Iraitz Mateo

Angel Errok ‘Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-’ poesia-bilduma aurkeztu du

Urteetan zehar idatzitako poesiekin argitaratu du bere azken poesia-bilduma Angel Errok. Blas de Otero- Angela Figuera XIV. poesia lehiaketa irabazi du ‘Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-’ lanarekin.

Angel Erro "Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-" lanaren aurkezpenean
Angel Erro "Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak-" lanaren aurkezpenean (Gorka Rubio | FOKU)

Ez du poema liburu bat irakurtzeko jarraibide edo «leziorik» ematen, Angel Erro burlatarraren azken poesia bildumak, baina «laburra da eta ez du lezio askorik ematen, baina bukatzerako ohartu zara irakurri duzula liburua; hori da jarraibideen azken helburua, ezta? liburua irakurtzea» aitortu du Donostian egindako aurkezpenean, ohikoa duen umore zorrotzez. Blas de Otero-Angela Figuera XIV. Poesia lehiaketa irabazi du azken lanarekin Errok.

Uxue Razquin Ereineko editorearekin batera aurkeztu du Errok bere azken liburua Donostian. Razquinek kontrazalean jasotzen den esaldi bati egin dio erreferentzia aurkezpenarekin hasteko: «Ez pentsa, halere, egiteko zail (irakurtzeko) edo adituentzakoa denik». Irakurle guztientzako liburua dela uste du, eta irakurle bakoitzarekin «balizko elkarrizketa» interesgarriak sortuko dituztela jasota dauden poesiek.

Liburuak jasotzen dituen poesiak «ordenagailuko hamaika karpetetan, desordenatuta eta birus batek noiz hartuko zain» zeudela adierazi du Errok. Ideia, proiektu eta «porrot askoren metaketaren emaitza» da azken bertsioa idazlearen arabera. Eta ondorioz, garai ezberdinetan eta gai ezberdinei idatzitako poesiak aurkituko ditugula bertan.

Razquin editoreak liburua jaso zuenean, poesien «giltza» egunerokotasunean aurkitu zuela azaldu du. Bere ustez, poesia egunerokoan gertatzen delako. Ohiko Erroren estiloari jarraiki, umore asko dagoela esan du, eta gaiei erreparatuta, nagusi maitasuna dela sumatu du; baita amaren figura edota hiriak ere, poeta mugimenduan ikusten baita editorearen ustez.

«Maitasunari buruz ari naizela uste dut»

Idazlea bera zalantzati agertu da zein gai gailentzen den galdetuta, eta hori «irakurlearen lana» dela azpimarratu du. Hala ere, saria irabazi eta zeren inguruan zen galdetzerakoan «boteprontoan» eman zuen erantzuna azaldu du aurkezpenean. Izan ere, «pentsatu gabeko erantzunek egiatik hurbil egoteko aukera» dutela uste du burlatarrak. Azpimarratu du editoreak egindako aurkezpenean bere susmoak berretsi izanak poztu duela, «zertaz idatzi duzu?» galderari, bat-bateko bere erantzuna «maitasunari buruz ari naizela uste dut» izan zelako.

Amodioaren gaia oso zabala dela azaldu du, amodioa izan baitaiteke pertsonen artekoa, herriena, hizkuntzarekikoa, poesiarekikoa... Eta desamodioa ere badagoela kontatu du. Razquinek azaldu du izenburuarekin metapoesia izango zela pentsatu zuela lehen kolpean. Eta bilduman jorratzen den gai nagusia ez bada ere, poesia zertan den azaltzen duten aleak ere badaudela: ‘Errepika, erritmoa, erritua’, ‘Bertso-lerroak neurtzeaz’, edota ‘Etena’ poesietan esate baterako.

«Irakurtzea gustatuko litzaidaken liburu bat egin dut», aitortu du idazleak, poema liburu «kaotikoak» gustuko dituela adierazi du eta bere azkenak ere horrelakoen antza duela; ez baitute orden jakinik, gai ezberdinen inguruan hitz egiten dutelako. Edozein poesietatik irakurtzen hasi daitekeen liburua da.

Bere aurreko lanekin alderatuz, ‘Eta harkadian ni’ (2002) eta ‘Gorputzeko humoreak’ (2005) ezberdina dela azaldu du, batez ere egiturari dagokionez. Izan ere, aurreko lanak molde klasiko bati jarraikiago egin dituela azaldu du, «oso egitura sendoa zuten». Bilduma honetako poesiek ez dute egitura zehatz bat jarraitzen. Estiloari dagokionez, aldiz, argitu du garai ezberdinetan sortutako poesiak izanagatik estilo ezberdinak daudela liburuan jasota.

Hiruren artekoak

Erroren ustez poesia gutxitan da biren kontua, eta irakurlearen «beharrezkotasuna» azpimarratu nahi izan du. Are gehiago gidaliburu baten kasuan: «Irakurlearen presentzia behar dute gida-liburuek, norbaitek egin edo gauzatu behar ditu liburuan idazleak jasotakoak».

Hitza, denbora, eta «nia» biltzen ditu poesiak idazlearen ustez. Eta poetarentzat ere hiru elementu direla garrantzitsuak uste du: «Gauzak, ni-a (poeta bera), eta bi horien artean jartzen den filtroa». Eta uste du bere sorkuntza prozesuetan etengabe horretan dabilela.

Sorkuntza prozesua oztopatu dioenaren aitorpen bat ere egin du aurkezpenean: «Mugikorrak kamara izateak poesia batzuk kendu dizkit. Lehen zerbait gogoangarria ikusten nuenean, poesia bat idatziko nukeen, memoriariak ez du beti balio eta paperera eramango nukeen ikusitako eszena hori. Orain, argazkia ateratzen dut».