Arnaitz Gorriti

Araskiren xedea, Mendizorrotzan irabaztea datorren asteko txango bikoitza baino lehen

Azken jardunaldietan etxean kale egin dute Made Urietarenek eta hori zuzentzea nahi dute, datorren astean asteazkenean Perfumerias Avenidari eta zapatuan Lointek Gernika Bizkaiari bisita egin aurretik. Bizkaitarrek, berriz, beren bosgarren postua sendotu nahi dute Benbibreren aurka.

Kutxabank Araskik etxeko lanak ganoraz egin nahi ditu behingoan.
Kutxabank Araskik etxeko lanak ganoraz egin nahi ditu behingoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

IDK Euskotrenek domeka eguerdian jokatuko du Basket Zaragozaren aurka, eta badu nahikoa lan horrekin joan zen asteburuan etxean Cadi La Seuren aurka galdu ostean. Zapatu arratsaldean, berriz, neurketa biak ala biak 18.30etan hasita, Kutxabank Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak etxean jokatu behar dute, Lugoko Ensinoren eta Benbibreren aurka, hurrenez hurren.

«Azken aldian etxetik kanpo maila hobea ari gara ematen eta hori ez da modua», onartu du Ioseba Redondo gasteiztarren bigarren entrenatzaileak partida bezperan egin ohi duen agerraldian. Izan ere, Mendizorrotzako zaleek etxekoen garaipenaz gozatu zuten azkenengo neurketa 2022ko abenduaren 27an jokatu zen. Olentzeroren oparia bailitzan, Madelen Urietarenek 67-62 hartu zuten menpean Cadi La Seu, baina harrezkero etxetik kanpo baino ez dute irabazi. Hala, Mendizorrotzatik garaipena patrikan eta irribarrea ezpainetan joan dira Valentzia Basket, Estudiantes, Girona eta IDK Euskotren, bata bestearen atzetik.

«Gure zaleei behingoan poz bat eman nahi diegu, baina horretarako zaleek ere beren laguntza eman beharko digute. Beraz, datozela eta anima gaitzatela, mesedez, gaineratu du Natalie Van den Adel hegal-pibotak Kutxabank Araskiren webguneari eskaini dizkion adierazpenetan.

Harrigarria bada ere, etxean hainbeste neurketa jarraian galduagatik, arabarrak Emakumeen Endesa Ligako zortzi onenen artean daude oraindik sailkatuta, 11-12 balantzearekin. Zentzu horretan, Lugoko Ensino arerio zuzena baino zuzenagoa da, gasteiztarrek baino garaipen bat gutxiago pilatu baitute orain arte. Bestela ere aurkari gaiztoa bada –nahiz eta Blanca Millan hegalekoak belauna birrindu ostean indar apur bat galdu duten–, are eta petralagoa izango da orain, astean zehar Lugoko taldeak Milica Ivanovic Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalari ohia fitxatu dute-eta. Galiziarrek oro har joko azkarra eta trantsizio lana ondo egiten badute, Ivanovic ekarrita kanpoko jaurtiketzaile on bat izango dute aurrez aurre gasteiztarrek.

Kutxabank Araskik azken bi neurketak galdu ditu, IDK Euskotrenen aurkako euskal derbia etxean eta Jairisen aurka Murtzian joan zen igandean. Zortzi onenen artean mantentzeko ez ezik, hurrengo erronkei aurre egiteko ere badu irabazi beharra talde gasteiztarrak, izan ere datorren astean ezustean bi partida jokatu beharko baititu.

Perfumerias Avenida taldeak Emakumeen Euroligako final-laurdenetako txartela eskuratu du eta hala, hilaren 18an Salamancan jokatu beharreko neurketa hilaren 8ra aurreratu da. Asteazkenean 20.30etan Salamancako Wurzburg kiroldegian jokatu beharko dute Madelen Urietarenek, datorren larunbateko euskal derbia prestatzeko ia astirik eman gabe. Hain zuzen, Maloste kiroldegitik txangoa egin beharko baitute arabarren hilaren 11an Lointek Gernika Bizkaiaren aurka jokatzeko. Bada, nahiko buruhauste izango dute bestela ere datorren asteko norgehiagokak ahalik eta ondoen prestatzen, baina are eta zailagoa izango zaie ezer onik ateratzea Salamancatik zein Gernikatik zapatu honetan Ensinori irabazi ezean.

Garaipenak pilatu nahian

Bolada txarrean murgilduta zebilen ere Lointek Gernika Bizkaia, baina azken bi asteburuetan Estudiantes eta Leganesi irabazi ondoren, gauzak beste kolore batzekin ikus ditzake Anna Montañanak zuzentzen duen taldeak.

«Benbibrek aurreneko itzulian irabazi egin zigun eta ezin dezakegu hori ahaztu. Talde borrokalaria dira eta entrenatzaile aldaketa bezalako arazoei ederki egin die aurre. Azken asteetan gorantz egin dugu guk, baina beti talde lanari esker, berdin defentsan nola errebotea ixteko orduan. Ezin diogu lan hori egiteari utzi», adierazi du partida bezperako agerraldian Anna Montañana entrenatzaileak.

Wojta, Alberdi eta Nogaye Lo falta baditu ere, sialkapenean bosgarren jarraitzen dute bizkaitarek, Estudiantesekin berdinduta 12na garaipenekin. Bestalde, Benbibre printzipioz maila ez galtzeko pentsaturiko taldea da, baina ia ezustean play-offetara sailkatzeko borrokan murgildu da. Ensino, IDK Euskotren eta Cadi La Seurekin berdinduta, 10 garaipen dituztenen multzoan dago, zortzi onenengandik garaipen bakarrera, Emakumeen Ligaren Fase Erregularra amaitzeko zazpi jardunaldi falta direnean.

Gernikarren izan lezaketen abantailetako bat arerioa ondo ezagutzen dutela da. Hain zuzen, Lointek Gernika Bizkaian aritzea zer den badakien Roselis Silva Venezuelako antolatzailea de Bierzokoen jokalari garrantzitsuenetako bat, eta gernikarren badakite defentsako lan gogor baten aurrean Silvaren joko etorria itotzea posible dela. Anna Montañanarenek halakorik erdietsiko balute, hamahirugarren garaipena askoz gertuago izango lukete datorren asteko derbiaren bezperan.