Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Lasesarreko derbia: krudela Zuazorentzat eta epikoa Beti Onakentzat (21-22)

Zuazo eta Beti Onakek tentsio handiko derbia jokatu dute, bi taldeentzako saihetsezina dirudien jaitsiera faserako bi puntu garrantzitsu baitzeuden jokoan. Nafarrek batu dituzte eta bizkaitarrek hondoa jo dute (21-22), azken lau sailkatuen aurkako dema zuzenetan hiru puntu soilik lortu baitituzte.

Estitxu Berasategi eta Lyndie Tchaptcheten arteko lehia.
Estitxu Berasategi eta Lyndie Tchaptcheten arteko lehia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zuazok, matematikoki, jaitsiera fasea jokatuko du; Beti Onakek aukera minimoak ditu salbatzeko eta beraz, nafarrak ere horra begira daude. Hala, Lasesarreko euskal derbiak sekulako dimentsioa hartu du, bi puntu baino gehiago zeudelako jokoan. Bi puntu dira bai, baina ez edonolakoak, hauen eragina play-down delakoan ere sumatuko delako. Azken lau sailkatuen arteko lehia zuzenetan eskuratutako puntuekin ekingo dute fase hori eta oraingoz, egungo sailkapenarekin, Zuazok 3 puntu besterik ez ditu eskuratu; Beti Onakek, atzokoak batuta, 7. Gaur bertan indarrak neurtuko dituzte Grafometal La Rioja eta Granollersek –katalanek ere zail daukate salbazioa–.

Testuingurua azalduta, hobe uler daiteke Atarrabiako taldearen ospakizuna behin partida amaituta, eta baita bizkaitarren etsipen aurpegiak ere. Barakaldoko taldea, kirol arloan ez ezik, sufritzen ari da eta larunbat honetako partida horren erakusle izan da, nahiz eta bukaerara arte, jokalarien kemenari esker, garaipenean sinesteko esperantza bizirik mantendu zuten. Lyndie Tchaptcheten azken jaurtiketa –hurrengo sasoian Bera Beran jokatuko duela diote– eta Sarrionandia-Ibarrak galdutako baloiarekin itzali zen itxaropen oro.

Kaotikoa zenbait fasetan

Partida zenbait unetan kaotikoa izan da, jokalarien tentsioaren ondorioz. Zuazok egin du partidako lehen gola baina segituan erreakzionatu dute nafarrek eta ohartzerako, 1-3ko abantaila lortu dute. Hirugarren gol hori egin eta laugarrena lortzeko, baina, 10 minutu pasa igaro dira eta bitartean, Zuazok errenta zabaldu zuen (6-3). Etxekoen aldeko 5-0ko partzialetik kanpokoen 1-4koa iritsi eta partida erabat parekatu da. Parekotasuna, oro har, partida osoan zehar somatu zen eta azken emaitza ere horren isla da.

Olaia Luzuriaga atezain atarrabiarrak ikuskizun aparta eskaini du –lehen zatian 10 geldiketa egin zituen– eta, hein handi batean berari esker, 8-10eko markagailua ezarri du Miguel Etxeberriaren taldeak. Azken unean, Joseba Rodriguezek denbora gelditu eta errenta hori gol batera murriztea lortu dute etxekoek.

Gakoa zen jokaldi horrekin asmatzea, eta fin aritu dira bizkaitarrak, Sarrionandia-Ibarrak jokaldia ondo bukatuta. Bigarren zatiari ere seriotasunez ekin diote eta Naia Puigboren golak berdinketa itzularazi du markagailura (10-10). Hainbesteko tentsioa nabari zen, bi taldeak kasik bost minutu egon direla golik ezin eginda, azkenean Macarena Sansek –golegile nagusia (8)– atea ikusi duen arte.

Batak gol, besteak ere bai, hala igaro dira hurrengo minutuak. Mada Fernandez-Agustik eusten zuen Zuazo eta Sansek ematen zion airea Beti Onaki. Hala, hegaletik bi baloi zutoinera botatzea gogor ordaindu du Zuazok, orduan ireki baitu aldea talde nafarrak (17-20). Zale nafarrak garaipena ospatzen hasiak zeudenean, baina, tentsioa berriro itzuli da pabilioira –Encinas ordezko atezainaren ezinegona horren erakusle zen–. Madak jarraian eginiko bi golekin, dema berdindu baitu bi minutu eta erdiren faltan. Loverak aurretik jarri du Beti Onak; Madak berriro berdindu, hutsarte bat eta bestearen artean. Tchaptchetek azken jaurtiketan asmatu du; Sarrionandia-Ibarrak, ez. Eta horrek erabaki du euskal derbia, modu krudelean batzuentzat, epikaz beterikoan besteentzat.

Zubileta Evolution Zuazo: Ezbida; Isi (2), Moles, Mada (6), Bengoetxea (1), Sanchez (5), Puigo (1). Gonzalez (o.a.), Permach, Berasategi (1), Sarrionandia-Ibarra (4), Gil, Valero.

Gurpea Beti-Onak Azparren Gestion: Luzuriaga; Ainhoa Garcia, Sans (8), Tchaptchet (2), Lovera (4), Ayelen Garcia, Retegui. Encinas (o.a.), P. Garcia (3), Mallo, Hernandez (3), Zamora, De Uriarte, Rodriguez (1).

Epaileak: Martin Soria eta Alvarez Menendez. Zuazoko Berasategi, Puigbo, Permach eta Mada kanporatu zituzten; Beti Onaketik, Ainhoa Garcia, Ayelen Garcia eta Lovera.

Markagailua: 3-3, 6-5, 9-10; 12-12, 16-18, 21-22.