Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Iratzetik Paperera, bioekonomia sozialeko proiektu bat Malerrekan

Iratzetik Paperera egitasmoak askotariko eragileak batu ditu: Malerreka Common, Tecnalia, Don Bosco, Iruñeko Salesianos eta Conexiones Improbables. Herritarrak eta erakundeetako teknikariak ere bildu dira. Garotik papera egitea lortu dute, baina ez da hori bi urteko bide honen baliorik handiena.

Papera egitera gonbidatu dituzte herritarrak Sunbillan, eta hauek ilusioz parte hartu dute.
Papera egitera gonbidatu dituzte herritarrak Sunbillan, eta hauek ilusioz parte hartu dute. (Iñigo URIZ | FOKU)

Sunbillako udaletxearen arkupean koaderno, orri markatzaile eta argazkiak jarri dituzte, Iratzetik Paperera proiektuaren erakusgarri. Ur ontziak, prentsa, iragazkiak eta orriak lehortzeko pintza eta sokak ere badira, papera egitera gonbidatu baitute jendea. Azaldu dutenez, edozein landarerekin egin daiteke papera, eta eurek ez dute errazena aukeratu. Belazeak zaintzen ez badira iratzea ateratzen da lehenengo, eta gero otea. Malerrekan irazelai ugari dago, eta erabilpenik gabe gelditu den lehengai honi irtenbide bat ematen saiatu dira, hainbat eragile eta balio uztartuz.

Iratzea bildu dute mendietan, eta papera egitea lortu dute. Tecnaliak mikro-nano fibrak eskuratu ditu garotik. Inork ez zuen halakorik egina.

Bi urtez aritu dira elkarlanean, gozatuz, eta bidea ez da bukatu, ikertzen segituko dute. Otearekin probatuko dute, loreontziak egiteko asmoa ere badute. Ship2b fundazioak 63 proiekturen artean bederatzi aukeratu ditu bultzada emateko eta horien artean dago Iratzetik Paperera. Azken helburua eskualdean tailer bat sortzea litzateke, papera, loreontziak edo egoki ikusten duten bertze zerbait egiteko. Malerreka Common kooperatiban hamabost langile dira, horietatik bederatzi bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak, eta lan berriak eta onak behar dituzte eurentzat.

Malerreka Commonek luxuzko bazkideak izan ditu proiektuan: Tecnalia, Don Bosco, Iruñeko Salesianos eta Conexiones Improbables. Hagitz ezberdinak dira eta lehendabiziko urratsa elkar ezagutzea izan da. Ezagutzak partekatu dituzte; bioekonomia soziala egin dute, era jasangarrian; Lanbide Heziketako ikasleei eta Malerrekako biztanleei tresnak ematen ahalegindu dira, ideiak garatzeko eta enpresak sortzeko; antzinako jakintza –papera eskuz egitea eta iralekuak kudeatzea– berreskuratu eta berritu dute, teknologiekin lotuz; eta sormena aplikatu dute.

Basoaren kudeaketarekin kezkatuta

Sunbillan bildu dira partaide guztiak. Erakusketa, papera egiteko tailer bat eta luntxa izan dituzte. Herritar ugarik parte hartu du. Kezka dute basoaren eta belazeen kudeaketarekin. Bizilagun batek esplikatu digunez, badira baserriak baina behi gutti dituzte, arbolek ere ez dute aski ematen. Aitarengandik txukun-txukun jaso zuen lurra arazo iturri bilakatu zaio. Pena handia sentitzen du, eta ondare hau baloratu behar dela aldarrikatu du.

Amets Inda alkateak egin die denei ongietorria, eta bazkideak mintzatu dira ondotik. Isabel Elizalde Malerreka Commoneko kidea da. Orain dela bi urte jarri ziren martxan ohiko lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei lana eta laguntza emateko. Lorezaintzan eta garbiketan aritzen dira. Egunotan bide berdea txukuntzen ari dira, adibidez. Berrikuntza soziala egin nahi dute eskualdean, bertan «hagitz ongi bizi eta lan egiten delako».

Langileak eta ikasleak, batera

Mikel kooperatibako langilea da. Bi urteotan ikasleekin lanean aritu denean, haietako bat gehiago sentitu dela adierazi du. Zerbait ezberdina egin dute baina natural joan da dena. Irakasleek ikasleen esku utzi dute ezagutza transmititzeko ardura eta horrek konfiantza eta segurtasuna eman die. Ikasketan parte hartu dute.

Iratzetik Paperera proiektuko familia argazkia, Sunbillako zubi zaharrean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Don Boscoko irakaslea da Mentxu Aiertza. Errenterian du zentro honek egoitza nagusia, baina Tolosan ere badute bertze bat eta bertakoek hartu dute parte Iratzetik Paperera egitasmoan. «Malerrekatik iratzea jaso, eta zurtoina moztu diogu. Bertan dago zelulosa gehiena. Tratatu egin dugu, pasta lortu eta papera egiteko. Iratzearen papera oso iluna denez, landare argiago batzuk nahasi dizkiogu. Paperaren beste erabilpen batzuk ere esploratu ditugu, ez baita idazteko bakarrik, artistek balia dezakete adibidez».

Ikasleak ere etorri dira aurkezpenera eta, baieztatu digutenez, gustura aritu dira lanean.

Mikro eta nanofibrak, lehendabizikoz

Tecnalia Estatuko berrikuntza aplikatuko eta garapeneko teknologia zentrorik handiena da. 1.500 langile ditu Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba artean. Zelulosako Sailean, iratzearen zelulosa zuntza hartu eta txiki-txiki egin dute. Mikro eta nanofibrak eskuratu dituzte lehendabizikoz. Etorkizuneko material bilakatzen du horrek iratzea, propietate berriak eskaintzen dituena hainbat arlotan aplikatzeko, paketatze eta bioplastikoetan kasu.

Miren Garate Iruñeko Salesianos eskolatik etorri da. Erran duenez, irakasleen artean badira paper ingeniari batzuk, eta eskaintza jaso zutenean buru-belarri sartu ziren proiektu honetan. «Gozamen hutsa izan da». Lanbide Heziketan badute arte grafikoen arloa eta bertako ikasle talde batek hartu du parte egitasmoan, hasiera-hasieratik. «Inoiz ez zuten ikusia nola egiten zen papera. Ikasgai guztiak iratzera bideratu ditugu. Kokoteraino bukatu dute garoaz! Baina ederra izan da eurentzat».

Logotipoa diseinatu dute, eta inprimatzeko teknika ezberdinak probatu dituzte. Digitala eta serigrafia aukeratu dituzte, eta koadernoak egin dituzte.

Conexiones Improbables berrikuntza aholkularitza txiki bat da. Hamar kide ditu baina nazioartean egiten dute lan eta tokiko proiektu hau hagitz aberasgarria izan da eurentzat Itziar Puentek azaldu duenez. Hibridazioa eta berrikuntza irekia dira definitzen dituzten ezaugarriak.

Jarraipena

Udalak proiektuaren jakitun direla adierazi du Malerreka Commoneko kideak. Sunbillakoa, adibidez, hasieratik izan dute lagun. Malerrekako Mankomunitateko ordezkariak etorri dira ekitaldira, Nafarroako Gobernuko eta Cederna-Garalurreko teknikari ugari ere bai.

Zein izanen da proiektuaren hurrengo urratsa? Isabel Elizaldek defendatu duenez, basoaren kudeaketak Nafarroako Gobernuaren ingurugiro estrategiaren parte inportante bat izan beharko luke. «Guk ez dugu ahaztu nahi zer garen. Enplegu berriak sortu nahi ditugu dauden baliabideekin, lurraldearen errealitatera ahalik eta gehien egokituta eta inori trabarik egin gabe». Lur honetako biztanle bezala, lana izatea nahi dute, bertan bizitzen segitu ahal izateko.