Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Athleticek Kopako arantza kendu du Ligan, partida oso serioa eginda Espanyolen etxean (1-2)

Iñaki Williamsek 22. minutuan eta bere anaia Nicok 75ean sartutako golei esker irabazi dute zuri-gorriek orain arte garaipena ezagutzen ez zuten zelaian. Darderrek 91n sartu du 1-2koa eta segituan Aleix Vidal kaleratu du epaileak. Bilbotarrak zazpigarren tokian mantenduko dira, Osasunaren aurretik.

Williams anaiak, Iñakiren lehen gola ospatzen.
Williams anaiak, Iñakiren lehen gola ospatzen. (AGENCIA LOF)

Entrenatzaile berria, garaipen ziurtatuta? Athleticek esaera hau ez dela zientifikoa baieztatu du hirugarren aldiz denboraldi honetan. Quique Setienekin (Vila-real), Jorge Sampaolirekin (Sevilla) eta larunbat honetan Luis Garciarekin (Espanyol) frogatu du. Zuri-gorriek arantza bat zuten Kopan finalik gabe geratu ostean eta oso lan txukuna egin dute Cornella-El Prat zelaian Ligan garaipen berri bat lortzeko Williams anaien golei esker (1-2); bigarrena, Nicorena, aste honetan protagonista izan den jokalariarena, alegia.

Hori bai, neurketa kontrolatuta izatetik azken txanpan sufritzera pasa dira bizkaitarrak. Darderrek 91. minutuan egin du 1-2koa Unai Simonek lehen baloi bat harrapatu ez duela aprobetxatuta, eta ondoren epaileak beste minutu bat luzatu du norgehiagoka Aleix Vidalek bi txartel hori ikusi dituelako jarraian eta denbora galdu delako. Hala ere, Espanyolek ez du berdintzea lortu eta Athletic zazpigarren tokian lo egingo du.

Ernesto Valverdek aldaketa batzuk egin ditu Kopako partidatik hona. Adibidez, atean Unai Simon Ligako titularra bueltatu da; defentsan Dani Vivian zelairatu du Yerairen ordez, Iñigo Martinezekin batera atzeko lerroa ixteko; eta aldaketa nabarmenenak Iker Muniain –berriro ere– eta Nico Williams aulkian utzi dituela izan da, zelai erdian Dani Garcia ipintzeko eta ezkerrean Alex Berenguerrek jokatzeko. Aldatu ez dituenak hegalekoak izan dira: Oscar de Marcos eskuinean eta Yuri Berchiche ezkerrean. Eta, hauekin batera, Mikel Vesga pibotean –gaur bertan 30 urte bete ditu–, Iñaki Williams eskuinean, Oihan Sancet aurrelariaren atzetik eta Gorka Guruzeta aurrean aritu dira.

Muniain aulkian uztearena ez da berria. Valverdek aukera hau behin baino gehiagotan erabili du denboraldi honetan, baina bai arraroa egin dela Nico Williams titular bezala ez ateratzea. Jokalari erasotzaileak gaur bertan ireki ditu berriro ere bere sare sozialak, Kopan Osasunaren aurka kanporatuta geratu ostean jasotako irainengatik itxi ondoren. Baliteke Valverdek jokalariaren gogo-aldartea ondo ez ikustea eta, beraz, nahiago izan du, partida hala eskatuz gero, beranduago zelairatzea. Bere laguntzaile Aspiazuk adierazi du arrazoia ez dela hau izan eta, beraz, atseden emateko arrazoia izan liteke besterik gabe.

Espanyolek aldaketak egin ditu baita ere. Luis Garcia entrenatzaile berriak zelai erdia aldatu du: Gragera eta Edu Exposito zelairatu ditu hasieratik Vini Souza eta Denis Suarezen ordez.

Esperimentu hauek hobeto atera zaizkio Athletici. Zuri-gorriak askoz ere hobeak izan dira lehen zatian. Aurrean ondo presionatu dute, katalanei ideia gabe utziz. Gainera, Valverderen jokalariek aukerak izan dituzte. Ezin zitzaien askoz ere gehiago eskatu.

Bilbotarren arriskua eskuinetik iristen zen. Bertan, Iñaki Williams bere abiadura aprobetxatzen ahalegindu da, eta halako batean iritsi da lehen gola, 22. minutuan. Dani Garciak baloi luze bat bidali dio aurrelariari, honek ondo kontrolatu eta abiaduraz alde egin dio Espanyoleko defentsa bati Pachecoren aurrean baloia eskuinez bikain gurutzatzeko. Iñaki bere anaia Nicorekin besarkatu da 0-1ekoa egin bezain laster, bien artean dagoen harreman sanoa eta bikaina berriro ere agerian utziz.

Gol hau oso ondo etorri zaio Athletici. Bereak egiten jarraitu dute zuri-gorriek. Adibidez, Sancetek ondo lapurtu du baloia, Vesgari pasa egin dio eta bere jaurtiketa Pachecoren eskuetara joan da. Edo Guruzeta behera jaitsi denean, baloia zelai erdian ezkerrean berreskuratu duenean eta beste aldera bidali duenean baloia, Iñaki Williamsi, honek metroak egin zitzan aurrera. Aukera izan du Athleticek hor, baina azkenean ezertan geratu da jokaldia baloia area barruan paseatu ostean.

Sancetek beste aukera bat izan du 37. minutuan, baina bere burukada Pachecoren eskuetara joan da. Lau minutu beranduago iritsi da Espanyolen lehen aukera, Joseluk area kanpotik eskuinez egindako jaurtiketa gutxigatik kanpora joan denean.

Athleticek jokoa kontrolatuta zirudienean, partida erabat alda zezakeen jokaldi bat iritsi da. Izan ere, Dani Garciak bigarren txartel horia ikusteko gertu egon da. Epaileak jokaldia jarraitzen utzi du eta segituan Sanceti adierazi dio falta eta txartela. Zumarragako erdilariak suarekin jokatu du.

Atsedenaldira iritsi baino pixka bat lehenago, Braithwaitek gola egin du, baina epaileak VARa kontsultatu behar izan du berdinketa baliogabetzeko. Izan ere, golegileak balioa jo aurretik Joseluk baloia besoarekin ukitu du.

Kontrolatua izatetik sufritzera

Bigarren zatian asko aldatu dira gauzak, baina gehienbat azken unean. Ordurarte, aldiz, Athleticek nahiko kontrolatuta izan du neurketa eta "arazo larriena" Oscar de Marcosek eta Dani Garciak zuten txartel horia zen. Guardiako hegalekoak ezin izango du Realaren aurkako derbia jokatu eta Valverdek azkenean bi jokalariak aldatzea erabaki du. Hala, Ander Herrera bueltatu egin da eta Paredes gazteak ere bere minutuak izan ditu.

Aurretik, ordea, entrenatzaileak Muniain eta Nico Williams zelairatu egin ditu, eta bikain atera zaio erabakia Valverderi. Williams anai txikiak inork baino arantza handiagoa zuela zirudien astean zehar sare sozialetan zaleekin izandako liskarrengatik. Bada aurrelariak bikain erantzun die kritika eta irain guztiei, gol eder batekin 0-2koa eginda.

75. minutua zen eta bazirudien dena kontrolpean zuela Atheticek. Baina dena okertu egin da, edo bide hori hartu du neurketak, Darderrek 91. minutuan 1-2koa egin duenean. Unai Simonek ezin izan du burukada batean baloia harrapatu eta alderatzeaz baliatu da Espanyoleko kapitaina aldeak murriztu eta zuri-gorriak urduri jartzeko.

Baina Espanyoleko beste jokalari batek apurtu ditu haien esperantza guztiak. Aleix Vidalek bi txartel jarraian ikusi ditu, falta egiteagatik eta protesta egiteagatik jokaldi berean, eta gizon bat gutxiagorekin geratu dira etxekoak azken minutuak jokatzeko. Markagailua ez da aldatu eta Athleticek arantza ondo kendu du partida serioa eginda.