NAIZ

Errespetuan oinarritutako elkarbizitza aldarrikatzeko kalera atera dira mutrikuarrak

«Delinkuentziarik ez dugu nahi» lelopean, kalera atera dira mutrikuarrak arratsalde honetan, azkenaldian izan diren lapurreta eta erasoak gaitzetsi eta errespetuan oinarritutako bizkidetza aldarrikatzeko.

Mutrikuko plaza mukuru beteta, manifestazioa abiatu aurretik.
Mutrikuko plaza mukuru beteta, manifestazioa abiatu aurretik. (NAIZ)

Udalak egindako deiarekin bat eginez, manifestazio jendetsua egin dute ostiral arratsalde honetan Mutrikun, «Delinkuentziarik ez dugu nahi» lelopean; herrian inoiz egin den mobilizazio handienetakoa izan da, bertakoek nabarmendu dutenez.

Azken urte honetan herrian izan diren lapurreta eta erasoak salatu eta errespetuan oinarritutako bizikidetza aldarrikatu nahi izan dute mutrikuarrek. Azkena ostiral goizaldean izan da, Saturrarango etxebizitza batean. Lapurreta egitera sartu dira 3.00etan eta bertan bizi diren pertsonetako bi zauritu dira arma zuriz eginiko erasoan, udal iturriek zehaztu dutenez. Ertzaintzak ikerketa abiatu du, indarkeriaz egindako lapurretagatik.

Mutrikuarrak kezkatuta eta «beldurtuta» daude azkenaldian gertatu den guztiarekin eta herritarren eskaera aintzat hartu eta babesa helarazteko deitu zuen manifestazioa Udalak. Joseba Palenzuela alkateak gaur argitu nahi izan du ez dela kolektibo zehatz baten aurkako mobilizazioa, elkarbizitza baketsua eragozten dutenen aurkakoa baizik.

Manifestazioa goiko plazatik abiatu da, udal ordezkariak pankartaren buru zirela, eta haien atzetik herritar andana, ixilik, enfrentamendurik ez dutela nahi, elkarbizitza baizik, irudikatzeko. Mobilizazioa portuan bukatu da, Sulengua dorretxearen aurrean. Eraikina okupatuta dago aspalditik eta bertan bizi diren pertsonek istiluak eragiten dituzte maiz, bizilagunek salatu dutenez; askok azkenaldian izan diren lapurreta eta erasoen erantzule egiten dituzte. Manifestazioa bertara iritsi denean tentsio uneren bat izan da leihoetara atera diren okupekin, manifestariak grabatzen ari zirelako eta erdiko hatza erakusten, baina ez da liskarrik sortu.