Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Interview
Eider Hernandez
Beti Onak taldeko jokalaria

«Akats bat egiten duzun unean emozioak kudeatzea izan da gehien kosta zaidana»

Eider Hernandezek (Iruñea, 2001) primeran islatzen du Beti Onak-en izaera. Harrobiko jokalaria da, iaz taldeko golegile nagusia izan zen eta 21 urte besterik ez dituela elitean debutatu du: «Egia esan, nahiko zoroa ari da izaten guztia». Denboraldi hasiera aparta ari dira egiten nafarrak.

Eider Hernandez, 2022-2023 denboraldiko elastiko berrien aurkezpenean.
Eider Hernandez, 2022-2023 denboraldiko elastiko berrien aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bost partidatan hiru garaipen eta bi porrot; horixe da Beti Onaken balantzea denboraldi hasiera honetan, bere estreinakoa goi-mailan. Larunbat honetan, 18.00etan, Bera Beraren aurka jokatuko du, etxean, Indurain kiroldegian. «Kemena eta konfiantza», horiexek dira, Eider Hernandez iruindarraren ustez, egungo txapeldunari aurre egiteko osagai egokienak. Pozik dago, baina onartzen du gutxika ari dela elitera egokitzen; «kosta egiten da».

Nola baloratzen duzu denboraldi hasiera hau?

Balorazio nahiko ona egiten dut. Uste dut inork ez zuela uste hiru partida irabaziko genituenik liga hasi bezain pronto. Bi galdu ditugu, baina horiek ikasteko erabiliko ditugu.

Bi porrot soilik. Azkena, Guardesen etxean jasandakoa, izan da mingarriena?

Bai, ez genekien zer egin, bat-batean harrapatu gintuzten.

Horrek errealitatera itzularazi zaituzte?

Bai, nik uste dut beharrezkoa zela, ordura arte amets moduko batean geundelako; errealitate kolpe bat izan zen. Guztiontzat izan zen ezustekoa, baliabiderik gabe geratu ginelako, bai joko aldetik eta baita mentalki ere. Ez genekien zer egin, blokeatuta geratu ginen. Dena dela, uste dut honek ikasteko balioko digula; guztiok dakigu ondo jokatzen badugu edozein aurkariren aurka lehiatu gaitezkeela.

Zu pertsonalki nola zaude?

Maila honetara egokitzea kostatu egin zait, batez ere mentalki, jauzi handia delako. Partidak jokatu ahala gero eta erosoago sentitzen naiz.

Elkarrizketa batean esan zenuen iazko sasoia gorabeheratsua izan zela pertsonalki, baina taldearen emaitza onek hori konpentsatzen zutela. Aurten nola ikusten duzu zeure burua? Protagonista?

Aurten zaila da protagonista izatea, bakoitzak eman behar duelako apur bat partidak irabazi ahal izateko. Ez du ezertarako balio norbaitek partida on bat jokatzeak, albokoek huts egiten badute. Aurkariak askoz hobeak dira eta askoz hobeto aprobetxatzen dituzte akatsak. Ez naiz protagonista ikusten, taldearen zati garrantzitsu sentitzen naiz, guztiak bezala.

Elitean debuta egin duen talde baten zati garrantzitsu eta soilik 21 urterekin.

Bai, egia esan, nahiko zoroa da dena (barrez).

«Zaleak oso garrantzitsuak dira,  partida guztietan animoak ematen aritzen dira, izugarria da. Uste dut aurten gure pabiloia gotorlekua izango dela guretzat»

Zer da elitean jokatzearen alderik gogorrena?

Gogorrena... alde psikologikoa, esango nuke. Partidak kudeatzea, emozioak kudeatzea... Iaz  akats bat egin eta agian ez zen igartzen, baina elitean akats txiki bat ere igarri egiten da. Akats bat egiten duzun unean emozioak kudeatzea, behera ez etortzea, izan da gehien kostatu zaidana. Ikasten goaz, horretarako da urte hau, eta aurrera!

Nola aurre egiten zaio Bera Berari, egungo txapeldunari?

Kemenarekin eta konfiantzarekin. Ez daukagu galtzeko ezer, daukagun guztiarekin aterako gara, noski. Gainera, etxean jokatzen dugu, gure zaleen aurrean eta dena emango dugu. Ikasteko eta gure gauzak hobetzeko ere balioko digu.

Zaleak ere proiektu honen zati garrantzitsua dira, ezta?

Zati oso garrantzitsua da, beti daude hor, guztiak beren kamiseta berdearekin, partida guztietan animoak ematen... Kiroldegian ikusten gaituztenean ere animatu egiten gaituzte, izugarria da. Uste dut aurten gure pabiloia gotorlekua izango dela guretzat.

Itxakoren desagerpenaren ostean, garrantzitsua da berriro ere Nafarroakoa talde bat elitean egotea, ezta? Beti Onak hutsune hori betetzera dator?

Nik uste dut jada betetzen ari dela hutsune hori. Esan digute aurten neska pila batek eman dutela izena eskubaloian jokatzeko, jende askok nahi zuela Beti Onaken jokatu, eta hori oso garrantzitsua da Nafarroarentzat. Jende gehiago eskubaloian jokatzen hastea, gero eta babes gehiago ematea... Oso garrantzitsua da eta jada igartzen ari gara.