NAIZ

Hogei eguneko greba deitu du ELAk Donostiako Onkologikoaren garbiketa zerbitzuan

Hogei eguneko greba deitu ELAk Donostiako Onkologikoaren garbiketa zerbitzuan. Bertan aritzen diren emakumeak antzeko lana egiten duten gizonak baino gutxiago kobratzen dutela salatu dute. Azpikontratu duen Ilunion enpresak biltzeari uko egin dio, sindikatuak azaldu duenez.

ELAk Onkologikoko garbitzaileen greba iragartzeko egin duen agerraldia.
ELAk Onkologikoko garbitzaileen greba iragartzeko egin duen agerraldia. (@ELADonostia)

ELA sindikatuak deituta, hogei eguneko greba egingo dute Donostiako Onkologikoaren garbiketa zerbitzuan, lehena hilaren 30ean. Ilunion enpresari azpikontratatuta dauka zerbitzu hau eta langileen gehiengoa «egoera prekarioan» dauden emakumeak dira, sindikatuak jakinarazi duenez.

Donostian egin duten agerraldian ELAko kideek azaldu dutenez, Onkologikoa garbitzen aritzen diren langileak urtean 20.000 euro inguru kobratzen dituzte, Gipuzkoan kaleak garbitzen dituztenek baino %25 gutxiago. «Maskulinizatutako sektoreetan antzeko lanarengatik urtean 5.000 euro gehiago kobratzen dute. Sistema kapitalista patriarkalak ez dio balore bera ematen sektore feminizatuei eta maskulinizatuei», salatu dute.

Egoera honen aurrean, Onkologikoko garbitzaileek lantokiko hitzarmena negoziatzea erabaki dute. Azpikontratua duen Ilunion enpresak, berriz, ELAk biltzeko egin dituen hiru eskaerei ezezkoarekin erantzun die.

Onkologikoaren arduradunari honen berri eman zioten, baina honek ere bilera eskaerari ezezkoarekin erantzun zien. «Informazioa jasotzea eskertu badu ere enpresarekin biltzea nahiago duela esan digu», gaineratu dute ELAko kideek.

Gauzak horrela, Onkologikoko garbitzaileentzat greba deitzea zuten aukera bakarra zela nabarmendu dute.

Grebaren aldarrikapenetan lan baldintzak duintzea eta soldataren arrakalarekin amaitzea daude ere.