Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Habi proiektua: iraupen luzeko altzari bat mundu azkar honetan

Mondragon Unibertsitateko ikasleen proiektuen artean oihartzun handiena izan duenetako bat da Habi: sehaska eta jantzitegi bat. Gogoeta bultzatzen du, ohituta gauden horretatik ateratzen delako eta iraupen laburreko altzari bati bizi berri bat ematen diolako.

Habi proiektuan lan egin duten MUko lau ikasleak, Natale Armendariz, Jon Calleja, Nora Etxebarria eta Ane Ozkoidi, altzaria sortzeko prozesuko hainbat etapatan. Azken irudian, emaitzarekin. Sehaska eta jantzitegia, biak altzari berean.
Habi proiektuan lan egin duten MUko lau ikasleak, Natale Armendariz, Jon Calleja, Nora Etxebarria eta Ane Ozkoidi, altzaria sortzeko prozesuko hainbat etapatan. Azken irudian, emaitzarekin. Sehaska eta jantzitegia, biak altzari berean. (Uxío DA VILA)

Natale Armendariz, Jon Calleja, Nora Etxebarria eta Ane Ozkoidi Habiren gurasoak badira, Maitane Mazmela izeba da. Eta Armendarizekin eta Mazmelarekin, biekin elkartu da GAUR8 sehaska moldagarri hau ezagutzeko.

Kuma izatetik jantzitegi izatera pasatzen den altzaria da. Erronka proposatzera etorri zitzaien Ahec enpresa Mondragon Unibertsitatera: egurrezko altzari bat diseinatu behar zuten Slow Furniture for fast change egitasmoaren barnean. American Harwood Export Councilek antolatutako ekimena da, eta gazte sortzaileen artean diseinua ulertzeko modu askoz ere kontzienteago eta konprometituago bat eta produktuen iraunkortasuna sustatzea ditu xede. Zura da protagonista. Bederatzi proiektu aukeratu dituzte; tartean, Mondragon Unibertsitateko lau gaztek -Armendariz, Calleja, Etxebarria eta Ozkoidi- osatutako taldearena. Mazmela izan dute tutore.

Lehenik, merkatua aztertu zutela oroitu du Armendarizek; zer eskaintza zegoen begiratu eta gehienek egitura zehatz bat segitzen zutela ohartu ziren. «Sehaska izatetik mahai edo ohe handiagoa izatera pasatzen ziren, baina estetika bera zuten. Hortik atera nahi genuen, sehaskaren oinarriaren itxura aldatu eta beste funtzio bat eman».

Hala sortu dute jantzitegi bat, bizi osoan irauteko modukoa, helduentzat pentsatua, apalekin, esekitokiekin eta azpian poltsak eta zapatak uzteko lekuarekin.

Ezberdina eta minimalista

«Sehaska oso sinplea da, ez du gauza handirik, eta hori da entitatea, nortasuna ematen diona», definitu du irakasleak. Egurrezko bi hanka ditu eta erdian harizko oihal bat, koltxoi berezi batekin. «Ezberdina da. Diseinu minimalista».

«Zer pentsatua ematen du», erantsi du Natalek, «ohituta gauden horretatik ateratzen baita. Oso iraupen motzeko altzaria da sehaska eta hori birplanteatzen du. Haur-aulki moldagarriak badira; aulki bilakatzen dira. Sehaskaren kasuan, ordea, ez zegoen ezer».

Slow egitasmoaren haritik jaio da Habi. Hain azkar mugitzen garen mundu honetan, iraupen luzeagoko altzari bat diseinatzea da asmoa, haritz gorria, astigarra, gereziondoa edota tulipa amerikarra erabilita. MUko ikasle taldeak astigarra baliatu du.

Kuma iraupen mugatuko produktua izanik, potentziala ikusi zioten. Horrexegatik aukeratu zuen unibertsitateak ere, ematen zituen aukerengatik, Ahec enpresarentzat baliagarria izan zitekeelakoan.

Lehen etapa horretan, hiru tutorek lagundu zieten kontzeptua garatzen. Estatu mailako puntako diseinatzaile batzuekin eskuz esku lan egin zuten; Jorge Penadesekin, adibidez. Gero, La Navarra enpresak fabrikatu zuen prototipoa. Unitate bakarra dago momentuz. Madrilgo erakusketa batean aurkeztu zuten, Fernan Gomez kulturgunean. Hilabetez egon zen ikusgai.

Sehaska berezi honek zer bide eginen duen galdetuta, «kontatuko dut?» galdegin dio Natalek Maitaneri, irribarre konplizez. «Proposamenak jaso ditugu, eta gogotsu gaude. Baloratzen ari gara, jabetzaren inguruko kontuez enteratzen», erran du.

«Helburua mugitzea eta erakustea da, baina ez dakigu ziur», gaineratu du irakasleak.

Mondragon Unibertsitatean lan asko egiten dituzte taldeka eta Habi ere horrela sortu dute, akademian bertan aurkezteko proiektu gisa hasieran, Mazmela bera tutore zela.

«Sekulako esperientzia»

«Slow egitasmoan aukeratu gintuztenean, Jorge Penades Madrilgo diseinatzailearekin ordu erdiko bilerak egiten hasi ginen astero. Hobetzeko puntuak esaten zizkigun. Kontzeptualki funtzionatu arren fabrikatzean sor zitezkeen arazoen inguruan ere asko lagundu zigun. 2022ko otsail-martxoan hautatu eta azarora arte luzatu zen proiektuaren garapena eta fabrikatzea», zehaztu digu sortzaile gazteak.

Industria Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza ikasten ari da, eta «sekulako esperientzia» izan da berarentzat Habi altzaria sortzeko bide osoa. «Unibertsitatetik ateratakoan zein aukera dauden ikusten duzu, zer jende mugitzen den, nola funtzionatzen duen. Oso aberasgarria izan da».

«Gure unibertsitatea desberdintzen duen gauzetako bat da proiektu errealetan aritzea», agertu du irakasleak, «industriatik gertu». Lan akademiko bat zen hau, produktua diseinatzeko metodologia propioa zuena, baina ikasleek fabrikazio prozesua nolakoa zen eta atzeko gauza guztiak ere ikustea nahi zuten.

«Diseinatzaileekin kontaktatzeko aukera izan dute, erakusketa batera salto egitean zer gauza hartzen diren kontuan ikasi dute, argazki saioak egin dituzte sustapenerako... Errealitate puntu bat egon da proiektuaren hasiera-hasieratik garapen eta salmentaraino».

Elkarrizketak ere egin dituzte. Oro har, feedback ona izan dute, asko zabaldu da.

«Hemen proiektu pila bat ateratzen ditugu aurrera. Batzuek oihartzun handiagoa dute, besteek txikiagoa, eta hau oihartzun handiena izan duenetako bat da», baieztatu du Maitane Mazmelak.

Natale Armendarizek ez du argi bere etorkizuna. «Diseinua gustatzen zait; esperientzia hau izan ostean, are gehiago. Arlo industriala baino, altzariak ditut gogokoago». Bide luze eta ederra opa diegu Habiri eta lau sortzaileei!