NAIZ

Eusko Ikaskuntzak eta Olaso Fundazioak «hedabideak eta euskal nazioa» gaia aztertuko dute

Lankidetza-hitzarmena sinatu dute Eusko Ikaskuntzak eta Olaso Dorrea Fundazioak. Lehenengo ekimena ‘Hedabideak eta euskal nazioa’ deituriko lan programa bat abian jartzea izango dela jakitera eman dute.

Eusko Ikaskuntzako eta Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak.
Eusko Ikaskuntzako eta Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak. (Eusko Ikaskuntza)

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Iratxe Esnaola Arribillaga Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Hitzarmen horrek bi erakundeak lotuko ditu datozen urteetan, eta proiektuak batera garatzeko aukera emango die.

Lehenengo ekimen gisa, akordioak ‘Hedabideak eta euskal nazioa’ deitu duten lan programa abian jartzea ezartzen du. Nazioa batez ere komunikazio-espazio gisa ulertuta, proiektu honen inguruan Euskal Herriaren errealitatea erreferentziazko esparru bateratu gisa jorratzen duten hedabideei dei egingo zaie, ekimenean parte hartu dezaten, nahi izanez gero.

Lurraldetasunari edo koronimoei, hau da, herrialdearen eta bere lurraldeen izenei gaur egun ematen zaien tratamendua aztertzea izango du helburu programak, besteak beste eguneroko komunikazioa hobetzeko. Bigarren fasean, emaitzak komunikabideekin partekatu nahi dituzte eta jarraitu beharreko urratsak elkarrekin finkatuko lirateke.

Azaldu dutenez, gaur sinatutako hitzarmena datozen lau urteetan egongo da indarrean, eta epe berdinetan luzatu ahal izango da. Urtean behin, gutxienez, Eusko Ikaskuntzako eta Olaso Dorrea Fundazioko TmeLab laborategiko ordezkariek osatutako jarraipen batzordea bilduko da.