Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ikusezintasunaren sustraiak: Non daude Getxoko LGTB+ nagusiak?

Esaten ohi da bilaketa prozesua bera emaitza baino aberasgarriagoa suerta daitekeela. Kasu honetan, ikerketak berak zabaldu ditu hausnarketarako bide berriak. Zeren, Euskal Herriko hiri jendetsuenetan seigarrenean, nola izan daiteke LGTBI+ adindunen ikerketa batek hain lekuko gutxi aurkitzea?

Ines Bermejo eta Julen Nafarrete, Algortako Portu Zaharrean, zabalduko duten kale erakusketaren leloarekin.
Ines Bermejo eta Julen Nafarrete, Algortako Portu Zaharrean, zabalduko duten kale erakusketaren leloarekin. (Aritz LOIOLA )

«Zergatik alde egin nuen Algortatik? Lesbiana naizelako». Galderari, erantzun zuzena. Mota honetako esaldiok, guztiak bizipen pertsonaletan oinarritutako elkarrizketetan jasotakoak, osatuko dute azaroaren 5ean Getxon zabalduko den ‘Gu ere bagara’ kale erakusketa.

Ines Bermejo artistak egin ditu irudiak collage formatuan, eta esaldiak Julen Nafarrete kazetariarekin batera hilabete hauetan egindako elkarrizketa-bilaketa-araketa lanetik ateratakoak dira. Udaberrian Bizkaiko udalerri honetan hasi zen ikerketa prozesu honek hainbat irakurketa, ertz, barne istorio eta kezka gordetzen ditu bere baitan. Eta pentsarazteko gai dexente mahairatzen ditu, zeren, zer gertatuko litzateke beste testuinguru, herri edo hirira estrapolatuko bagenitu bertan bizi eta jasotako guztia?  

«Erromo beti izan da borrokalaria, sexu askapenarekin kenduta» 

Esaldi hau, ondoren erabiliko ditugunak bezala, proiektuak berak jasotakoak dira. Has gaitezen hasieratik: Bizkaiko udalerri honek bere baitan auzo desberdinak batzen dituela kontuan hartu behar izango genuke: Areeta, Algorta, Andra Mari, Neguri eta Romo. Batzuk Algortako Portu Zaharra ere auzo propiotzat jotzen dute. Ez gara saltsa horietan sartzen ausartuko.

Auzo desberdinak, ados, errealitate zeharo desberdinak eta, noski, diru sarrera desberdinak. Baina, halere, nola izan daiteke 75.629 biztanle dituen Getxo batean, eta 65 urtetik gorakoen kopurua %26,8 denean (Eustaten datuen arabera), bost lekukotasun baino lortu ez izana? Udalak emandako sormen beka bati esker, eta hedabide gehienetan ikerketaren deialdia zabaldu ostean, ateak joka hasi ziren Julen Nafarrete eta Ines Bermejo. 

«Gurea Zinemetan bi mutil iraindu zituzten elkarri musu emateagatik»

Proiektuaren helburua Getxoko LGTB+ pertsona nagusien kontatu gabeko istorioak jasotzea zen, zerotik hasita, ez baitago inolako dokumentazioarik honi buruz: «Guk LGTBI jende asko ezagutzen dugu gure adinekoa, hemen Getxon –diote Nafarretek eta Bermejok–, eta ezagutzen dugu adineko asko ere, hemengo auzokideak direnak, baina ez dugu ezagutzen inor LGTBI+ nagusia dena. Ze arraroa, ezta? Zer gertatzen da? Zergatik ez dugu pertsona nagusi bat herrikoa bollera-marika-transa dena? Hori alde batetik; bestetik, ohartu ginen ez genuela ezagutzen gure herriko historia: Nola bizi ziren marika-bollerak Getxon orain dela 30 urte? Nola ezagutzen ziren? Erasoren bat egon zen? Istorio politen bat? Egia da beste arlo batzuetan memoria landu dela, baina sexu askapena edo sexu aniztasunean ez, behintzat Getxon, guk dakigunez. ‘Gu ere bagara’ proiektuaren deialdia zabaldu genuenean jende askok esan zigun ‘ze beharra zegoen, honetaz ez da berba egiten eta zein ondo!’. Baina gero ez da inor animatu borondatez kontatzera».

Beraien harridurarako, denbora honetan nekez lortu izan dituzte bost lekuko, horietatik hiru emakume eta bi gizon, 61 eta 83 urte artekoak. Auzo desberdinetakoak dira –Areeta eta Negurin ez da inor batu– eta oso bizipen desberdinak dituzte. Hori bai, guztiek eskatu diete erabateko anonimotasuna, hainbat arrazoi direla medio: ez direla inoiz horren agerian agertu, beldurra, ez dutela euren inguruan hitz egiterik nahi...

«Denetarik apur bat egon da –dio Inesek–, baina azkenean ez dute nahi ikusgarritasuna izan, hamarkadetan ohituta egon dira, ez nuke esango ezkutuan, baina bai agerian ez bizitzera».

Beste arrazoi bat gehitu daiteke: Hamarkadetan herrietatik hirietara joateko joera nabarmena egon da, askatasun handiagorekin bizi ahal izateko. «Jende gehienak egin duena zera da, Getxotik alde egin, Bilbora edo beste hiri handietara joan –argitu du Julen Nafarretek–. Nahiz eta Getxo herri handia izan, hauxe egiten zuten: Getxon geratzekotan, modu diskretuan bizi, baina gero Bilbora joan eta han bai, bizi nahi zuten moduan bizi. Horregatik Getxon ez dugu jaso erasoen lekukotasunak, ez irainik... oso, oso gutxi, azkenean hemen egiten zutena zen oharkabean bizi eta gero Bilbora joan. ‘Sexilio’ deitzen zaio horri, beste herri batzuetan eman dena. Horregaitik pentsatzen dugu ez ditugula aurkitu LGTBI+ nagusirik, hemen ez daudelako eta joan direlako». 

«Sexua baino, hesia inaustea nahiago dut»

Zahartzaroari buruzko hausnarketa ere behar-beharrezkoa ikusten da LGTBI+ kolektiboan. Esaterako, 2019an Estatuko Lesbiana, Gai, Trans eta Bisexualen Federazioak (FELGTB) egindako ikerketa batean irakurri daitekeenez, esaterako kolektiboko nagusien %40a bakarrik bizi da eta, horren ondorioz, bakardade sentsazioa areagotu egiten da. Beste datu kezkagarri bat: Hirugarren Adinak ‘armairuan berriz sartzeko’ arriskua dakar, erresidentziatan eta eguneko zentroetan.

Beraiek udal erresidentziara jo zuten: «Eurek dakitela ez dago kolektiboko inor». Nagusien etxean? «Berdin». Eta non bizi dira aurkitu dituzuenak? «Azpimarratu digutena da zein garrantzitsua den edukitzea LGTBI pertsonez osatutako sare bat; hau da, lagunak izatea. Ematen du oso sinplea, baina beraiek esaten dute zein garrantzitsua den sare hori eraikitzea zahartzaroan bakardadea ez sentitzeko. Gero eta gehiago hitz egiten da LGTBI komunitateari buruz, baina bazterreko guztiak bazterrean gelditzen dira eta, oraingoan ere, zaharrak, nagusiak, kanpoan gelditzen dira, bazterrean».