Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

«Hika eta toka. Noka ere toka!», hiketan ikasi eta Leitzako herria ezagutzeko liburua

«Hika eta toka. Noka ere toka!» liburua argitaratu du Alke kultur taldeak Leitzako hitanoa jorratzeko. Fernando Oiartzun Sagastibeltzak gidatu du hiketan ikasteko eta herria hobeki ezagutzeko auzolanean egindako lana. Hamabost testigantza jaso ditu baserriz baserri.

Liburuaren azala.
Liburuaren azala. (GAUR8)

Fernando Oiartzun Sagastibeltza Donostian sortu zen 1966an eta Leitzan bizi da. Irakaslea da ikasketaz, eta euskara teknikaria lanbidez. Herria, kultura eta euskara maite ditu, eta horiekin lotutako jardueretan aritzen da bere aisialdian. “Hika eta toka. Noka ere toka!” liburua horren guztiaren emaitza da, leitzarren jakinduriaz hornitua.

Alke kultur taldeak argitaratu du auzolanean egindako lana. Aspaldi abiatu ziren Alken Leitzako antzinako kultur arrastoen atzetik: inauteriak, Olentzero, mitologia... «Beti hiketan kontatutako historiak ziren. Gidoiak prestatzen genituen plazan antzezteko, eta mutilen erregistroan ez genuen arazorik, baina gure Mari, Maimur, Olentzerorekin solastatzen zenean zalantzak genituen, ez genekien ongi nola deklinatu. Liburuetan hizkuntza forma bazen, baina ez genuen ikusten kontestu batean», azaldu du idazleak.

Jendeari galdetzen hasi, eta osatzea merezi zuela ikusi zuten. «Leitzako hizkerak landu izan direnean, jaso gabe gelditu dira gauza asko, emakumeen erregistroko aditzak tartean. Eta helburutzat jarri genuen hori jorratzea».

Nokaren galera

Adituak aspaldi erraten ari zaizkigu hikako tratamendua, batez ere noka, gainbehera doala euskararen lurralde guztietan. Horren ondorioz, zenbait herritan -Zumaia, Azkoitia eta Oñatin, adibidez- gaia landu dute. Leitzan ere bada hiketako erregistroa berreskuratzeko gogoa. Eta duela hamar urte, kultur taldeak lekukoa hartu eta hitanoa aztertzeari ekin zion.

Sakontzen eta hizkuntza formez gain jendearen kontakizunak biltzen joan zen Oiartzun: «Ohiturez, auzolanaz, emakumeen bizimoduaz, gerraz hitz egiten ziguten hiketan, eta aukera sortu zen liburu batean elkartzeko hika eta herriko garai bateko bizimodu aberats hura, non auzolanean elkarri laguntzen zioten eta mitologia eta sinesmenak oso presente zeuden».

Idazlearen lehenbiziko ideia emakumeen erregistroa bakarrik jasotzea zen, baina gero erabaki zuen gizonena ere biltzea, toka ere gero eta okerrago egiten baita.

Liburuaren lehendabiziko zati teorikoan, 50 bat orrialdetan, hitanoa zer den aztertzen da, nola erabiltzen den Euskal Herrian eta Leitzan, zer aldaketa izan dituen eta zergatik galdu den emakumeen erregistroa. Horri nola buelta eman ere proposatzen da.

Proposamena

«Leitzan garai batean erdara asko sartu zen eta gazteen artean ez genuen euskaraz asko egiten. Ingurukoei laguntza eskatuta ikasi genuen, eta antzera egin daiteke hikarekin. Jende askok daki». Oiartzunen iritziz, inguruari erreparatzea eta helduagoei laguntza eskatzea da gakoa.

«Ez da horren zaila, ariketa hori egin zen Leitzan eta berriz egin daiteke nahi izanez gero. Adinekoek zenbat gauza dakizkiten, guk baino hobeki dakite euskaraz. Eta erakusteko oso prest daude». Lanaren egileak dioenez, gazteek ere badute ikasteko grina, bereziki neskek.

Adizki guztiak, adibideekin

Liburuan, Leitzaldeko adizki guztiak daude jasota: zuka, noka eta toka. Azpian benetako esaldiak dituzte, elkarrizketatuen bizitza zatiak. Horretaz gain, 80 bat kontakizun daude irakurgai, mitologia, emakumeak, haurtzaroa, sendabelarrak, gerra zein auzolana protagonista dituztenak, irudi eta argazki zaharrez lagunduta. «Gure aurreko belaunaldiaren eta euskaldunon nortasuna eta bizimodua islatzen dira».

Ez bakarrik leitzarrentzat, euskara aberatsa landu nahi duen edozeinentzat izan daiteke gozagarri eta eredugarri. 150 orritan daude taula horiek, beren esaldi eta azalpenekin. Ez da gelditzen aditz bat hutsik adibiderik gabe. Bukaeran, bibliografia eta aurkibide tematikoa daude.

Emakume baserritarrak

Leitzako 65 urtetik gorako emakume baserritar askok dakite noka; umetan ikasi zuten. Baina ez dute urteetan erabili, presentzia sozial oso txikia izan dutelako. «Ezkondu eta gero ez ziren apenas ateratzen; lagunak eta harremanak galtzen zituzten. Ahizpa edo lagunen batekin hitz egiten dute, beti talde txikian. Mutilak atera izan dira, eta ez dute galdu. Emakumeek bai. Hika konfiantzazkoa da eta berdinen artean hitz egiten da: lagunekin, lankideekin. Garai hartan bikotean konfiantza askorik ez zen izaten nahiz eta bikotea izan. Askotan gurasoek ezkontzen zituzten».

Liburuan agertzen den argazki zahar bat (GAUR8)

Obran jasotako 80 bizi historia horiek grabatuta daude, batzuk bideoan eta denak audioan. Baimenak lortuz gero sareratzeko asmoa dute.

«Nahiko lan izan dugu idazten», aitortu du egileak ahoz jasotakoak idazteko nola moldatu den galdetu diogunean. «Patziku Perurenak asko idatzi du ahozkoa. Estilo propioa dauka, ez dauka irizpide erraza». Ahotsak.eus-en bada gomendio dokumentu bat transkripzioetarako, eta hori baliatu dute. «Behin eta berriz entzunda hurbiltzen saiatu gara. Zenbait aditurekin konpartitu dugu: Ritxi Lizartza, Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruzarekin. Haiek ontzat eman dute».

Eseri eta egon

Fernando Oiartzun pluralean mintzo da. «Proiektua kultur taldetik sortu zenez taldeko proiektu bezala hartzen dut. Baserriz baserri ni ibili naiz. Batzuk espezializatu eta herriz herri ibiltzen dira formak biltzen, galdetegi finko batzuekin. Hemengoa oso desberdina izan da».

Lehenbiziko urratsa noka zein emakumek zekiten jakitea izan zen: bost bat lortu zituen. Hurrengo pausoan harremana egin zuen, hitzordu bat baino gehiago lotuz elkarrekin konfiantza hartzeko. Hasieran, «hau nola esaten zen?» galdetzen zien bakarrik, formak bermatzeko. Gero, haiek kontatzen ziotenetik, hurrengorako gogoan hartu eta hortik tiratzen zuen.

«Asko-asko egon naiz lau pertsonarekin. Orduak eta orduak eman ditugu hitz egiten: eseri eta egon. Oso gauza pertsonalak atera dira. Nola erditzen ziren etxean, emaginak lagunduta, eta haurrak ez bazuen indarrik bularretik tiratzeko, nola eramaten zen umea izan zuen inguruko baserritarren batengana, laguntzeko. Bularretan askotan ateratzen zitzaizkien arrakalak eta ukendua prestatzen zuten sendatzeko».

Haien munduan sartzea eta konpartitzea izan da egin duena, eta azkenerako lagunak egin dira. «Hor ateratzen da mami hori: anaia bat gerrara eraman, hil eta nola bizi izan zuten hori familian».

«Batzuetan eskatzen dizute kentzeko grabagailua, beldurrez bizi direlako. Oso polita eta aberasgarria da. Estimatzen dute, eta beti nahi dute joatea. Izpiritu kontuak, begizko historiak, sinesmenak, errituak asko kontatu dizkidate. Galdu ditugun gauza pila, suaren ingurukoak. Ekaitza zetorrenean belarrak erretzen zituzten, eta hortza erortzean sutara botatzen zuten, ‘San Migel, San Migel: tori zaharra, ta ekatzo berrie’ esanez».

Urtean behin, bederatzi egunez egunero hartzen zuten sendabelarrekin egindako salda bat, odola garbitzeko. Udako solstizioan aurreko urteko belarrak erre eta berriak biltzen zituzten. Eta neguko solstizioa ospatzeko, abenduaren 24 iluntzean su zahar dena garbitu eta berria egiten zuten enbor berriak ekarrita. Familia osoa elkartzen zen momentu horretarako, urrun baziren ere. Bakoitzak egur bana botatzen zuen, eta denen artean su berria egiten zuten. Oraindik ere egiten dute baserri batzuetan estilo horretan.

Ardatza emakumeak dira

«Liburuan lan handia hartu dugu baina detaile guztiak zaindu ditugu, egitura gramatikal bat ematen dugu edozeinek ikasi ahal izateko hiketan zerotik. Eta dakienak, kontakizunekin gozatuko du. Irakurtzen dudanean emozionatzen naiz; ez naiz aspertzen. Zer polita!», agertu du Oiartzunek.

Gai estrategikoa emakumeak dira hasi eta buka. «Amarekin hasi nintzen, gero bost emakume harrapatu nituen, ardatza izan dira eta hori nabaritzen da. Mitologia, erditzea, bularra ematea, ezkontzak, hunkigarriak dira. 80 urtetik gorako emakume batzuk ikusten ditut orain kaletik eta badakit 10 urterekin baserri batera eraman zituztela mantenu truke. Sekulako maitasun eta goxotasuna hartzen dut», adierazi du idazleak.

Fernando Oiartzun Sagastibeltza herriarekin, euskararekin eta kulturarekin lotutako jardueretan ibiltzen da bere aisialdian. Horren emaitza da obra hau (GAUR8)

15-16 lagunen testigantzak jaso ditu eta horietatik hiru hil dira 2022an. Mami gehiena 85-92 urte bitarteko lagunek osatzen dute, gerrako eta ondorengo bizimodu hura ezagutu dutenek. 80 urtetik gorakoek ezagutzen dute mitologia hori, gazteagoek ez dituzte hainbeste gorde sinesmen pagano horiek. «Elkarrizketatuek benetan sinesten dute egia direla».

Liburua berriki aurkeztu du Leitzan eta bertan eskura daiteke. Nahiko luke Iruñea aldean ere aurkeztu eta saltzea, baita Euskal Herriko bertze hiriburuetan ere. Bitartean Interneten jarriko dute salgai, Leitzakultura.eus webgunean.

Leitzako hiketa gaur egun

Leitzan hiketaren egoera uste zutena baino hobea dela frogatu dute. «Gure harridurarako, badira hiketan ederki egiten duten emakumeak, baita noka dakiten gizonak ere».

Gaur egun, emakumeen erregistroa baserritarrek soilik dakite, herritarrek ez. «Nire amak 90 urte ditu eta ez daki. Baserritarrak ez dira apenas mugitzen, eta desagertzen ari dira. Kalean bi kuadrillatxo daude, gainontzean ez da hitzik ere entzuten. Forma asko zeuden bildu gabe, desagertzera zihoazen. Aditzik zailenak, esaldirik zailenak, baldintzazkoak, 90 urtetik gorakoek dakizkite ongi. Premia handia zegoen bermatzekoa hizkera hori ez dela galduko eta hori lortu dugu».

Gizonen erregistroari dagokionez, 50 urtetik gorakoen artean nahiko osasuntsu dago. Gehienek egiten dute baina bakarrik mutilekin. Adinean behera joan ahala egiten da baina zukarekin nahastuz, salbuespenak salbuespen. Baserritik herrira alde handia dago: baserritarrek askoz hobeki dakite. 30 urtetik gorako guztiek egiten dute, baina oro har 50 urtez beherakoek gero eta gutxiago, ‘ikusi nizun’ esaten den bezala ‘ikusi nian’ esanez, freskotasunik gabe, «zakar-ipurdi».

«Leitza arnasgunea da baina erregistroetan gainbehera izugarria dago, euskararen aberastasunean galera oso handia gertatzen ari da», baieztatu du Fernando Oiartzunek. «Beste hizketa bat da erregistro horiena, egitura mailan askoz goxoagoa».

Kontatu digunez, bi seme ditu eta liburu hau «alaba erditzea» izan da. Espero du alaba gehiago sortzea hemendik. «Gauza dezente egin daitezke. Adibidez, pintxo potean azalpen batzuk eman eta hiketan saiatu tabernetan. Oñatiko hizkerarekin aplikazio bat atera dute, eta Appa Hi batuan. Hori egokitu liteke Leitzara».

Liburu hau bizi osoan egin duen lana baino «inportante eta sakonagoa» dela sentitzen du. «Opari ederra utzi digute elkarrizketatu ditugun herritar horiek guziek, beren bizipenak eta jakinduria eskaini baitizkigute». Polita litzateke herri gehiagotan egitea. «Jarraipena eman behar zaio», egin du deia idazleak.