Jon Ormazabal

Laso eta Imazek ez dute finalerdietako ligaxkako azken partida jokatuko larunbatean Labriten

Erlatibitatearen teoria gailendu da Altuna-Tolosa eta Elordi-Zabaletak igandean Bilbon jokatuko duten partida erabakigarriaren aurreko material aukeraketan.

Laso-Imaz ez dira larunbatean Labritera itzuliko eta zuzenean Nafarroa Arenara joango dira.
Laso-Imaz ez dira larunbatean Labritera itzuliko eta zuzenean Nafarroa Arenara joango dira. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Binakako txapelketaren lehiaketa sistemak eta halakoak ditu eta Laso-Imazek nahikoak izan dituzte hamar garaipen apirilaren 9ko Nafarroa Arenako finalerako sailkatzeko, jokatutako 16 partidetatik 13tan gailendu diren Elordi-Zabaletak eta 11 garaipen pilatu dituzten Altuna-Tolosak beste bat beharko duten bitartean. Play-offean eta finalerdietako ligaxkan alanbrearen gainean jokatutako hiru partidek sekulako saria eman diete larunbat honetan atseden hartuko duten Baikoko pilotariei.

Bilboko enpresak gaur jakitera eman duenez, ez Bizkarreta-Gerendiaingoak ez oiartzuarrak –berdin gertatzen da Promozio mailako finalerako sailkatuta dagoen Larrazabalekin– ez dute larunbat honetan sailkapenerako inolako baliorik ez duen Peña-Mariezkurrenaren aurkako partida jokatuko, eskuko minak eraginda enpresak igorri duen txostenaren arabera, nahiz eta zalantza gutxi egon, finalerako txartela jokoan izango balute, bata zein bestea Labriten egongo zirenaren inguruan. Baikok Iñaki Artola eta Iosu Eskiroz deitu ditu larunbaterako.

Erlatibitatearen teoria

Bien bitartean, sekula esan ez, baina Einsteinen ahotan jarri zen «dena da erlatiboa» esamoldea bikain datorkio igandean Altuna-Tolosa eta Elordi-Zabaletak jokatuko duten partida erabakigarriari. Esaterako, beti esan izan da Binakakoa erregulartasunaren txapelketa dela, baina hori ere ez da guztiz horrela, orain arte partidarik gehien irabazitako bikoteetarik bat ez delako finalera helduko. «Nahiz eta finalean Laso eta Imaz izan, txapelketa honetan, alderekin ginera, onenak Aitor eta Jose izan dira», laburbildu du Jokin Altunak faboritoen zama aurkarien bizkar utziz.

Bilbon jokatzearena ere, begiratzen den betaurrekoen kristalaren araberakoa omen da amezketarrarentzat. «Alde batetik, aurrean mina egiteko nahiago zenuke frontoi azkarrago bat, baina beste alde batetik, Zabaletak berak ere agian beste frontoi batean are eta gehiago hausten zaitu».

Kontua da, urtarrilaren 15ean bertan galdu zutela, aurkari berdinen aurka euren lehen partida mallabiarrak eta  Etxarrenekoak, tanto bakar baten aldeaz, euren lehen partida. Igandera begira, antzerako partida bat espero du atzelari nafarrak, argi duen gauzetako bat baita, «inork ez duela erraz irabaziko». Teoriak Jokin Altuna gainetik pasa eta jokoa atzean kargatzeak mesede egingo liekeela dioen arren, Zabaletak uste du ez dutela horrekin itsutu behar. «Ez dut uste ez guk ez eurek, jokatzeko modu zehatz batekin erotu behar dugunik».

Txarrenerako prest

Handiagoa edo txikiagoa, bi bikoteek orain arte huts egiteko koltxoi bat izan dute 16 astez, baina hori amaitu da tentsioa kudeatzen jakiteak ere zeresan handia izango du igandean. Presioa nabaritzen ote duen galdetuta, Aitor Elordik garbi hitz egin du. «Ezetzik ez dizut esango ze bestela gezurra esaten ariko nintzen. Txapelketarik gorenean lehen aldiz parte hartzen dugunean azken fasera helduta bai nabaritzen da. Txarrenerako mentalizatzen bazara, hortik aurrerako denak onarri dira eta horretarako mentalizatuta gaude, igandean disfrutatzera etorriko gara eta irabaztea lortuko bagenu, gauza ederra litzateke niretzat, sari handi bat, baina galduta ere, orain arteko denarekin  geratuko nintzateke ze ez dut uste triste egoteko motiborik dudanik», azaldu du.

Esperientzia aldetik, Xabi Tolosa da halako partidetan gutxien aritutakoa, baina momentuz sekulako patxada trasmititzen du. Anoetarrak, momentuz behintzat, ez du aparteko urduritasunik sumatu. «Ez, egia esan, txapelketa osoa oso lasai ari naiz jokatzen. Gure lana oso ondo egiten ari garela iruditzen zait eta Jokinekin aritzeak lasaitasuna eta konfiantza ematen dit eta iganderako gogotsu nago. Finaletik partida bakarrera gaude, baina presioa sartzea kalterako baino ez da eta».

Baina ba al da horretarako botikarik? «Presioa kudeatzen dudala uste izan dudan bakoitzean beti agertu izan da», amaitu du Altunak.