Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Itsasargia: erabakitzeko eskubidea gauzatzeko proposamen politikoa plazaratu du Gure Eskuk

Herri burujabea izateko, hiru ardatz uztartu behar direla uste du Gure Eskuk: erabakitzeko eskubidea erabiltzea, burujabetzak lantzea eta lurraldeen arteko lankidetzan sakontzea. Eginkizun kolektibo gisa ikusten du hori herri mugimenduak, Itsasargia izeneko adierazpen politikoan nabarmendu duenez.

Adierazpena Irantzu Perello abokatuak eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak irakurri dute.
Adierazpena Irantzu Perello abokatuak eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak irakurri dute. (Gure Esku)

Gure Eskuk larunbat honetan Irungo Ficoban egindako Itsasargia nazioarteko konferentzia baliatu du izen bereko eztabaida prozesuaren ondoren adostutako proposamen politikoa plazaratzeko. Hurrengo urteetan herri mugimendu honek jarraituko duen bidea zehazten du dokumentu horrek.

Duela hamar urte sortu zen Gure Esku. Lehen agerraldia Ficoban egin zuten hain justu, aldarrikapen bat eta erronka bat plazaratzeko: «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da», izan zen euren aldarrikapena. Erronka, berriz, Durango eta Iruñea lotuko zituen giza kate bat osatzea. Helburu argi batekin abiatu zen Gure Esku: euskal herritarron erabakitzeko eskubidea erabiliz, gure etorkizun politikoa erabakitzea.

Azaldu dutenez, euskal herritarron gehiengoak erabaki nahi du zein izanen den bere etorkizuna. Are gehiago, etorkizuna erabaki ahal izatearen helburua guztiz demokratikoa da: Euskal Herriko herritar ororentzat da baliagarria. Adierazpena Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak eta Irantzu Perello abokatuak irakurri dute.

Egindako bideaz harro

«Nahi bezain urrun iritsi ez bagara ere, balio handia ematen diegu elkarrekin egindako urratsei, eta harro gaude Gure Eskuk egindako ekarpenaz», aitortu dute. Gogoan dituzte Durango-Iruñea giza kate erraldoia (2014), Zurriolako mosaiko ikusgarria (2014), aldi berean lau estadiotan eta zezen plaza batean bildutako jendetza (2015), Donostia-Bilbo-Gasteiz bigarren giza kate erraldoia (2018), 208 herritan egindako galdeketak (2014-2019), Kataluniako herriarekin elkartasunez eta demokraziaren eta bozkatzeko eskubidearen alde egindako hamaika mobilizazioak, hainbat eragilerekin elkarlanean sustatutako Hamaika Gara erreferendumaren aldeko egitasmoa (2020-2021) eta, azkenik, Pirinioetako 300 gailurren argiztapena.

«Hauek eta hainbat gauza gehiago egin ditugu, elkarrekin, adostasunak ehunduz eta ilusioarekin».

Giro berri bat eragin

Hamar urteotan, «erabakitzeko eskubidearen aldeko giro berri bat eragin» dutela uste dute. «Zoru amankomun bat osatzen eta elkarbizitza hobetzen lagundu» dutelako ere pozik daude.

Hamargarren urteurrenaren atarian, Gure Eskuko kideek gogoeta egin dute orain arte ibilitakoaz eta aurrera begirako bideaz. Itsasargia deitu diote gogoeta prozesuari, bidea eta norabidea argitzeko beharra sentitu dutelako.

Hiru ardatz

Gogoeta horretan hiru ardatz zehaztu dituzte, elkarren artean lotuak. Lehena: «Etorkizuna aske erabakitzea gure herrian errotutako borondatea da. Baina ez da soilik printzipio kontu bat. Premiazko kontu bat ere bada. Egungo eta etorkizuneko erronka kolektiboei behar bezala erantzuteko, edota herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko, premiazkoa da erabakitzeko ahalmena areagotzea».

Bigarrena: «Herri ikuspuntutik, burujabetza esparruak irabazi behar ditugu. Burujabetza esparru materialak gureganatzeak estatus politiko burujabea lortzen lagunduko dio gure herriari. Era berean, urrats burujabeak egitea eta arnasgune burujabeak eraikitzea gakoa izango da burujabetza osoa lortzeko».

Eta hirugarrena: «Euskal lurralde guztietako herritarron arteko lankidetzan sakondu beharra nabarmendu nahi dugu. Elkarren ondoan bizi gara, lotura estuak ditugu eta arazoak eta erronkak partekatzen ditugu. Elkarren arteko lankidetza areagotu behar dugu: harreman gehiago, proiektu bateratu gehiago, baliabide gehiago. Lankidetza areagotzea, ziur gaude, onuragarria izango da Euskal Herriko lurralde guztietako herritarrontzat».

Herri burujabea izateko, aipatutako hiru ardatzak nolabait uztartzea funtsezkoa iruditzen zaio Gure Eskuri. «Uztarketa hori eginkizun kolektibo bat da. Guztientzat dago zeregina, herritar izan edo eragile izan. Bakoitzak izan dezake bere egitekoa. Gure Eskuk, berea. Gure zeregin nagusia euskal herritarrok dugun erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde aritzea da».

Horretan lanean segitzeko konpromisoa agertu du Gure Eskuk, mobilizazio berriak antolatuz, herriz herri gehiengo sozio-politikoak eraginkor izan daitezen bilatuz eta herri nortasuna eta erabakitzeko nahia nazioartean zabalduz, besteak beste.