Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, Women Winter Serieseko aurreneko txapeldunak

Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markinarrek eraman dute Women Winter Series txapelketako aurreneko txapela. Emozio handiko finala jokatu dute Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabalen aurka. Lehia estua egon da bi jokotan eta azkenean, biak urdinen aurre jausi dira (12-15 eta 14-15).

Erdian, txapelarekin, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi; alboetan, azpitxapeldunak, Ortiz de Mendibil eta Aldazabal.
Erdian, txapelarekin, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi; alboetan, azpitxapeldunak, Ortiz de Mendibil eta Aldazabal. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Finalek askotan ikusgarritasunetik gutxi izaten dute. Ziurtatzera botatako pilota asko, beldurra, urduritasuna... Women Winter Series txapelketak aurreneko finala zuen atzo eta emozioak pil-pilean sumatzen ziren ordu batzuk lehenagotik. Irabazi bai, baina batez ere partida ona jokatu nahi zuten lau puntistek, Ezkurdi pilotalekuan batu ziren 650 pertsonak zur eta lur uzteko asmoz.

Eta bai lortu ere! Azken unera arte ez dira erabaki bi jokoak, erabateko parekotasuna bizi izan da eta tamalez akats batek erabaki badu finala ere, letra larriz esan daiteke sekulako partida izan dela. Erika Mugartegi eta Arai Lejardik, txapelketako bikote gazteenak, jantzi du historiako aurreneko txapela baina zesta-puntak eraman du garaipenik handiena.

Maialen Aldazabal atzelariak ezin izan du eraman Erika Mugartegiren azken pilotakada, bigarren jokoa 14-14 markagailuarekin zegoela. Atzelari bizkaitarrak sekulako defentsa erakutsi du partida osoan zehar baina pilotak ez zion itzuli dema osoan eginiko esfortzua. Eta horregatik, agian, lastima izan zen modu horretan bukatzea partida, jendea gehiagorako gosez baitzegoen.

Eta ez da gutxiagorako. Finalak osagai guztiak izan zituen: Aldazabalen defentsa, Lejardiren segurtasuna, Ortiz de Mendibilen oldarkortasuna, Mugartegiren abilezia... Denak aurrez aurre, eta dena parez pare. Lehen jokoa ez da hautsi azken txanpara arte, urdinek 12-12koaren ostean 0-3ko partzial bat ezarrita. Hor ere, aurrelari gasteiztarra, oso ausart, jokoan sartzen saiatu da, Aldazabali atsedena eman asmoz baina ez du asmatu pilota jasotzerako orduan. Urdinek krisi moduko bat izan dute aurrerago, ohikoa ez den legez Mugartegik bost galdutako pilatu ditu lehen setean. 8-7rekin aurreratu dira aurrenekoz gorriak eta 10-8ko abantaila ere lortu dute. Baina markinarrek, gazteak izanik ere, amorru eta lehiakortasuna garatuta daukatela erakutsi zuten eta hala, abileziak lagunduta, noski, markagailua irauli eta 12-15 gailendu dira.

Azken tantoraino berdinduta

«Peloteoan garaiezinak dira», zioen Aldazabalek finalaren atarian. Duela 9 urte hasi ziren zesta-puntan eta ordutik, elkarrekin lehiatu dira Mugartegi eta Lejardi. Bien arteko konpenetrazioa agerian geratu zen finalerdian eta hor min ematen saiatu dira Ortiz de Mendibil eta berriatuarra. Lortu dute tarteka eta bazirudien bigarren jokoan gakoa topatu dutela. 3-4 galtzen hasi zuten baina 4-0eko partzialarekin, 7-4 aurretik jarri da bikote beteranoena. 5-4 aurretik jartzeko Aldazabalek sekulako defentsa erakutsi du, harmailetako jendea zutitzeraino. 7-4koa egiteko, aurrelari gasteiztarrak hiru pilota eraman ditu errebotetik, tantoa aldekoa izateraino. Gorriak asmatzen ari zirela zirudienean, baina, bi huts egin eta partida berriro ere gori-gorian jarri da: 8-7.

Ortiz de Mendibilek erantzun aparta eman du berriro ere aldeak handitzeko –Munduko txapelduna izatearen motxila ondo kudeatu zuen– baina aurrean oraindik ere zeresan handia emango duen bikotea zeukan, sekulako segurtasuna daukana peloteoan eta gainera, ausarta izan behar denean ere asmatzen dakiena.

Bigarren jokoan behin berdinketa lortuta (10-10), tentsioa areagotzen hasi da. Harmailetan pilotakada bakoitza txalotu da, ez dute partida amaitzerik nahi izan. 11-12koan Mugartegik bien artera bota du pilota, argitasun osoz; 13-13koan Aldazabalek defentsa ona egin eta asmo handiz, ezker paretera bota du pilota, Lejardiri zaildu asmoz. Huts gutxi egin ditu atzelari markinarrak (6 partida osoan zehar, hiruna joko bakoitzean), 13tik ere eraman ditu pilota gaiztoak baina ezin izan du saihestu 13-13ko berdinketa. Gorriek egin dute lehendabizi 14. tantoa, baina partida hirugarren jokora bidean zegoenean Aldazabalek gora bota du –«ze lastima!», entzun da harmailetan– eta azken tanto erabakigarrian berriatuarrak ezin izan du eraman Mugartegiren pilota.

Mugarria

Ezkurdi pilotalekuak emandako erantzuna, pilotarien maila lau haizetara zabaldu izana... Lehen edizio hau mugarria izango da datorrenerako. «Ongi egin beharraren» presioa ederki kudeatu zuten pilotari guztiek, ikuskizun aparta eskainiz, maila badutela erakutsi eta sinetsiz gero, etorkizuna badagoela ziurtatuz. Mugartegi eta Lejardi dira lehen txapeldunak, 14 eta 15 urterekin. Etorkizuna egon, badago; orain, apostu egiteko garaia da.

Aritz Erkiaga, txapeldun Buruz Burukoan (0-2)

Gizonezkoen Buruz Burukoan, bestalde, Aritz Erkiaga nagusitu da Barandikaren aurka (13-15 eta 12-15). Lehen jokoa nagusitasunez hasi du Ispasterko aurrelariak (1-8) baina Barandika garaiz esnatu eta berdintzeraino iritsi da. Dotoreziaz eginiko dejada batekin erabaki du lehen seta Erkiagak.

Bigarrengoan, Barandika txukun hasi da eta abantaila ederra ere izan du bere alde. Erkiagak, baina, ez du amore eman eta atzetik aurrera, bigarren jokoa ere bere alde jarri du.

2022. urtean kasik txapelketa guztietan nagusitu ostean, Ispasterkoak txapel honekin arantza moduko bat kendu du, aurtengo Winter Series txapelketan ezin izan baitzuen finala erdietsi. Barandikak, bestalde, Gernikako Jai Alai frontoian azpitxapeldun atera ostean, Ezkurdin ere bigarren postuan bukatu du.

Gizonezkoen Buruz Burukoa Imanol Lopez eta Johan Sorozabal puntistek osatu dute. Hauek, finalerdian porrota jaso zuten Erkiaga eta Barandikaren aurka, hurrenez hurren.