Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Axular Egunaren «misteriora» argia ekarri du Kepa Altonagak

1925. urteko irailaren 17an ospatu zen Axular Egunera garamatza Kepa Altonagak ‘Axularren gerizapean’ saiakeran. Egun hartan jazo zenetik tiraka, hainbat datu, argazki eta ahanzturan erori diren idazleak gaurko egunera ekarri ditu Altonagak. Tartean, Tene Mujika ezagun eta aldi berean ezezaguna.

Kepa Altonagaren lan berria da ‘Axularren gerizapean’.
Kepa Altonagaren lan berria da ‘Axularren gerizapean’. (Maialen Andres | FOKU)

«Hasteko, aipa dezagun liburua ez doala XVII. mendeko Axular zaharrari buruz; urrunegi daukagu. Liburuaren kontakizuna Saran, 1925ko irailaren 17an, ospatu zen Axular Egunaren ingurukoa da». Esaldi horrekin zehaztu zuen Kepa Altonagak ‘Axularren gerizapean’ saiakeraren abiapuntua. Ekitaldi hura garrantzitsua izan zen euskal kulturaren munduan, lehen aldiz bildu baitziren mugaren bi aldeetako idazleak, eta Altonagak azaldu du egun haren «antolaketaren misterioan» murgildu dela saiakera honetan. «Gauzak ez ziren konjuru arraro baten bidez suertatu, benetako misterioa baita nola iritsi ziren Axular Eguna ospatzera», zehaztu du egileak asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenan, eta gaineratu du ekitaldi hark bi mugarri izan zituela: lehena, Zornotzako bazkaria, 1914ko urrian 32 idazle bildu zituena eta, bigarrena, zazpi urte geroago, 1921eko ekainean, Oiartzunen 57 lagun bildu zituena.

Lehenari dagokionez, Altonagak nabarmendu du Zornotzan bildu ziren idazle guztiak gizonezkoak zirela. Bere ikerketa lanaren bidez, bilkura hartako argazkia lortu du saiakeragileak eta horrekin «bereziki pozik» dagoela nabarmendu du, «ineditoa baita». Zornotzako bilkuraz azpimarratu du emakume bat eta Ipar Euskal Herriko bi idazle ere izan zirela bertan.

Izenetatik harago

Axularren Egunari tiraka, Altonagak hainbat datu, argazki eta idazle ezagun eta uste baino ezezagunago dakartza gaur egunera. «Enfasi berezia jarri dut irakurleak topatuko dituen protagonistetan. Tene Mujika esaterako, erabateko ezezaguna duguna, edo Evaristo Bustinza ‘Kirikiño’ eta beste hainbat ahaztuak, ezkutukoak, sekretuak batzuk», jarri du azpimarra. Mujikaz nabarmendu du gaur egun «makina bat idazle» aurkezten direla idazle eta olerkari debarraren izena daraman bekara, «baina inork ez daki ezer Tene Mujikari buruz. Erraza da Teneren testuak eskuratzea, telematikoki sar zaitezke eta hor daude testuak, baina ez daude gure begietara, erraz ikusteko moduan. Nik ez dut esango Tene deskubritu dudanik, baina eman diot izenetik haragoko sustantzia», nabamendu du Altonagak.

Horiez gainera, Jean Etxepare medikua, Alberto Palazio Elizaga idazle eta Portugaleteko zubi esekiaren diseinatzailea, Jule Gabilondo, Miguel de Unamuno, Maddi Elizaga, Elvira Zipitria… hainbat autoreren gaineko datuak biltzen ditu egileak saiakeran, eta ematen ditu datu interesarriak. Esaterako, emakume idazleen lehen argazkia gerraurrekoa dela: «168. orrian, hor dago argazkia, hamaika emakume idazlerena. Eta testura bazoaz ikusten duzu nortzuk ziren, nortzuk ez ziren joan eta zergatik, menua zein izan zen, txipiroiak onak zeudela eta gainera nork ordaindu zuen kontua», zehaztu du.

Altonagarentzat garrantzitsua da «gauzak esaten ditugunean, ondo esaten ari garela jakitea», eta bere dokumentazio lana horretara bideratu duela esan du: «Ez da erudizio kontu bat, transmisio kontu bat da».

Azkenik, mugaren alde bietan erabili izan den hizkuntza moldeaz ere jardun da Altonaga. Bere iritziz, «Bidasoaz gora sortu ziren testuen irakurgarritasuna, gozotasuna hor dago, eta behera bazoaz ikusten duzu eredu linguistiko prosistiko niretzat inpraktikablea dena». Adibide modura, Lourdesera egindako bidaia baten kronika aipatuta, «ikusten duzu ‘Eskualduna’ aldizkariak zer zekarren eta Jule Gabilondoren kronika, eta mundu bi ez, bi galaxia ziren. Hegoaldean hormaren kontrako prosa bat ari zen mantentzen; eskerrak gerra hori galdu egin zela», amaitu du.