NAIZ

Twin Melody ordiziarren «toxikotasunaren» salaketa bolo-bolo ibili da, Benidormetik hasita

Sare sozialetan jasotzen diren kritikek pantailaz bestalde min handia eman dezakete. Pertsonaia publikoetaz ari garenean, kritikek harik eta filtro eskasagoa dute oraindik. Benidorm Festeko lehiakideen osasun mentala zaintzeko eskaera egin dute Twin Melody ordiziarrek eta oihartzun handia izan du.

Twin Melody Ordiziako bikote musikala.
Twin Melody Ordiziako bikote musikala. (Gabriel Luengas | EUROPA PRESS)

Estatu espainoleko Eurovisionerako ordezkaria aukeratzeko jaialdia, Benidorm Fest, martxan da. Lehen kanporaketa egin zen astearte honetan eta Twin Melody bikote ordiziarrak hartu zuen parte bertan, baina ez zen hurrengorako sailkatu eta horren ostean etorri da iskanbila.

2013an hasi zuten ibilbidea Aitana eta Paula Etxeberria bikiek, Youtubeko kate bat zabaldu ostean. Telebistako hainbat talentu-programa irabazi eta antzeztera egin zuten salto, ETBko ‘Go!azen’ saioan. Instagram eta Tiktoken ‘influencer’ gisa aritzen dira orain, eta duela gutxi erronka berri bati aurre egitea erabaki zuten: Benidorm Fest. Finalera iristea lortu ez badute ere, Twitterren Trending Topic izatea lortu dute, Aritz Arenekin batera. Azken hau valentziarra da, izenak euskalduna dela adieraz dezakeen arren.

Eskaini zuten ikuskizunaz aparte, beste arrazoi bat dago Etxeberria bikiak guztien ahotan egoteko. Izan ere, Benidorm Fest jaialdiaren baitan jasotako «komentario toxikoak» salatu dituzte, negarrez. Jakina da sare sozialek eskaintzen duten anonimotasunak bide hori errazten duela.

«Etorriko diren lehiakiden osasun mentala babesteko, eskatu nahi dugu eraikitzen duen jendeari leku egitea, eta ez suntsitzen duenari, guk ere gaizki samar pasatu dugulako», esan dute gipuzkoarrek, hunkituta, bizi izandako presioaren biktima izan direla aitortuz.

Aritz Aren dantzaria da eta honakoa zuen abeslari gisa lehen esperientzia, baina honek ere ez du finalaurrekoa gainditu. «Gaizki pasatu dut», esan du berak ere. Izan ere, lehiaketan faboritoetako bat den Agoney kanariarraren kanta ez zitzaiola gustatzen esan zuen, eta itxura «satanikoa» zuela. Iritzi hori elur-bola bat bezala hazi eta Agoneyri eragin zion zuzenean. Akatsaz konturatu eta barkamena eskatu du gero Aritz Arenek.

«Ez nago ohituta esaten ari naizenean arreta jartzera, eta ez naiz onena gauzak adierazten, agian nire hitzak zaindu behar ditut. Ez nintzen konturatu nire iritziak min egin zezakeela, baina orain ikusten dut kontu handiagoa izan beharko nukeela», esan du. Aipatzekoa da Aritzek ‘Fama ¡a bailar!’ dantza lehiaketan parte hartu zuenean ere polemika sortu zuela feminismoaren beharraz eztabaidatu zuenean.