Manex Altuna

Iñigo Martinez ez da Mestallan izango eta De Marcosek ez du taldekideekin entrenatu

Gattusoren Valentziak berdindu egin zuen Almeriaren kontra azken jardunaldian etxean (2-2). Puntu premiarekin dabil Ligan eta zalantzekin iritsiko da Kopako kanporaketara, baina Superkopan erakutsi zuten talde lehiakorra direla.

Iñigo Martinez korrika egiten Lezaman.
Iñigo Martinez korrika egiten Lezaman. (@InigoMartinez)

Athletic Kopako final laurdenetako kanporaketa prestatzen ari da Lezaman buru-belarri. Aurrera egiteko Valentzian irabazi beharra dauka eta badaki ez dela batere erraza izango. Iñigo Martinez ez da Mestallan jokatzeko moduan egongo eta ikusi beharko da zer gertatzen den De Marcosekin. Arabarrak ez du taldekideekin batera entrenatu astearte goizean egindako lan saioan. Hala ere, klubak ez du oharrik atera eta baliteke ezer larririk ez izatea. Atseden beharra besterik ez.

Asko luzatzen ari den itzulera Iñigo Martinezena da. Ez du partidarik jokatu etenalditik eta aste honetan ere ez dela prest egongo ematen du. Orain dela egun batzuk korrika egiten hasi zen Lezaman, baina oraindik ez du taldekideekin batera entrenatu. Urtarrila hasieratik bere kabuz entrenatzen ari da eskuin oinean duen min baten ondorioz.

Mestallako partidara prestatzerakoan iazko finalerdia gogoan daukate zuri-gorriek, Gonçalo Guedes portugaldarrak egindako gol baten erruz kalera joan baitziren.

Tentsio handiko norgehiagoka izan zen. Bordalasek giroa berotu zuen eta zaleak zein jokalariak hauspotzen asmatu zuen. Marcelinok zuzentzen zuen taldeak beren maila onena eman ezin da itzuli zen. Kopako beste final batera iristeko aukera paregabea galdu zuten.

Lehiakorrak beste estilo batekin

Gennaro Gattuso italiarra eseriko da oraingoan Valentziaren aulkian eta Ernesto Valverde izango du aurrean. Liga hasieran San Mamesen izan ziren eta Berenguerrek egindako gol batekin nagusitu ziren zuri-gorriak.

Italiarrak beste estilo bat eman dio taldeari, erasokorragoa da eta baloiaren jabetzan oinarritzen da. Jokalari abilak dituzte goian. Cavani aurrelari beteranoa da ezagunena, baina Samu Lino brasildarra edo Justin Kluivert ere arriskutsuak dira. Ahaztu gabe ibilbide luzea duten Gabriel Paulista, Gaya edo Castillejo moduko jokalariak.

Samu Lino eta Cavani Superkopan sartutako gola ospatzen. (Giuseppe CACACE / AFP)
Samu Lino eta Cavani Superkopan sartutako gola ospatzen. (Giuseppe CACACE / AFP)

Astelehen gauean jokatutako partidan berdindu egin zuten Almeriaren aurka (2-2). Puntu premian dabiltza Ligan, jaitsiera postuak ahalik eta urrunen uzteko helburuarekin. Talde lehiakorra direnik ezin da ukatu, Superkopako finalerdietan erakutsi zuten moduan. Penaltietara galdu zuten Real Madrilen aurka (1-1). Iazko Kopako finala ere modu berean galdu zuten Betisen kontra.

Athleticek kontuan izan beharko du Iago Herrerin dela Valentziaren bigarren atezaina eta ondo ezagutzen dituela jokalari zuri-gorri guztiak beraien taldekidea izan baitzen.

Bestalde, Marcelino elkarrizketatu dute eguerdian Onda Vasca irratian eta entrenatzaile asturiarrak Athletic Valentzia baino hobeago ikusten duela komentatu du. Bi taldeen teknikari ohi izandakoak Kopako kanporaketa batean edozer gertatu daitekeela azpimarratu du, baina bere ustez Soler eta Guedes gabe oraingo Valentzia iazkoa baino ahulagoa da.