Baserriz baserri kantari
Bizitzaren etxeak dira liburutegiak, eta arima zaintzeko tokiak. Badakizu nola jaio zen historiako lehendabiziko liburua? Idatzitako airea baino ez diren hitzek uretako landare baten bihotzean hartu zuten babes, ihi batean. Eta objektu malgu bat sortu zen, bidaia eta abenturei ekiteko aproposa. Begi-niniak ezker-eskuin mugituz, irakurlea bertze mundu batzuetara doa, oinak lurrean hegan, berak aukeratutako bideetatik, inori non aurkitu erran gabe.
Hala kontatzen du Irene Vallejok “Infinitua ihi batean” harribitxian, eta eransten du zu bezala isilik irakurtzen hasi ziren aurreneko lagunei harrituta begiratzen zietela, ordura arte ahots goran leitzen baitzen, ez idazlearen eta irakurlearen arteko elkarrizketa libre eta sekretuan.
Bertze altxor bat ere partekatu nahi dut, hitzekin lotua hau ere: gure herrian urtea baserriz baserri kantari agurtzeko dagoen ohitura. Kantu zahar eta bertso berriekin izan diren gertaerak aipatzen dira, herriaren eta landaren arteko harremanak estutzen dira, eta normalean egoten ez garen lagunen artean elkarrizketa politak sortzen dira. Hori dena mendi buelta bat eginez gainera, boladan jarri diren Urtezaharreko jantzi dotoreen beharrik gabe, xume-xume. Txakurrak, katuak, ardiak, behiak eta arrainak lagun, ilundu ahala argitzen diren ilargiak eta izarrek gidatuta, bista zoragarriekin, xarmaz beteta.
Herrigunean egiten den “diostesalve”-az aparte, baserrietako itzuli hau egiten hasi zen duela hamarkada batzuk herritar talde bat, eta belaunaldiz belaunaldi eusten ari zaio ohiturari, joan direnak gogoan eta hasiberrien grinaz. Baserritarrek jan-edan goxoa jartzen dute hitz eta bertsoen truke eta zentzu guztietan aseta itzultzen gara etxera. Hala oheratu nintzen Urtezahar honetan, afaltzeko eta kanpaikadak aditzeko beharrik gabe, bizitakoaren pozez, arima bero-bero. •

Modus Operandi taldearen ‘Laztana’ bideoklipa, NAIZen ikusgai primizian

El TAV sepultará los restos de un poblado neolítico y de una calzada romana en Gasteiz

Un documento destapa el intento de Escrivá para la mayor privatización de la Sanidad en décadas
« Troubles bipolaires, près de 10 000 cas au Pays Basque »

Herida muy grave una mujer en Bilbo en un posible ataque machista que se investiga

La falta de inclusión de personas con discapacidad, caldo de cultivo para el bullying

Musk y cientos de expertos llaman a una pausa en los experimentos con inteligencia artificial

Eta hala ez bazan? Ipuinen bitartez mundua eraiki eta deseraiki egin daiteke
