Joseba Salbador Goikoetxea

Gaur Logistika, enpresen beharrei egokitutako zerbitzuak

Gero eta gehiago dira biltegiaren kudeaketa kanpora atera eta logistika zerbitzu osagarriak eskatzen dituzten enpresak. Behar horiei egokitutako zerbitzuak eskaintzen ditu Idiazabalgo Gaur Logistika enpresak.

Gaur Logistika enpresak 4.000 metro koadroko biltegi berria zabaldu du Itsasondon.
Gaur Logistika enpresak 4.000 metro koadroko biltegi berria zabaldu du Itsasondon. (NAIZ)

Gaur Logistika 1987an sortu zen Beasainen mezulari enpresa txiki bat bezala eta, 35 urteko ibilbidearen ondoren, bost biltegi eta 62 langilez osatutako taldea bilakatu da, garraioaz gain enpresei logistika zerbitzu osagarriak eskaintzeko. Bere bezeroen artean Goierriko enpresa nagusiak aurki ditzakegu, hala nola CAF, Indar, Orkli, Ampo, Jaso, Estanda eta antzekoak.

Azken urteetan zabalkunde handia izan duen enpresa hau 26.000 metro koadroko bost biltegi izatera iritsi da Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban, eta ireki duen azken biltegia Itsasondon dago. Bertan hartu gaitu Martin Agirre arduradunak.

Bere iritziz, logistikarena etorkizun handiko sektorea da, betiere enpresen beharrei erantzuten asmatuz gero. «Gu mezulari enpresa bezala hasi ginen inguruko enpresekin eta pixkanaka beraien beharretara egokitzen joan ginen. Beti saiatu gara eskaerei eusten, guk egiten ez bagenuen beste batek egingo zuela pentsatu izan dugulako». Horrela, garraioa eta logistika uztartzen dituen zerbitzu osoa eskaintzen saiatu dira 35 urteotan.

Baina zer da zehazki logistika zerbitzua? Laburbilduta, biltegiaren kudeaketa dela esan daiteke. «Enpresa asko beren biltegia kanporatzen hasi dira, eta unean behar dutena eskatzen dute. Zerbitzu hori eskaintzen espezializatu gara gu».

Hala eta guztiz ere, biltegiaren kudeaketa horretatik abiatuta, bezeroek beste hainbat zerbitzu osagarri eskatzen dituzte, hornitzaileengandik jasotzen dituzten piezen edota ekoiztutako produktuen kudeaketarekin zerikusia dutenak.

Horrela, Gaur Logistika enpresan hornitzaileek bidalitako piezen kontrol-kalitatea ere egiten dute (bezeroei iristen zaizkienean ezustekorik izan ez dezaten), pieza desberdinez osatutako «kit»ak osatzen dituzte... Horrekin batera, bezeroek ekoizten dituzten produktuen salmentan ere parte hartzen dute, ez bakarrik banaketan, baita salmenta osteko zerbitzuan ere. «Enpresa bakoitzak behar berezi batzuk ditu eta horiek betetzen saiatzen gara», dio Martin Agirrek.

Etorkizun handiko sektorea

Esan bezala, logistikarena etorkizun handiko sektorea dela uste du Gaur Logistikako arduradunak. «Gero eta gehiago dira beren biltegia kanpora ateratzeak dituen abantailaz jabetzen diren enpresak, eta zentzu horretan lan egiteko aukera asko dago oraindik».

Beste leku batzuekin alderatuta, hala ere, Euskal Herrian prozesu hori «nahiko mantso» doala onartu du Agirrek, baina pixkanaka iristen ari dela uste du. «Automozioan, adibidez, oso aurreratuta daude filosofia horretan, baina hemengo beste hainbat enpresak oraindik barne-logistika egiten jarraitzen dute. Horregatik uste dut oraindik ibilbide luzea geratzen zaigula».

Garraioari dagokionez, hor ere gauzak argitzen ari direla uste du. «Arauak gero eta zorrotzagoak dira eta ondo lan egin nahi duenarentzako mesedegarri izango da hori. Zentzu horretan, gauzak argitzen ari dira».

Hori bai, gidarien eskasia nabaritzen hasiak direla azaldu du, nahiz eta beren kasuan egun bateko ibilbideak egiten dituzten. «Gidari lana ez da oso erakargarria, batzuetan etxetik kanpo lo egin behar izaten delako, eta horregatik gazte askok ez dute honetan lan egin nahi«, esan du Agirrek.

Gaur egungo energiaren krisiak sortu dituen zailtasunei buruz galdetzerakoan, Agirrek dio oro har bezeroak jabetu direla kostuak gora egiten ari direla eta barneratuta daukatela. «Aurten lehenengo aldiz lortu dugu kargatzaileek ordaindu behar dituzten tarifetan erregaiek izan duten igoera aplikatzea. Gobernuak emandako datu ofizialetan oinarritutako igoerak dira eta, oro har, gure bezeroekin ez da arazorik izan. Joko-eremua argitzen ari direla esango nuke», amaitu du Martin Agirrek.