Iraitz Mateo

Amets Arzallusek atea pasatu eta finala itxita geratu da

Amets Arzallusek puntu bakarra atera dio Aitor Mendiluzeri, eta biek lortu dute finalera pasatzeko txartela, Bilbon bertan kantatu duen Joanes Illarregirekin batera. Hiru horiek eta Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi izango dira finalea.

Nafarroa Arenan izango diren zortzi finalistak.
Nafarroa Arenan izango diren zortzi finalistak. (@Bertsozale)

Azken finalaurrekoa jokatu da gaur Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Kanpoko eguraldi txarraren aldean, barru giroa zegoen, eta are gehiago berotu dute bertsozaleek pilotalekua. Amets Arzallusek irabazi du saioa 662 punturekin. Gaurko saioaren ondoren, erabakita geratu da abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan kantuan arituko den zortzikotea: Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Joanes Illarregi.

Amets Arzallusek irabazi du Bilboko saioa. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Indartsu hasi dira Mendiluze eta Amets Arzallus handian; alderdi bereko politikariak ziren, Mendiluze urte luzez alkate izandakoa zen, baina azken udal hauteskundeetan Arzallus izan zen zerrendaburu eta hauteskundeak irabazi ostean, bera izango zen hurrengo alkatea. Eta Mendiluzeri deitu zion eskualdatzea adostu eta abiatzeko. Jostari bezain zorrotz sumatu dugu Arzallus, honela bota du: «Dinastia guztiek dute akabera/ mahai azpitik dirua, gainetik papera/ hala afiliatu ginen gu PNVra/ alkatetza hartzeko hauxe dut galdera/ oraindik kutxan zerbait gelditzen ote da?». Mendiluzek zuzen erantzun dio: «… zuk nahi zenuke kutxan asko izatea/ nik horren kontu bizi ta bapo jatea/ norberak hustutzen du norberak betea». Aholku bat ere eman dio andoaindarrak: «Arazoen aurrean/ beti alderdia». Arzallusek amaitu du ofizioa, dirua eraikuntzan inbertituko zuela esanez, eta «azken papurrak», euskararentzako.

Arzallus-Antiatar anai-arrebek zortziko nagusian jositako ofizioan ere euskara izan dute aipagai; izan ere Irulegiko Eskua aurkitu zuten arkeologoak ziren. Ametsek ekin dio: «...Irulegiko esku honekin pozetan dauzkat bi ertzak/ guretzat a zer bostekoa ta masailekoa bestentzat». Maddalenek, berriz, aldarrikapena gehitu dio: «Egia da egin dugula sekulako aurkikuntza/ baina euskara ezin da izan arkeologia hutsa/ zuk esan duzun politikoek beharko diote bultza/ beste bi mila urtetan ere biziko bada hizkuntza».

Alkaiza aginak zorroztuta ibili da ofizioetan; Mendiluzerekin osatu duen zortziko nagusia izan da horietako bat, irudiak eta hitz-jokoak eginez. Gai jartzaileak metalgintzako langileen larruan jarri ditu; goizeko bostetan atera ziren etxetik greba piketeetan parte hartzeko. Alkaizak abiatu du elkarrizketa: «...Gu metalaren sinbolo gara erraza dugu laburtzen/ gori ipintzen gaituzte baina ez gara erraz makurtzen». Mendiluzek epikak alde batera utzi, eta arazorik ezean bertan ez zirela egongo gogorarazi dio: «...ni zure ondoan nago Saioa, baina ez zu bezain pozik/ hau ez delako aukera on bat aukera bakarra baizik». Eskubideen alde «bideak ixteko» proposatu dio iruindarrak eta Mendiluzek «hitz potoloak» utzi eta borroka errealitatera lotzeko eskatu.

Zortziko txikian, Mendiluze eta Maddalen Arzallus fin aritu dira. Bizkaia frontoira pilota partida ikustera joandako bikotearen paperan jarri ditu gaiak. Partida hasi aurretik kantxara joan zen Arzallus, eta pilotaleku guztiaren aurrean berarekin ezkontzeko eskatu zion Mendiluzeri. Azken honek ekin dio: «…Ta kantxara ez zoaz ba hori eskatzera/ bostean zeunden baina pasa egin zera». Arzallusek denen aurrean gaizki ez uzteko eskatu dio, eta eztabaidari amaiera eman bere azken bertsoan: «… Hortxe zai baitazkagu Joseba eta Jokin/ eta konfiantzarik ez badut zurekin/ Aitor, ezkonduko naiz Ezkurdiarekin».

Bizitza aldaketa

«Kanporatu egin zintuzten, bizitza erabat aldatu zaizu» izan da ganbarako gaia bertsolari bakoitzak hiruna bertso kantatzeko. Oso bide ezberdinak hartu dituzte bertsolariek.
 
Uriak irudikatutako pertsonaia izan da, agian, entzulea gehien mugiarazi duena, kontakizuna egiteko izan ohi duen abileziarekin josi baititu hiru bertsoak. Unibertsitateko irakasle baten paperetik jardun du; ikasleei eraso egiteagatik kanporatua izan zen. Gaiak aipatzen zuen kanporaketa azaldu du lehen bertsoan: «Tesi bat aurkeztu nuen hori lehenbiziko froga/ katedratiko ospetsu bihurtu nintzen gerora/ hainbeste ikasle gazte zetozkidan bulegora/ WhatsAppetik txateatzen ari nintzen gustora/ baina gero iritsi zen  feminismoaren moda/ eta nire kalterako aurrera joan zen denbora/ salaketak heldu ziren ahotsak behera ta gora/ ta bota egin ninduten fakultateik kanpora». Eta hirugarrengoan imajinatzen zuen eta izango ez duen bizitzaren inguruan kantatu du: «Garai batean ospetsu eta katedratikoa/ noizbait izan nahi zuena irakasle meritoa/ ustez hilko nintzen noizbait izanik denen jainkoa/ baina harrapatu ninduten eta gauza logikoa/ badut jubilazio bat hori omen da ohikoa bidali ninduten eta eginda numeritoa/ baina orain naiz gixajo triste ta patetikoa/ hau izango da entzuten den justizi poetikoa».

Illarregik bakarkakoarekin jo du goia, futbolariaren paperean jarri da «nere burua saltzea baitzen Qatarrera joatea», eta azaldu du horregatik amaitu zela bere ibilbide profesionala. Bigarren bertsoan egun mundialaren bueltan dauden problematikak jarri ditu mahai gainean, eta hirugarrenean bizitza hobeari kantatu dio: «Ta erantzuna gogorra izan da selekzioa ez dago alai/ esan didate kanporatua naizela ta a la por ahi/ Luis Enrique´re hurbildu zait ta hala deitu nau: puto guay/ baina ez nuen beste aukerarik gurpilak aurrera darrai/ kanporatua izate hori noski nik enuela nahi/ galduko ditut fama guztia eta milloiak ere bai/ gaur igual ez naiz inor izango baina kontzientzia lasai».

Nafarroa Arena zain

Datorren astean deskantsurako tartea hartu eta bi aste barru jokatuko da finala, Iruñean lehen aldiz. Bertso gosez dabil bertsozalea, sarrerak aspaldi amaitu baitziren. Haize freskoa ere sartuko da finalera, lehenengo aldiz hiru emakume izango dira oholtza gainean, eta baita hiru finalista berri ere.

Azken finalaurrekoaren sailkapena:

Amets Arzallus, 662
Aitor Mendiluze, 661 
Jone Uria, 637,5
Joanes Illarregi, 621 
Maddalen Arzallus, 609,5
Saioa Alkaiza, 608,5

Behin-betiko sailkapena:

Alaia Martin, 1.405,5
Aitor Mendiluze, 1.387,5
Sustrai Colina, 1.378
Beñat Gaztelumendi, 1.373
Amets Arzallus, 1.350
Nerea Ibarzabal, 1.344,5
Joanes Illarregi, 1.332
Julio Soto, 1.329,5
Aitor Bizkarra, 1.329
Oihana Iguaran, 1.321
Agin Laburu, 1.301
Jone Uria, 1.298
Unai Agirre, 1.292
Onintza Enbeita, 1.272
Saioa Alkaiza, 1.270,5
Maddalen Arzallus, 1.244,5
Miren Artetxe, 1.240
Eñaut Martikorena, 1.220,5