori, 2018-2019 denboraldian izan zela, Imanol Alvarezen bigarren etapa hasi berritan.

Orduan, hirugarren faseko kanporaketan, hain zuzen, Dunaujvarosi Kohasz (Kazakhstan) taldea kanporatu zuen (18-26 eta 22-23). Ondoren, multzoen fasean Podravka Vegeta, Nykobing Falster eta Craiova taldeen aurka lehiatu zen. Bi partida irabazita, ez zen final-laurdenetarako sailkatu.

Ordutik, ezin izan du balentria errepikatu –Menendezek aurten errepikatzeko «aukera ona» ikusten du–, hein handi batean atariko kanporaketetan maila handiko arerioak egokitu zaizkiola. Urrutira joan gabe, iaz, Q2 kanporaketan Paris 92 bezalako talde indartsuari egin behar izan zion aurre. Ezusteko handia eman zuen hain talde boteretsua kanporatuta eta Q3an Ramnicu Valcea estu hartu bazuen ere, ezin izan zuen multzoen faseko ametsa eta helburu handia gauzatu.

Aurten, Europako txapelketari ilusio bereziarekin begira jarri dira donostiarrak, kanporaketa bakarra jokatu behar baitute multzoen fasera sailkatu aurretik. Zozketan zortea edukitzea zen gakoetako bat eta irudipena da, hein batean, xantza ez dela gaiztoa izan.