NAIZ

Bizkaiak lortu du Gasteizen jokatuko diren GRABNI-ko finaletarako txartelik gehien

Bizkaitarrek 29 final jokatuko dituzte ezker paretean eta 8 trinketean; azken urteetan txapelak jantzi dituzten nafarrek, aldiz, 21 frontoian eta 13 trinketean.

Xabi Iribarren arabarrak eskuz banakako nagusien mailako finala jokatuko du.
Xabi Iribarren arabarrak eskuz banakako nagusien mailako finala jokatuko du. (Ramon URBINA/FAPV)

Azken urteotan GRABNIan Nafarroak izan duen nagusitza kolokan jartzeko moduan da Bizkaiko taldea. Momentuz behintat, bizkaitarrak dira asteburu honetan Gasteizen jokatuko diren finaletarako txartelik gehien lortu dituzten pilotariak. Denera, jokatuko diren 60 finaletatik 37 tan ariko dira pilotari bizkaitarrak (29 ezker paretean eta 8 trinketean), nafarrak 34 izango dira (21+13), gipuzkoarrak 29 (23+6), Iparraldekoak 10 (2+8), arabarrak 8 (7+1) eta errioxarrak 2 (0+2).

Frontoia da bizkaitarren gotorleku nagusia, denera jokatuko diren 42 finaletatik 29tan izango baitituzte ordezkariak bizkaitarrek. Modalitate bat nabarmentzearren, emakumeen esku pilota eta zesta punta, gizon zein emakume, aipatu beharko lirateke, jokatuko diren final guztietan bizkaitarren ordezkariak izango baitira. Ezker paretan Gipuzkoak (23) ere aurrea hartuko lioke Nafarroari (21) final kopuruari dagokionean.

Nafarroak trinketean eusten du

Nafarroak, bere aldetik, trinketean jarraitzen du indartsuen, denera jokatuko diren 18 finaletatik 13tan izango baitira pilotari nafarrak. Gainontzekoei dagokienean, Bizkaia eta Iparraldek zortzina finaletan hartuko dute parte, Gipuzkoako seik eta etxean arituko den arabar bakarra.

Final hauek guztiak datorren Gasteizen jokatuko dira, ostiral arratsaldean hasi eta larunbatean egun guztian zehar luzatuko den jardunaldi trinkoan. Partida gehienak Mendizorrotzako frontoietan jokatuko dira, baina Abetxukoko pilotalekun eta Astronomos eta Maitenako trinketeetan ere izango dira partidak.