NAIZ

Publikoan ari diren enpresa pribatuei euskara eskatzea «inposizioa» dela dio EAEko Auzitegiak

Hizkuntza eskakizunen aurkako beste epai bat kaleratu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Kasu honetan, eskola garraioarekin lotutako kontratu batean enpresako langileek Administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezela eskatzea «inposizioa» dela ebatzi du.

Kontseilua eta beste hainbat eragileren mobilizazioa EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, euskararen kontrako epaien harira.
Kontseilua eta beste hainbat eragileren mobilizazioa EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, euskararen kontrako epaien harira. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hizkuntza irizpideen aurkako beste epai bat kaleratu du, zehazki euskara eskakizunaren aurkakoa. Otsaileko epaia da, baina orain eman da jakitera.

Administrazioarekiko Auzien Lehen Aretoak sinatu du epaia, eskola garraioarekin lotutako kontratu baten harira. Ondarroako autobus konpainia pribatu batek auzitara jo zuen, Hezkuntza Sailaren kontratuan zehazten zelako behin lehiaketa publikoa irabazita eta kontratua esleituta enpresako langileek administrazioarekin dituzten harremanetan euskara maila egokia izan behar dutela. Enpresari ez zitzaion egokia iruditu eskakizun hori, eta epaitegietara jo zuen.

Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio eta ebatzi du «inposizioa» dela kontratuan baldintza hori zehaztea, hau da, arlo publikoan lan egiten duten enpresa pribatuetako langileei Administraziorekin dituzten harremanetan euskara eskatzea. Hori «gehiegizkoa» dela uste du.

Auzitegiaren arabera, administrazio publikorako ari diren enpresa pribatuetako langileei ezin zaie funtzionario publikoei eskatzen zaien euskara eskakizun berbera exijitu. 

Enpresaren eta Administrazioaren arteko harremana

Orain arte euskara eskakizunen aurka izan diren epaiak enpresa eta beren bezeroen arteko harremanen ingurukoak izan dira, baina kasu honetan enpresak Administrazioarekin dituen harremanetan sartu da EAEko Auzitegi Nagusia.

Eskola garraioko enpresak defendatu duenez, «langileek Administrazioarekin zein hizkuntzatan komunikatu erabakitzeko askatasuna» izan behar dute. «Kontratatzen duen erakundea esleipena egiten duenari baldintzarik gabe eskatzen ari zaio euskara erabiltzea gaztelaniaren kaltetan berak hala erabakitzen duenean», kexatu da.

EAEko Administrazioak, bere aldetik, «neurrizkoa» ikusten du euskara eskatzea, ahoz komunikatu ahal izateko eta funtzionarioek beren lana euskaraz egiteko duten eskubidea betetzeko. Baina Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, eskubide hori ezin da «zabaldu» bilatzen den zentzu horretan.

«Funtzionarioek lana euskaraz egiteko duten eskubidea barne eremuan bermatu behar du Administrazioak. Aldiz, ezin da erakunde publikoekin harremana duten gainerako eragileentzako inposizio bat izan», argudiatu du.

Bertan behera utzi duen klausula «ez dagoela ongi zehaztua» ere kritikatu du epaitegiak. Horrek «segurtasun falta» dakarrela ohartarazi du, «esleipena egiten duenaren esku uzten duelako, kasu bakoitzean, berarekin erlazionatzen den langileak izan beharreko euskara maila egokia zein den erabakitzea».

Epaia ez da irmoa. Lakuako Hezkuntza Sailaren eslaipenaren aurka egiten badu ere, epaiketa Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eraman du eta berari dagokio helegitea jarri ala ez erabakitzea. 

Oldarraldia, eremu berrietara zabaltzen

Euskalgintzaren Kontseiluak «oso larritzat» jo du sententzia, «administrazio publikoek euskaraz funtzionatu ahal izatearen aurka jotzen baitu bete-betean, de facto gaztelaniaz funtzionatzea inposatuz». Ostegun honetan kaleratutako ohar batean esplikatu duenez, «ebazpen isolatu bat izatetik urrun, lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak auzitan jarri ondoren, euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialaren urrats berri baten aurrean gaude. Izan ere, azken urteetan jaso diren sententziak eremuz eremu euskaraz bizitzeko espazioak murrizten ari dira, herritarren eskubideak zuzenean edo zeharka kaltetuz».

Kontseiluak aspalditik defendatu du kontratazioetan hizkuntza klausulek duten garrantzia, gaur egun gaztelania nagusi den administrazioa eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko urrats gisa. «Tamalez, euskararen biziberritzean eta normalizazioaren alde hartzen den neurri bakoitzeko, epaileak agertzen dira herritarron eskubideak are gehiago murrizteko. Euskara hizkuntza ofiziala izanik, administrazioarekin hitzarmen bat dagoen momentuan, honek harremana euskaraz egin dadila arautzeko eskumen osoa du. Zerbitzu publiko bat emango duten enpresek ez dituzte herritarrei dagozkien eskubide berberak, eskubideak herritarrei dagozkielako eta ez enpresei. Beraz, zerbitzu publikoa esleitzeko lehiaketa batean, enpresa pribatuei administrazioarekin harremantzerakoan gutxieneko euskara ezagutzak izango dituen langilea bermatu dezatela eskatzeak ez dizkio inongo herritarri, ez langileri, eskubideak urratzen», argitu du.

Kontseiluak batasunetik erantzuteko dei egin die berdintasun eta kohesio sozialaren alde dauden eraile politiko eta sozial guztiei, eta epaiketa kudeatu duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari babesa agertu dio ebazpenari helegitea aurkez diezaion.