Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Interview
Paul Bilbao Sarria
Kontseiluko idazkari nagusia 12 urtean

«Nik uste dut gauzak utzi behar direla ongi daudenean, eta sentsazio horrekin noa»

Euskararen bidegurutzean, Batuz Aldatuk norabidea zehaztu duela uste du algortarrak. Jauzia falta da, ezagutza unibertsalari eta espazio erosoei begira.

Paul Bilbao, Andoaingo egoitzan.
Paul Bilbao, Andoaingo egoitzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Friulitik bueltan elkartu da Paul Bilbao GAUR8rekin. Donostiako Protokoloa azaldu du Gorizian, jendarteko eragileen ahalduntzerako ariketa itzela. Lur hartu eta segidan etorri da Andoaingo Martin Ugaldera. Berokia kendu baino lehen hasi da hango kontuak kontatzen, bere pasio hori Kontseiluaren bulego osora hedatuz.

Euskararen aldeko eragile sozialen bilgunerik garrantzitsuena da erakunde hau, 30 bazkidek osatzen dute. Asteartean 25 urte beteko ditu eta jaio zen leku berean ospatuko du, Durangon. Gainera, euskalgintzan gertatzen ari den ziklo aldaketa irudikatuko du. Une horretan, Bilbaok Idurre Eskisabeli pasatuko dio aginte makila.

«21 urte dira etxe honetan; 12 Kontseiluan eta bederatzi Behatokian. 21 urte bizitzaren zati handi bat da. Pozik noa. Erabaki oso hausnartua izan da. Ardura hartu nuenean banekien ez nintzela hemen erretiratuko, hau proiektu bat delako eta lemazain berriak behar dituelako», azaldu du 51 urteko algortarrak.

«Ziklo berri baten atarian» utziko du erakundea. «Nik uste dut gauzak utzi behar direla ongi daudenean, eta sentsazio horrekin noa. Ez daukat zalantzarik Idurrek oso ongi egingo duela bere lana. Pena ere sentitzen dut, Kontseilua oso barrutik bizi dut. Baina bihotza alde batean utzi eta erakundea bera jarri behar da erdigunean».

Kontseiluaren Batuz Aldatu dinamika jauzi berri batean hasi da, euskalgintzatik kanpoko eragileei eskutik helduta. «Lehenengo adostasuna itxi dugu, salto politikoa egiteko talde eragile bat izendatu dugu. Idurrek hori guztia dauka esploratzeko. Erronka oso polita».

Iruñean eta Hernanin bizi ondotik, Bilbaok jaioterrira itzultzea du buruan, baina hortik aparte ez daki zer eginen duen. «Herrigintza bizi dut, eta gustatzen zait. Ahal dela bertan jarraitu nahiko nuke», dio.

1997ra eginen dugu gibelera: Kontseiluaren sorrera ikusgarria izan zen.

Ondo gogoratzen dut: behar baten ondorioa izan zen. ‘Euskararen Unibertsoa’ jardunaldiak egin ziren Donostian, eta premia ikusi zen euskalgintza atomizatu hori trinkotzeko eta batzeko. Hortik etorri zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. Lehenik eta behin euskararen aldeko olatu bat sortu nahi izan zuen eta hor kokatzen da 1998an izandako bost estadioen ekintza ikaragarri hori. Baina horretaz gain Bai Euskarari dinamikaren baitan lortu ziren adostasun soziopolitiko bat eta Euskararen Plan Estrategikoa. Bai Euskarari Ziurtagiria bera egikaritu zen gero, 2001ean Hizkuntza Eskubideen Behatokia sortu zuen, eta orduan lotu nintzen etxe honetara.

«Bai Euskarari» lelotik «Euskaraz bizi nahi dut» aldarrira igaro zineten.

‘Bai Euskarari’ 1968tik zetorren. Erakutsi nahi zen Euskal Herrian bazegoela euskararen aldeko herri gogo indartsua. Kontseiluaren hamargarren urteurrenean jauzi bat egin zen, eta ‘Euskaraz bizi nahi dut’, manifestazio baterako sortu genuen leloa, gure marka bilakatu zen. Euskaraz bizitzeko eskubidea jarri genuen erdigunean. Hori bermatuko bada hizkuntza politika eragingarriak abian jarri behar dira. Hori da gure xede nagusia: eragin dezagun hizkuntza politiketan ea gure hizkuntzaren berreskurapen prozesua azkartzen dugun, presa dagoelako.

Donostia 2016arekin batera protokolo bat egin zenuten Europa mailakoa.

30 hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten ehundik gora eragileren babesa eta ekarpenak lortu genituen, eta mahai gainean jarri genuen zein diren egoera gutxituan dagoen hizkuntza komunitate baten eskubideak bermatzeko instituzioek hartu beharko lituzketen neurriak. Hortik etorri zen hurrengo erronka: gai izango gara eduki politikoak dituen adostasun batera iristeko askotariko eragileekin? Bada, lortu genuen! Batuz Aldatuk badauka edukia: hizkuntza politiken helburuak ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera erosorako espazioak izan behar dira. Garrantzitsua da atzean nor dauden ere: kooperatibak, unibertsitateak, enpresa batzuk, sindikatuak, gazteak, mugimendu feminista, arkitektoen eta ekonomialarien kolegioak, LGTBI mugimendua, gehi euskalgintza, kulturgintza... Kargu hartu behar zaie politikariei: aizue, askotariko eragile sozialak ondorio zehatz batera iritsi gara, eduki politiko batzuetara, ez duzue bat egingo? Gure bokazioa erraztea da, hezkuntzan bezala.

[Gaur bertan aurkeztuko dute Bilbon euskalgintza, hezkuntza eta kulturgintzako ehundik gora lagunen babesarekin ‘Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz’ adierazpena. Bertan, hezkuntza legean honako puntuak sartzeko eskatuko dute: euskarazko eredua, euskal curriculuma, euskal kultura eta hezkuntza ez-arautua euskaraz garatzea].

Euskararen egoera deskribatzeko bidegurutzearen irudia erabili izan du Kike Amonarrizek. Nola ikusten duzu zuk?

Testuinguru batean gaude, non erabaki handiak hartuko diren. EAEn Hezkuntza Legea dago, Nafarroan hauteskundeak datoz, herrigintzatik adostasun sozial bat eraiki dugu. Bat egiten dut Kikek aipatzen zuen bidegurutzearekin, baina nik uste dut norabidea jada zehaztuta daukagula Batuz Aldaturen bidez. Orain zer falta da? Jauzia. Ezagutzaren unibertsalizazioari eta espazioak euskalduntzeari begira. Hain argi ikusten dut...

Horretarako zein baldintza behar dira?

Horretarako adostasun politikoak behar dira eduki batzuen gainean. Eta eduki horiek badaude. Euskalgintzatik urrun dauden eragileekin lortu dugu adostasuna. Noski, nahi dutenekin. Nahi ez dutenekin ez dut denborarik galduko. Normalizazioaz gain, justizia sozialaz, oreka sozialaz eta berdintasunaz ari gara. Diskurtso hori irabazi behar dugu. Gutxituak gara. Beti gertatzen da, zure eskubideak konkistatzen dituzunean beste batzuen pribilegioak kentzen direla. Hemen, elebakarrak pribilegiodunak izan dira.

Lekukoa hartuko duen Idurre Eskisabelekin (Andoni CANELLADA / FOKU)

Adostasunak lortzeak ez du esan nahi ehuneko ehunean ados egongo naizenik, baina ikuspegi proaktibo bat daukatenekin egingo ditut. Oso argi daukat. Eta hemen badago gehiengo bat. Orain dela 24 urte erakutsi genuen eta inkestek ere esaten dute herritarrak euskararen alde daudela. Badago gehiengo bat: horri begira diezaiogun. Horiekin egin dezagun lanketa. Besteak etorriko dira, baina ez dezagun begiratu euskara normalizatu nahi ez dutenen aldera. Harrotasunez egin behar dugu.

Nolakoa izan da Batuz Aldaturen bidea?

Pandemian tokatu zen. Bilera telematikoak egin behar izan genituen. Eta pentsatzen nuen esango zigutela ez zela momentua. Kontrakoa izan zen: ‘Egia, arrazoi duzue, guk ere badaukagu zer egin eta zer esan euskararen berreskurapenean’, azaldu ziguten. Talde eragilean hain jende desberdina dago... Laborantza Ganbera eta Zabalik elkartea, Nafarroa Ateneoa, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Agirre Lehendakari Center, Euskal Kontsumitzaileen Elkartea, Erizainen Elkargoa, Athletic Club Fundazioa, Mondragon Korporazioa... Euskalgintzatik Kontseilua, Topagunea, AEK eta Eusko Ikaskuntza. Guztiek esan dute: ‘Prest gaude talde horretan parte hartzeko eta irudikatzeko nola egiten dugun salto adostasun sozialetik adostasun politikora’.

Dokumentu nagusia itxita dago, baina gero sektore bakoitzak erabakiko du nola eragin eta zer dinamika egin, ezta?

Hori da, malgutasunez. Adibidez, ingurune digitalean eragile asko daude. Beraiek erabaki dute zein den bidea eta eurek ikusiko dute nola garatu. Baina talde bat egongo da Batuz Aldaturen printzipio nagusiak adostasun politikora eramango dituena. 2021eko ekainean aurkeztu genuen dokumentu nagusi hori eta aurten sektoreka lanean ibili gara gehiago. Orain, jauzia egitera goaz: instituzio eta alderdiok, honen aurrean zer pentsatzen duzue, zerekin zaudete ados, zerekin ez? Hori da fase berrian etorriko dena, adostasun sozial hauek politiko bihurtzea. Proiektu estrategikoan ziklo bat itxi nahi nuen, eta talde eragilea sortuta eta sektorekako aurkezpenak eginda, sentsazio hori daukat.

Askotariko eragileen ekarpenak jasotzerakoan zer ikasi duzu?

Poztasuna sentitu dut; luzaroan egon gara gure zilborrari begira. Erraz esaten diegu besteei zer egin behar duten, eta ohartu naiz zer egin baldin badute zer esan ere badutela. ‘Horrela eginda langileek ez dute ulertuko, orduan hobeto horrela’, esan dezakete sindikatuek. Entzutea eta euskararen inguruko iritzi oso kualifikatu eta sektorialak jasotzea, hori izan da esperientzia honetatik atera dudan emaitzarik emankorrena.

Arloren bat aipatuko zenuke bereziki?

Gehiengo sindikalarekin EAEko administrazioa euskalduntzeko proposamen pragmatiko bat egin dugu. Egingarria da; hori bai, epe bat dauka: hobesten dugu 15 urtetan euskaldundu behar dela administrazioa. Lehengo galderara noa berriz ere: ez zaio horri erreparatuko? Hezkuntzan berdin. Halako adostasunak baldin badituzu, aurrera. ‘Adostasun’ hitzarekin betetzen zaigu ahoa; guk ere gure eztabaidak izan ditugu, baina lortu dugu aurrera egitea. Askotan esaten didate inozoa naizela, baina hain logikoa iruditzen zait... Hizkuntzaren gaineko proposamen bakarra gurea da, gainera.

Etorkinen arloa sarri aipatzen da, baina gainetik bezala.

Uste dut guk ere hausnarketa bat egin behar dugula. Lanketa bat egin genuen hezkuntzaren bueltan duela urte batzuk. Batuz Aldatun ere keinuren bat egin genuen, Senegalgo komunitateko talde batekin egon ginen. Euskal herritarrak dira, behar batzuk dituzte hizkuntzari dagokionez, nahi dugu euskarara etortzea, badira ezagutzaren unibertsalizazioaren parte, kontua da ea nola egiten dugun, normalean oso baldintza prekarioetan daudelako. Iruditzen zaigu badagokigula guri ere, herritar horiek ere badutelako euskara ezagutzeko eskubidea eta lortu behar dugulako euskalduntzea. Hor ere harremanak eraiki eta entzun egin behar da. Batuz Aldaturen aurkezpen batean, Bilbon, senegaldar batek esan zigun: ‘Guk ezin dugu, gure lana dela eta, euskaltegira joan, nahiz eta doakoa izan’. Hor ere aztertu beharko da zer bide hartu.

Europan barna makina bat bidaia egin dituzu, bertze hiztun gutxituekin harremanetan.

Bai, bai. Kontseiluak oso posizio ona dauka Europan. Protokoloak balio izan zigun ordenatzeko, proposamen politiko bateratu bat egiteko. Nazioarteko lanaz oso harro nago. Europar Batasunak ez dio duen errealitateari erantzuten. Esaten du hizkuntza gutxituak estatuen arazoa direla. Indarra egin behar dugu elkarrekin, 50 milioi hiztun gara eta kolpea eman behar dugu mahai gainean eta Europar Batasunari esan ezetz, bere erantzukizuna ere badela berezko errealitate linguistikoari behar bezala erantzutea.

Globalizazioak erronka handiak ekarri dizkigu.

Ingurune digitalak ondo kudeatuz gero aukerak zabaldu ahal dizkigu. Globalizazioa eta lokalizazioa hartu behar dira kontuan, jendea globalizazioarekin nazkatu eta lokalizaziora joan daiteke. Gure lurraldean gure posizioa ez da indartsua, bi hizkuntza hegemoniko dauzkagulako, gaztelania eta frantsesa.

Eta ingelesa.

Hizkuntza jakitea ona da, baina ez hasi esaten heldua naizenean kanpora joan beharko dudala. Nire herrian euskaraz bizi nahi dut. Guk hori aldarrikatzen dugu, eskubidezkoa delako.

Herri euskaldunenetan euskararen erabilera atzera doala-eta kezkatua dago UEMA.

Gero eta dependentzia gehiago daukagu pantailekin. Hor dena erdaraz da. Umetan ez da hautu kontzientea. Zein da prestigiodun hizkuntza? Telesailak zein hizkuntzatan ikusi eta komentatzen dituzte? Arnasguneetan ere atzerapausoak badaude haur eta gazteengan ikusi beharko da zein behar dauden eta nola egiten den inertzia horiek zuzentzeko. Erreferenteak eta eskaintza euskaraz egoteak lagunduko du.

Gazteak hizkuntzaren unibertsalizaziotik hurbil daude datuen arabera, baina era berean gehienen lehen hizkuntza ez da euskara.

Hezkuntza legearekin asko jokatzen dugu, euskarazko eredu bat eta bakarra hobesten dugu, eta gero ikastetxe bakoitzak daukan errealitateari lotzen dio proiektua. Hitz gakoa ‘eroso’ da. Elebiduna bazara eta hizkuntza batean erosoago bazaude, ez baduzu hautu politiko bat egiten, joera izango duzu erosotasunera jotzeko: normala da.

Erabilerak gaitasuna hobetzea dakar, eta gaitasunak erosotasuna.

Horregatik dute garrantzia espazioek. Gure burua euskalduntzen laguntzen dute. Aisialdia estrategikoa da hizkuntza gaitasunean eta erabileran.

Eragile ezberdinei egindako elkarrizketetan ikusten dut mezuan bat egiten duzuela.

Sintonia dago euskalgintzan, eta Kontseiluan nabaritzen da hori. Orain jauzi berriarekin, gainerako eragileekin, are interesgarriagoa da. Erabaki handiak hartuko dira eta erabaki horiek egokiak izan daitezen eragin behar dugu.

Ez dut amaitu nahi lan arloan gehiago sakondu gabe.

Ezin da gertatu hezkuntzan jendea euskaldundu eta gero euskaraz lan egiteko aukerarik ez izatea. Eskubide kontua da, herritarrena eta langileena, bestela badirudi normalena erdaraz lan egitea dela. Eremu oso erdalduna da lan mundua, urrats gutxi egin dira. Gure herrian merkataritza gune batzuetan sartzen zara eta dena dago gaztelania hutsean. Hori onartu behar dugu? Araugintza sendoagoa beharko da. Horregatik egin genuen sindikatuekin lana, Euskaraldiaren bueltan. Enpresetara joango dira langileak eskatzera, ea zer erantzun jasotzen duten.

Badira euskara planak, baina eskualde zehatz batzuetan.

Eta egiten dituztenak pozik daude, badira nazioartean eredu direnak ere, kooperatibak. Nafarroako hegoaldean, Errigoraren ondorioz, Agerraldia dinamikaren bidez hainbat enpresa euskara planak egiten hasi da. Baina ezin duzu borondatearen esku utzi. Arautu egin behar da. Jatetxe batera banoa menua euskaraz jasotzea nire eskubidea da. Merkataritzan hainbat arau daude kontsumitzaileen eskubideak bermatzeko, zergatik ez dugu sartzen hizkuntzaren ikuspegia? Bizitzan arauak daude ikusten denean jendeak motu proprio ez duela bide zuzena betetzen. EAEn 40 urte dira Euskararen Legea onartu zela. Horrek esan nahi du gauza asko birplanteatu behar direla.

[Aldarrikapen honekin amaitutzat emanen dugu elkarrizketa. Etxean euskaraz eta gaztelaniaz erdi eta erdi hasi zuen bizitza Paul Bilbaok, ikastolan ikasi zuen, eta gero Euskal Filologia egin zuen. «Oso argi nuen, euskararen munduak beti erakarri nau», dio. AEKn hasi zuen lan ibilbidea, 2001ean Iruñera joan zen Behatokira, eta 2010ean Andoainera, Kontseilua zuzentzera. «Azken hamabi urte hauek sekulako aukera izan dira. Buruhausteak bai, ordutegi aldrebesak ere bai, baina balantza batean jartzen badut zenbat eskatu didan eta zenbat eman didan, ez dut zalantzarik». Kazetari bezala ere milesker Paul, zure ilusio, hurbiltasun eta zintzotasunagatik. Ongi bizi eta gero arte!].